Hamar egoitza baino gehiago ditu Tecnaliak ikerketa aplikaturiko eta garapen teknologikoko zentroak Euskal Herrian, eta beste zenbait kanpoan, 1.464 pertsonari lan eman eta 120 milioi euroko fakturazioa lortzen dutenak. Derion (Bizkaia) duen egoitzan sartzea teknologiaren muinean sartzea bezalakoa da. Kanpoaldean KUBIK eraikin esperimentala dago, berezia eta bakarra. Eraginkortasun energetikoa eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko kontzeptu eta produktu berriak eskala errealean garatzeko sortu zuten lego erraldoia. Joseba Lakak eraikin nagusiaren atean hartu gaitu, Tecnaliaren egoitza nagusian. Laborategien labirinto luzea zeharkatu eta gero bere bulegoan sartu gara.
Digitalizazioaz hitz egitean, soilik esparru teknologikoaz ari gara?
Ez. Nire ustez, eta hau iritzi bat baino ez da, digitalizazioaz hitz egitean, batez ere eredu ekonomikoaren aldaketaz ari gara. Azken finean, digitalizazioa ez da gaurko zerbait, eta abiapuntua ez da teknologia bera. Digitalizazioa ez da teknologiatik sortu eta bultzatzen; zenbait negozio eredutan aukerak agertzen dira lehenik, eta ikusten da irtenbideak zenbait teknologiekin beste batzuekin baino hobeto konpontzen direla. Zentzu horretan, ez dago desberdintasun handirik digitalizazioaren eta beste trantsizio batzuen artean.
Blockchainak, kriptodiruaz harago, harremanak aldatu ditzake. Baliteke gaur egun ezagutu ditugun protokolo edo egitura asko behar ez izatea?
Hiru eraldaketa izan dira historian. Lehenengoa izan zen sareen konektibitatearena, 1970-1980ko hamarkadakoa, hasierako Internetekin. Hori sortuta, sareen arteko konfiantzarako protokoloak sortu behar ziren. Nork erabiltzen zituen? Zenbait enpresek, defentsak eta halakoek. Http protokolo famatua sortu zen arte, ordea, Internetek ez zuen eztanda egin, horrek ahalbidetu zuelako dokumentuak benetako konfiantzarekin partekatzea. Hori izan zen bigarren pausoa. Beraz, badaude sareak, eta edukiak. Hirugarrena izan daiteke nortasuna eta propietatearena, alegia, ni ni naiz, eta dokumentua nirea da. Kontua, beraz, lehen esan bezala, ez da teknologia bere horretan bultzatzea, baizik eta beharrak asetzea teknologiarekin. Oraindik hasieran gara, baina badirudi blockchaina eta DLT deritzon teknologia gai izango direla sare eta edukien gainean identitatea eta edukien jabegoa ondo kudeatzeko.
“Kontua da mundu digitalean erraldoiak daudela eta haien eskaintza eta bere plataforma ateratzen dutenean, benetan zaila izaten dela haiekin lehiatzea”
Arlo horretan, nola ari da Tecnalia lanean?
Gu, adibidez, ekonomien makina jorratzen saiatzen ari gara. Ideia da etorkizunean makinek euren artean transakzio ekonomikoak egin ahal izatea modu automatikoan. Zertarako balio dezake? Esaterako, hainbat sektoretan, enpresek hainbat eta hainbat makina dituzte beraien lantegietan, baina makina horiek guztiak ez badira hiru txandetan erabiltzen, askotan geldirik izaten dira. Sektore batzuetan lortzen ari dira konfiantza sareak blockchainak-eta erabiliz, modu horretan ekoizle batek bere makina parkea beste ekoizle batzuen esku automatikoki jartzeko. Makina-erremintan hori egiten ari dira, esaterako.
Honek, orain arte ezagutu ditugu harreman ekonomiko azpiegitura guztiak hankaz gora jar ditzake. Adibidez, agian erregistratzailearen edo notarioaren rola ez izatea hain garrantzitsua etxe bat erosteko.
Notarioen adibidea asko aipatzen da, baina badute lege bat atzetik, eta lege hori oso desberdina da herrialde batetik bestera. Notario izatea AEBetan oso gauza sinplea eta xumea da; hemen, berriz, botere handiagoa duzu. Sektore bakoitzak baditu bere legeak, eta horrek babesten du prozesuaren zilegitasuna. Teknologiak ez ditu legeak aldatzen, baina egia da hemendik urte batzuetara eraldaketa izan daitekeela. Horrekin batera, beste hausnarketa bat: teknologia guztiekin beti izaten da burbuila, dena aldatzera datozela bor-bor izaten dena, eta ondoren ez da hala inondik inora. Blockchainaren kasuan, pasa da edo pasatzen ari da dagoeneko burbuilaren momentua, eta bagabiltza martxan jartzen benetako erabilpen praktikoak, bereziki enpresentzat onuragarriak direnak.
“Arau propioak sortu behar dira, baina arau horiek benetan lagungarriak izan behar dira lehia sustatu eta enpresa txiki eta ertainak ez itotzeko”
Zentzu horretan, elikaduraren munduan, esaterako, trazabilitatea jorratzeko blockchaina izugarrizko aurrerapausoa izan da, tartean hotzaren katea apurtuko ez dela bermatzeko.
Bai, bai. Guk 2015ean bertako eragile garrantzitsu batekin egin genuen blockchain sistema bat okelaren trazabilitatea eramateko, oraindik martxan dagoena. Kontua da mundu digitalean erraldoiak daudela. Eta erraldoiak ateratzen duenean bere eskaintza eta bere plataforma, benetan zaila izaten da berarekin lehiatzea. Eta elikaduraren munduan badago erraldoi bat, eta ia enpresa guztiek erraldoi horren eskaintza erabiltzen dute.
