Ikerlanek badu presidente berria: Adolfo Plaza

Jose Miguel Lazkanotegiren lekukoa hartuko du hark lau urteko agintaldia amaitu ondoren. Plazak Laboral Kutxako lehendakari izaten jarraituko du

Adolfo Plaza, Ikerlaneko lehendakari berria | Argazkia: Ikerlan Adolfo Plaza, Ikerlaneko lehendakari berria | Argazkia: Ikerlan

Adolfo Plaza Izagirre (Bilbo, 1978) Laboral Kutxako presidentea, Ikerlaneko presidente berria da, zentro teknologikoko Kontseilu Errektoreak hala aukeratuta. Plazak Jose Miguel Lazkanotegi Oronako Berrikuntza Teknologikoko zuzendari korporatiboaren lekua hartuko du, haren lau urteko agintaldia amaitzen denean.

Plaza Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da eta Zuzendaritza aurreratuko masterra du Deustuko Unibertsitatean. Ikerlanek ohar bidez azaldu duenez, "ibilbide profesionala EAEn egin du, kooperatiba munduari eta finantza sektoreari oso lotuta".

Deloitten hasi zuen ibilbidea eta ondoren Ipar Kutxan aritu zen erakunde nagusietan auditoretza zereginak eginez. 2013an Laboral Kutxarekin bat egitearen ondorioz, Mondragon kooperatibako eragiketa zuzendari kargua hartu zuen. Ostean, Laboral Kutxan hainbat ardura izan ditu: 2015ean hango Kontseilu Errektoreko idazkari eta Ikuskaritza Batzordeko kide izatera pasa zen eta ondoren, Plangintza eta Kudeaketa Kontroleko Departamentuko zuzendari postua bete zuen. 2019an Laboral Kutxako Zuzendaritza Batzordean sartu zen eta iaz, Laboral Kutxako presidente izendatu zuten.

Ikerlaneko presidente berria pozik agertu kargua hartu berritan: “Bereziki ilusionagarria da Ikerlanek 50. urteurrena egiten duen urtean hartzea hango presidentetza, eta haren jatorrian Laboral Kutxak izan zuen zeregina aitortzeko modua". Halaber, goi mailako prestakuntza duten 400 profesional baino gehiagoko taldearekin batera, puntako arlo teknologikoetan lan kooperatiboa sortzen jarraituko duela, eta ezagutza profesionalak gure ingunera transferitzeari lehentasuna emango diola azpimarratu du.

Bestalde, Ikerlanen izenean, Kontseilu Errektoreak eskerrak eman dizkio Lazkanotegiri, presidente izan den aldian zentro teknologikoari egin dion ekarpenagatik, eta, bide batez, ongietorria eman dio Plazari bere kargu berrian.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK