
Jesus Valero Tecnaliako zuzendari nagusia EARTO (European Association of Research and Technology Organisations) erakundeko presidente hautatu dute aho batez. Europako teknologia entitateen sarea da EARTO, 32 erakundek eta 228.000 ikertzailek osatzen dute, eta 32 herrialde baino gehiagotan du presentzia. Azken urtean 23.000 milioi euroko fakturazioa eta 100.000 bezero inguru izan ditu.
Europako erakundearen urteroko konferentzia egiten ari dira egunotan Valentzian, eta bertan izendatu dute Valero presidente berri. Presidenteordea Malin Frenning izango da, Suediako RISE teknologia zentroko zuzendari nagusia dena.
Valero Tecnaliako zuzendari nagusia da 2021az geroztik eta EARTOko presidenteordea iaztik. Biologia Zientzietan doktorea eta Marketineko eta Merkataritza Zuzendaritzako master bat du. Halaber, 25 urte baino gehiagoko esperientzia du ikerketa aplikatuan eta zentro teknologikoen kudeaketan. Tecnaliak azaldu duenez, presidente berriak “EBko politiken bilakaeraren jarraipena egingo du, elkarteko kideen ikuspuntuak ordezkatuko ditu EBko erabakiak hartzeko ardura dutenen aurrean, eta zentro teknologikoen beharretara egokitutako EBko programen alde jardungo da”.
“EARTO motor bat da Europan, zentro teknologikoek ikerketaren arloan egiten duten lana enpresetara eta gizartera eramateko. Pribilegiatuak gara, batetik, gure inguruneko benetako arazoentzako soluzio teknologikoak sortzeko hain sare zabala eta egituratua dugulako; eta, bestetik, ikertzen eta sortzen duten erakundeak —zeinei esker pertsonen bizi kalitatea hobetzen baita— industriarekin elkartzen dituen EARTOren moduko bitartekari handi hori dugulako. Hori da, halaber, Tecnalian dugun misioa, eta guretzat ohore bat da horretan lagundu ahal izatea Europa osoan”, adierazi du Valerok.