Industria birpentsatzen

‘Re-think industry’ jardunaldia izan da Donostian, industriaren eraldaketa digitalaren eta jasangarriaren inguruko hausnarketa egiteko

'Re think industry'ren irekiera ekitaldia | Argazkia: GFA 'Re think industry'ren irekiera ekitaldia | Argazkia: GFA

Eraldaketa digitalak eta ekologikoak, besteak beste, industria birpentsatzera bultzatzen du gizartea. Hain zuzen ere, helburu horrekin izan da Donostiako Kursaalen ‘Re-think industry’ jardunaldia, enpresa txiki eta ertainek berrikuntzaren arloan dituzten lorpenak eta erronkak partekatzeko, eta enpresa horiei lehiakortasuna indartzen laguntzeko. Orotara enpresen, eragile ekonomikoen, sektoreko elkarteen eta I+G zentroen 450 ordezkari inguru elkartu dira jardunaldian beraien esperientziak trukatzeko eta trantsizio digitalari eta ekologikoari lotutako erronkei arrakastaz aurre egin dieten enpresen kasuak ezagutzeko.

“Trantsizio digital eta ekologikoen potentzial eraldatzaile osoa guztion artean aprobetxatu beharra dago, etorkizuneko ekonomia eraikitzen jarraitzeko”, azaldu du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak jardunaldiaren hasieran. “Mundu mailan lehiatzeko gai izan diren enpresak utzi dizkigute gurasoek, eta gure seme-alabentzat ere ondare ona uzteko nola elikatu pentsatu beharra dugu”, gaineratu nahi izan du, isuri eta zabor gutxiago sortzeaz gain, produktu eta zerbitzu berriak ere pentsatu eta sortu beharra dagoela ohartaraziz.

Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuak, bere aldetik, berrindustrializazioan ez baino industria birpentsatzearen beharrean egin du azpimarra, eta horretarako politiken beharra aldarrikatu du. “Industria kultura sendotik gatoz, baina erronka handiei egin behar diogu aurre oraindik ere, hala nola, digitalizazioari edota energiaren erabilera efizienteari, eta hori eraginkortasun handiz kudeatu behar dugu lurraldearen lehiakortasunari eusteko”, azaldu du.

tempImageo1d5ym
'Re-think industry'ko mahainguruetako bat | Argazkia: EnpresaBIDEA

Hain justu ere, helburu horiek lortu asmoz egin den jardunaldian mahainguru bat baino gehiago izan dira, tartean, norbere prozesuak eraginkorrago bihurtzeari lotutakoa. AFM Cluster taldea izan du buru, eta Ekide, Gurelan eta Talleres Telleria enpresek hartu dute parte.

Eraginkortasunera bidean

‘Re-think industry’ren helburua izan da eraldaketa digitalaren eta jasangarriaren irismenak negozioetan nola eragiten duen ulertzen laguntzea. Eraldaketa horretan aurrerapausoak ematen hasiak dira zenbait enpresa, eta beste batzuk bidea urratzen hastear daude. Hala, prozesuetan egindako aurrerapausoen ondorioz lortu den eraginkortasunaz aritu dira Gurelan, Ekide eta Talleres Telleriako zuzendariak.

Jose Luis Romero: “Digitalizazioak berak bakarrik ez du zentzurik etekinik lortzen ez bada. Helburu bat lortzeko izan behar du, behar dugun zerbait izateko”

“Prozesuen eraginkortasunari esker, denborak murrizteaz gainera, energia-kontsumoa ere murriztu egiten da, aztarna eta hondakin gutxiago sortuz. Horretarako, ordea, datuak izatea eta aztertzea garrantzitsua izaten da. Digitalizazioak ere horretan laguntzen du, enpresak lehiakorrago egiten dituelako eta bezero eta merkatu jakin batzuei eusteko eta horietan sartzeko aukera ematen duelako”, jakinarazi dute.

Jesus Jara: “Eraldaketa propioan inbertsioa egitea beharrezkoa da, beste inork baino hobeto guk ezagutzen dugulako enpresa. Kanpora bila joan aurretik ezinbestekoa da zer daukagun eta beharrezko zer falta zaigun ongi identifikatuta izatea”

Hala ere, prozesuen eraginkortasuna aurkitzeko bidean, digitalizazioak dituen arriskuez ere ohartarazi dute, askotan eraginkorra izan ordez, kalterako ere izan daitekeelako: “Digitalizazioak berak bakarrik ez du zentzurik etekinik lortzen ez bada. Helburu bat lortzeko izan behar du, behar dugun zerbait izateko”, adierazi du Jose Luis Romero Talleres Telleriako zuzendariak, hori jakiteko enpresako datu egokiak izateak duen garrantzia azpimarratuz. Horri lotuta, oraindik digitalizaziorako eraldaketa prozesuari ekin ez dion enpresa bati “pixkanaka hastea” gomendatzen dio.

Baina, digitalizazioaren arazo nagusienetarikoa “ezagutza falta” dela uste du Jesus Jara Ekideko zuzendariak. “Teknologian ezagutzen ez ditugun gauza asko daude. Askotan kanpotik ekartzen dugu eraldaketarako laguntza, baina eraldaketa propioan inbertsioa egitea beharrezkoa da, beste inork baino hobeto guk ezagutzen dugulako enpresa. Kanpora bila joan aurretik ezinbestekoa da zer daukagun eta beharrezko zer falta zaigun ongi identifikatuta izatea”, azaldu du.  

Eneko Barrena: “Hobe da aukeraketa ona egitea, bestela onura baino porrota etor litekeelako”

Etorkizunari lotuta, mahainguruko kideak ados daude egiteko gauza asko dagoela esatean, baina teknologiaren eraldaketa azkarrera egokitzeko ezinaren beldur dira: “Oso dinamikoa da eta ezinezkoa da denera iristea. Beste enpresa bati interesatzen zaizkion aurrerapen batzuk agian ez dizkigute guri balio. Jakin egin behar da aukeratzen, egiaz dugun beharra aztertu eta interesatzen zaigun horren atzetik ibiltzen, ez guztiaren atzetik”, ohartarazi du Eneko Barrena Gurelaneko zuzendariak. “Hobe da aukeraketa ona egitea, bestela onura baino porrota etor litekeelako”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK