Jone Zubizarreta: "Gertuko erreferenteak behar ditugu neska gehiagok ingeniaritza ikas dezaten"

Zibersegurtasun arloko ikerlaria da Zubizarreta Ikerlan zentro teknologikoan. Enpresentzako sistema elektronikoen gaineko soluzioak ikertzeaz arduratzen da

Jone Zubizarreta | Argazkia: utzita Jone Zubizarreta | Argazkia: utzita

Pasa den uztailetik zibersegurtasun arloko ikerlari gisa ari da lanean Jone Zubizarreta Iturbe (Arrasate, 2000). Ingeniaritza elektronikoa ikasi zuen Mondragon Unibertsitatean eta sistema txertatuen gaineko masterra egin zuen EHUn. Ikerlanen praktikak egin ostean, ikerlari gisa dihardu enpresentzat elektronika soluzioak aztertzen. Zientzien munduan emakumezkoen presentzia areagotu bada ere, ingeniaritza "klasikoetan" (elektronika, mekanika, informatika...) gutxiengoa izaten jarraitzen dutela gogoratu du, bai ikaskuntza esparruan, bai lan munduan.

Orain gutxi sartu zara Ikerlanen. Zer egiten duzu zehazki?

Ikerlanen karrerako bigarren mailan, duela bost urte inguru, sartu nintzen praktikak egitera. Elektronika ingeniaritza ikasten ari nintzen eta gero master bat egin nuen. Bien bitartean aritu naiz praktikak egiten, eta orain, iazko uztailetik ikerlaria naiz.

Zibersegurtasun arloko ikerketan zabiltza.

Bai. Sistema elektronikoak ziberseguruak izatea bermatzeaz arduratzen gara. Hau da, saiatzen gara ahultasunak identifikatzen, sistemak erasoen aurrean nola babestu analizatzen dugu, eta sistema horiek seguruak izateko neurriak hartzen ditugu.

Ikerketa horiek industria enpresetara zuzenduta daude?

Sistema elektronikoak sektore askotan daude. Autoetan, ospitaleko gailuetan, igogailuetan, etxetresna elektrikoetan edota gure gailu pertsonaletan erabiltzen dira. Nik gehiago egin dut lan igogailuekin eta trenekin, baina beste sektore batzuetarako ere aritzen gara lanean, industriarako gehien bat.

Nolako da zuen eguneroko lana?

Ikerlan zentro teknologiko bat da, eta ikerketa eta transferentzia egiten dugu. Alde batetik, enpresen beharretara egokitutako proiektuak heltzen zaizkigu, kolaborazioak. Enpresak zer behar daukan aztertzen da, eta sistema elektroniko segurua behar badute, hori sortzen laguntzen diegu. Ikerketan parte hartzen dugu, punta-puntako teknologiarekin eguneratuta egoteko behar baitugu ikerketa. Era berean, bestelako proiektu batzuk ere baditugu, Europa mailako proiektuak adibidez. Ikerkuntzaren bitartez ezagutza irabazi behar dugu gero transferentzian aplikatzeko enpresei soluzioak emanez.

"Sistema elektronikoen ahultasunak identifikatzen saiatzen gara, eta erasoen aurrean sistemak nola babestu aztertzen dugu"

Ingeniaritza elektronikoa ikasi zenuen. Argi al zenuen gaztetatik gradu hori egin nahi zenuela?

Hasieratik ez nuen erabat argi zer egin nahi nuen, baina egia da garbi nuela matematika, fisika eta teknologia gustatzen zitzaizkidala, zenbakiekin lotutako ikasgaiak. Beti eduki dut gai horiekiko kuriositatea. Gure lana teknologia hori aplikatzea da, eta pentsatu nuen aplikatzeko modurik onena ingeniaritza bat egitea zela.

Masterra ere egin zenuen, sistema txertatuen gainekoa.

Ingeniaritza elektronikoa egin nuenean, oinarri informatikoa falta zitzaidala ohartu nintzen. Sistema txertatutako masterrak elektronikako ezagutza horri informatika oinarri bat ematen dio. Mix moduko bat da: softwarea eta hardwarea erabiltzen dira, baina sistema txertatuetan. Normalean baliabide gutxi dauzkaten sistema elektroniko batzuk dira sistema txertatuak. Gaur egun, Ikerlanen aritzen naizen sailaren izena da zibersegurtasuna sistema txertatuetan.

Emakume zientzialariaren eguna da gaur, teknologia munduan emakumearen ikusgarritasuna sustatzea helburu duena. Zure kasuan zer nolako esperientzia izan duzu?

Gauzak aldatzen ari dira, baina asko dago egiteko oraindik. Ingeniaritza elektronikoko graduan 4-5 neska ginen soilik. Batxilergotik hasita, teknologikotik, beti izan gara %10 eta %20 bitarte. Nik uste dut beste ingeniaritza batzuetan, biomedikoa, diseinua, antolakuntza… neska kopurua areagotu dela, eta batzuetan neskak mutilak baino gehiago dela. Baina ingeniaritza tradizionaletan (mekanika, elektronika, informatika…) oraindik gutxiengoa gara nabarmen.

Lan munduan ere topatu dudana antzekoa da. Nire lantaldean %10 eta %20 bitarte gara emakumeak. Dena den, egia da Ikerlanen beste ikerketa lerro batzuetan neska gehiago daudela.

"Gauzak aldatzen ari dira, baina asko dago egiteko oraindik. Ingeniaritza elektronikoko graduan 4-5 neska ginen soilik"

Emakumeek 12 urterekin urterekin zientzia munduarekin deskonektatzen dutela diote hainbat ikerketek. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?

Hein handi batean, erreferente falta dagoela uste dut. Nik ez dut ingeniaria eta emakumea den erreferenterik izan, eta gutxiago zibersegurtasun arlokoa. Egoera hobetzeko ikusten dudan aukera bakarra da erreferente gehiago egotea, baina, batez ere, gertukoak. Marie Curie, adibidez, pixka bat urrun geratzen da. 12 urtetik aurrerako deskonexioarena ez nuen entzunda, baina zentzua du. Adin horretara iritsi baino baino lehen azaldu behar zaie neskei emakumeak ingeniaritza munduan zertan egiten duten lan. Halako ekimenak sortu beharko ditugu. Ea erreferenteak izatea lortzen dugun beste batzuentzako eta animatzen ditugun neskak ingeniaritza horiek ikastera.

Zibersegurtasunari dagokionez, zer puntutaraino da gaur egun garrantzitsua esparru hori lantzea?

Oso-oso garrantzitsua da. Teknologiaz inguratuta bizi gara, informazio pila bat dugu, Internetera konektatuta gaude… Informazio hori oso arriskutsua izan daiteke, eta kasu askotan, guri buruzko informazioa egon liteke. Oso garrantzitsua da hau guztia babestea. Enpresak ari dira pixkanaka zibersegurtasunean inbertitzen. Neurri edo lege batzuk ere sortzen ari dira sistema elektronikoek bete behar dituzten segurtasun baldintzak bermatzeko. Poliki-poliki bagoaz kontzientzia hartzen, baina oraindik lan asko dago egiteko.

Etorkizuna begira, non ikusten zara?

Oraingoz gustura nago Ikerlanen. Etengabe ikasten ari gara hemen, izan ere, ikerketa mundua oso aldakorra da, eta teknologia asko aldatzen da. Beraz, oraingoz, ikerkuntzatik ikasten eta ezagutza hori enpresen beharrei aplikatzen jarraitzeko asmoa dut.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK