ETEek berrikuntzari buruzko informazioa jasoko dute lau industrialdeetan

Innobasqueko ETEek gune bana bisitatuko dute saio bakoitzeko, lehiakortasuna sustatzeko asmoz

Goimekera bisita 2024an | Argazkia: Innobasque Goimekera bisita 2024an | Argazkia: Innobasque

Lau industrialde bisitatuko dira Innobasqueko enpresa txiki eta ertainentzat (ETE) egingo diren berrikuntzari buruzko jardunaldietan. Hala, informazio praktikoa emango da berrikuntzaren bidez lehiakortasuna bultzatzeko moduari buruz.

Zehazki, ondorengo industrialdeetara gerturatuko dira: martxoaren 25ean Alegria Activityren egoitzara, Gasteizko Jundiz Enpresa parkean; martxoaren 28an Orbearen egoitzara, Mallabiko (Bizkaia) Goitondo industrialdean; apirilaren 4an Zunibal enpresaren egoitzara, Derioko (Bizkaia) San Isidro-Txozna industrialdean; eta, azkenik, apirilaren 10ean Loramendi S. Coop. enpresaren egoitzara, Gasteizko Ali-Gobeo industrialdean.

Bihar egingo den jardunaldian, esaterako, lehiakortasunerako “funtsezko faktore gisa” landuko dituzte, batetik, belaunaldien arteko erreleboa, eta, bestetik, pertsonen kudeaketa. Lau saioetan ezagutaraziko dira EAEko berrikuntza-ekosistemak “ETEen zerbitzura jartzen dituen baliabide, eragile eta zerbitzuak”.

Saio bakoitzak bi orduko iraupena izango du eta bi zatitan banatuko da. Aurrenik, parte hartzea erabaki duen ETEei baliabideak aurkeztuko zaizkie “soluzio berritzaileak ezartzeko”. Ondoren, bigarren zatian, inguruko ETEetako ordezkariek esperientzia “berritzaileak” partekatuko dituzte. Saioen amaieran bertaratutakoek networkingerako aukera izango dute, haien artean ideiak trukatzeko eta harremanak sendotzeko.

Azkenik, Innobasquek jakinarazi du urtean zehar saio gehiago egingo direla hiru lurralde historikoetan, eta, enpresaren batek topaketa haren inguruan egitea nahiko balu, eskaera enpresak@innobasque.eus helbidera mezua bidaltzea daukala.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK