Eusko Jaurlaritzak lau milioi euro emango dizkio Ikerbasque fundazioari, IBM Researchekin batera, 2024tik 2028ra bitartean, konputazio kuantikoaren arloan bi ikerketa akordio garatzeko. Modu honetara, Ikur teknologia kuantikoak izeneko estrategiaren esparruan EAEn konputazio kuantikoa sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak epe luzerako aliantza osatu nahi du bi erakundeen artean.
Jaurlaritzak adierazi duenez, ikerketari, prestakuntzari eta garapen teknologiko eta industrialari aplikatutako konputazio kuantikoan EAE "nazioarteko bikaintasuneko nodo" bihurtzea da helburua. Halaber, Ikerbasqueren eta IBMren arteko lankidetza ikerketa kolaboratiboen bidez gauzatuko dela azaldu dute. Akordio horiei esker, bi entitateek elkarlanean lan egingo dute hainbat proiektutan, baliabideak, ezagutzak eta teknologiak konbinatuz.
Gaur egun, bi proiektutan ari dira lanean, eta, Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartutako laguntzari esker, beste bi lankidetza programa berri jarriko dira martxan konputazio kuantikoa biomedikuntzan, zientzia biologikoetan eta biomaterialetan, eta energia handiko fisikan, astrofisikan eta partikulen fisikan aplikatzeko.