Modan dira egun ihes gelak eta horietako bat bada Getarian, Juan Sebastian Elkano itsastar euskaldunaren abenturak oinarri dituena. Gelan sartu eta abenturaz beteriko hainbat erronkari erantzunez bertatik atera behar du parte-hartzaileak. Ihes gela horien atzean, baina, sormen eta eraikuntza lan handia dago.
Elkano ihes gelaren arduraduna da Olaya Landa eXperientziak elkarteko kidea. Escape room-a oinarri duen plataforma garatzeko harremanetan jarri zen Oteitza Lizeo Polikteknikoan TKgune lantaldeko Aratz Etxeberria eta Iñigo Mujika irakasleekin. “Kasualitatez, Iñigo ezagutu nuen, eta proposatu nion buruan nuen ideia hori ea nola ikusten zuen. Gauzatzea zegoela ikusi zuten eta hortik hasi ginen”, azaldu du Landak hiruen arteko solasaldian.
Mugimendua simulatzen zuen sistema bat garatzea zen asmoa. TKgune programaren baitan, enpresa txiki nahiz ertainentzat berrikuntza aplikatuko proiektu ugari egiten dira, Lanbide Heziketako irakasleek, enpresekin lankidetzan, proiektu zientifiko nahiz teknologikoak garatzen dituztelarik. 49 ikastetxek parte hartzen dute sarean eta horietako bat da Zarauzko Oteitza Lizeo Politeknikoa.
“Helburua da, irakasle bezala, proiektu horietan ikastea eta ondoren ikasleei transferentzia egitea”, azaldu du Mujikak. Landa ikastetxera bertaratu eta proposamena egin zien bi irakasleei. “Gure makineriaren eta dedikazioaren arabera, erabaki genuen zein proiektutan parte hartu. Gogoratzen dut hasiera batean dena domotizatu nahi zutela, jolasak diseinatu, sentsoreak ezagutu... Teknologikoki erronka garrantzitsuak ziren eta animatu ginen mugimendu simulatzailea egitera”.
Iñigo Mujika: “Helburua da, irakasle bezala, proiektu horietan ikastea eta ondoren ikasleei transferentzia egitea”
Hala, simulatzailearen diseinu, ekoizpen eta muntaiaz arduratu ziren Mujika eta Etxeberria. Zehazki, Mujika arduratu zen diseinuaz eta kudeaketaz eta Etxeberria fabrikazioaz eta muntaiaz. “Urtebete behar izan genuen proiektua egiteko. Planteatzen hasten denetik, hura bukatu eta ziurtatu arte pauso pila bat eman behar dira”, argitu du Etxeberriak.
Landak gogoratu du, halaber, sorkuntza prozesu bat ere izan zela: “Ez da ohituta egitera dauden zerbait. Jostun batengana joan ginen, eta trajea modu jakin batekoa izatea nahi genuen, baina ez genekien zein material behar zen. Ikusten genuen kanpotik nola nahi genuen izatea, baina barruko tripa horiek guztiak zerotik hasi behar ziren”.
Erronkak eta buruhausteak
TKgune programaren barruan, industria esparruko proiektuak gauzatu dituzte batik bat Oteitza lizeoko irakasleek, eta, beraz, ez zuten sekula egin ihes gela baten tankerako lanik. “Gu industria arloko proiektuak egitera ohituta geunden. Kasu hau oso polita izan zen. Gremio ugarirekin egin genuen lan”, kontatu du Mujikak.
Proiektuaren lehen zatia ikastetxean garatu zuten eta gero muntaia ihes gelan bertan. Erronka handiena, ordea, diseinua izan zen, halako egitura bat diseinatzera ez baitzeuden ohituta. “Simulatzaileari mugimendua sortzeko transmisio sistemak, esango nuke hori izan zela erronka nagusia”, dio Etxeberriak. “Ez da berdina zure zentroan egitea pieza batzuen arteko muntaia edo kanpoko lokal batera joan eta han hastea ikustea zer falta zaidan edo zer behar dudan”.
Aratz Etxeberria: “Simulatzaileari mugimendua sortzeko transmisio sistemak, esango nuke hori izan zela erronka nagusia”
Beste erronka bat simulatzailearen translazioa burutzea izan zen. Buruhauste asko izan zituzten: “Lehenengoan uste genuen ondo garatu zela, ondo zebilela, eta arazotxo bat izan genuen jolas baten erdian. Gero konturatu ginen ondo egin genuela uste genuen zerbait ez genuela hain ondo egin. Berriro modifikatu eta aldaketak txertatu behar izan genituen”, dio Mujikak.
Esperientziaren segurtasuna ere bermatu beharra zegoen. “Sistema pentsatuta dago momentu baten zerbait pasatzen bada gelditzeko. Segurtasun hori guztia ere kontua hartu dugu. Azkenean makinekin ari gara lanean eta pertsonak daude hor barruan”, gogoratu du Landak.
Ihes gela aurrerakoia
Landaren hitzetan, “ume bat sortuko balitz bezalako” sentsazioa izan zuen ihes gela eraikitzean. “Aurrerakoia da escape roometan. Teknologikoa. Escape room teknologikoak ez daude hainbeste”, esan du. Gaineratu du mundu mailan 25. ihes gela izendatu zutela orain hiru urte, “lana izugarria izan da”.
Baina ez da diseinua soilik. Ihes gela batean giroa sortu beharra dago. “Gu esperientzia sortzaileak gara” adierazi du Landak. Dekorazioa, sentsoreak, usaina, altzairuak… dena kontuan hartu beharra dago. Hori guztia gainera espazio mugatu batean. “Toki txikietan ahalik eta gauza handienak sartzea izan zen beste erronka bat”, nabarmendu du Etxeberriak. “Getariako errementaria etorri zen eta guztia soldatu zuen guk makina ez genuelako. Hori guztia eginda, guk gure sistema eraman eta muntatu egin genuen”, gehitu du Mujikak.
Olaya Landa: “Aurrerakoia da 'escape room'-etan. Teknologikoa. Escape room teknologikoak ez daude hainbeste”
56 gremiok parte hartu zuten guztira proiektuan: zurginak, elektrizistak, pintoreak… “Fidatu gara bakoitzak dakienetik. Bakoitza da maisua berean, eta askotan ere delegatu egin dugu”, esan du Landak.
Galtzeko moduko esperientzia
TKguneko parte diren ikastetxeekin eta irakasleekin halako proiektu bat garatzeko gomendioa egin die Landak beste enpresa txiki eta ertainei. “Enpresa batek zerbait sortu nahi badu, baina ez badaki nola egin, aukera hau aprobetxatu dezake”, adierazi du.
Mujikarentzat esperientzia “oso-oso polita” izan da. “Erronka bat izan zen eta ikusten genuen pixka bat forma hartzen ari zela. Egin dugun proiektuetatik oroitzapen politenetakoa dudana da nire kasuan behintzat”, azpimarratu du. “Buruko min gehien eman digunetako bat ere” gehitu du Etxeberriak. Ihes gela jada martxan zela Mujika bertan izan zen. “Pentsa zenbat denbora egon zen lehenago espazioan, eta oso galduta zegoen”, amaitu du Landak.
-
Esteka honetan entzun dezakezu solasaldi osoa.