Ikerlanek 30,8 milioi euroko fakturazioarekin itxi du 2023a, %10eko igoera izan du aurreko urtearekin alderatuta. Zentro teknologikoak adierazi duenez, "inoizko emaitza onenak" dira, eta nabarmentzekoa izan da transferentzia proiektuen ekarpena, horiekin 16 milioi euro fakturatu baitira, 2022an baino %15 gehiago. Hirugarren urtez jarraian, digitu bikoitzeko emaitza lortu du Mondragon korporazioko zentroak.
Ohar bidez Ikerlanek azaldu duenez, aurten 46 lagun gehiago kontratatu dira eta beste 18 lagun bazkide egin dira. Junior langileen prestakuntzan egindako inbertsioa ere azpimarratu dute, bi milioi eurokoa.
Bestalde, iazko beste mugarri garrantzitsu batzuk ere azpimarratu nahi izan ditu Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kide den zentro teknologikoak. Bilbon egoitza berria irekitzeaz harago, industriako zirbersegurtasunean, energia elektrikoaren biltegiratzean eta adimen artifizialean hiru start-up berri martxan jarri zituzten.
Ion Etxebarriak, Ikerlaneko zuzendari nagusiak, emaitza hauek txalotu ditu Arrasateko Amaia Udal Antzokian egin den Ohiko Batzar Nagusian: “Emaitza hauek berresten dute enpresekiko jardunaren diru sarreretan etengabe hazteko eta transferentziaren diru sarreren ratioa indartzeko gure Plan Estrategikoan definitutako estrategia, enpresei ahalik eta baliorik handiena emateko eta lehiakortasunean eta enplegu sorretan laguntzeko asmoarekin definitu dena”.
Aurten 50 urte bete ditu Ikerlanek eta urtemuga ospatzeko ekintza eta jarduera sozial zein instituzionalen programa zabala duela azpimarratu du zentro teknologikoak.