Aurrekoan Teresa Madariaga Ingeteameko presidenteari egindako elkarrizketan aipatzen zuen fakturazioaren zati handi bat I+Gra bideratzen zutela Ingeteamen, eta beti joan behar zarela bi pauso aurretik, atzean ez geratzeko. Baina zer gertatzen da enpresa txiki eta ertainekin (ETEekin)? Nola egiten dute lan atzean ez gelditzeko?
ETE digitalak, alegia, produktu edo zerbitzu digitalak dituzten enpresak, benetan erronka handiak dituzte. Hau Europan ikusten ari gara, ez da Euskal Herriko erronka zehatz bat. Aspalditik Europak izan du halako joera bat arauak eta erregulazioak sortzeko mundu digitalean, batzuetan oso onuragarriak —Datuen Babeserako Araudi Orokorra, esaterako—. Baina zenbaitetan arau eta erregulazio horiek ez dizkie aukerak eskaini ETEei handiekin lehiatzeko. Are gehiago, batzuetan horren kontra joan dira. Eta horrek ondorioak izan ditu. XX. mende bukaeran, Europak zuen lidergoa telekomunikazioetan, eta AEBeak oso atzean zeuden. 20 urtean egoera guztiz aldatu da. Europak lidergoa galdu du argi eta garbi. Arau propioak sortu behar dira, baina arau horiek benetan lagungarriak izan behar dira lehia sustatu eta ETEak ez itotzeko. Hori nola lortzen da? Maiatzaren 2an Europako Batasunak pasa zuen lehen proposamen bat European Health Data Space izena duena erregulatzeko. Alegia, zelan kudeatu gure datuak osasun sistemetan. Erregulazio horiek zertarako dira garrantzitsuak? Erraldoi horiek, batez ere AEBetatik datozen erraldoiek gure arauekin jokatzeko, eta arau horiek ETEak defendatu edo behintzat euren aukerak babes ditzaten. Askotan poztu egiten gara Google, Meta edo Microsoftek Europako start-up indartsu bat erosten dutenean, baina azkenean pobreziara eta subiranotasun teknologiko faltara garamatza horrek. Eta norbaitek esan zuen bezala, subiranotasun teknologikoa ez da protekzionismoa. Ez da gurea kanpotik babestea eta listo. Aukeratzeko gaitasuna mantentzea da, aukerak edukitzea. Hori da, nire ustez, orain daukagun erronka handienetakoa.
Tecnaliak eta BRTAk zein paper jokatzen dute ETEen ildoari dagokionez?
Azken hamar bat urteetan, Tecnaliako jardueraren % 75 enpresa txiki eta ertainekin izan da, eta % 25 handiekin. Hor askotariko planoak daude. Ingeteam aipatu duzu. Halako enpresekin, punta-puntakoak beraien sektoreetan eta ikerketa eta garapenean asko inbertitzen dutenak, gure rola izaten da arrisku teknologikoen parte bat guk hartzea, arrisku teknologiko asko baitaude berrikuntzan. Beraz, eurekin traineruan sartzen gara, guk olatu batzuk hartzeko, eta besteak beraiei pasatzen uzteko. Baina elkarlanean, esan genezake. ETEekin desberdina da. Bi dinamika bereiziko nituzke: ETE teknologikoena, zeinak helburu duten hazkundea, gure laborategiekin eta ikertzaileekin laguntzea kontzeptuak errealitate bihurtzen, lankidetzan; eta teknologia euren eredurako erabiltzen duten enpresena. Bigarren kasu honetan, edozein motatako teknologiaz ari gara, eta batzuetan gu izaten gara euren I+G departamentua. Momentu jakinetan behar izaten dute.
“Egungo zibersegurtasunean ari diren 'gaiztoak', edo erasotzaileak ez dira amateurrak. Benetako enpresak dira horren atzean, eta eraso arma bihurtu da”
Asia orokorrean, eta Txina batez ere izugarrizko indarra hartzen ari dira telekomunikazioetan. Lidergo aldaketa al dago berriro ere?
Geopolitika kontua da. Baina edozein kasutan lehiakortasuna itzela da. Hala ere, nire arlotik hitz eginda, sumatzen dut Txina beste galaxia bat dela, beste mundu bat, guztiz desberdina. Txina harresi digital luze batez inguratuta dago, eta bere arau propioak ditu. Nire ustez eredua ez da batere ona, kanpotik ikusita hala dirudien arren. 5G famatuan bazirudien Txinak arrasatuko zuela munduko merkatu guztiarekin, eta ia-ia hala izan da. Huawei eta antzerako enpresek izugarrizko dirutza egin dute sistema eta sareekin. Hona, berriz, hainbat krisialdi etorri dira —Ukrainako gerra, txipena...— eta mentalitateak aldatzen doaz. Horrekin batera, atera da estandar berria, Open Ran deritzona. Atzo bertan antzinako lagun batekin izan nintzen honetan diharduena, eta esan zidan bazegoela joera enpresa eta teknologia txinatar horiek guztiak Europatik kanporatzeko.
Une honetan, pandemia eta gero, maskaren edo bestelako materialen falta ikusita, birlokalizazio prozesuak hasi dira teknologian ere?
Guztiz. Badira hainbat eta hainbat ekimen Europan, eta ez dut esaten Bruselan, baizik eta estatuetan. Estatuak hasi dira oso serio lanean, kontua ez delako soilik defentsa eta armamentuko subiranotasuna izatea. Orain estrategiko moduan ikusten dira beste hainbat teknologia: adimen artifizialean, telekomunikazioa, hodeiaren eta biltegiratzearen inguruan. Buelta ematen ari dira, eta subiranotasunaren kontzeptu berria garatzen ari gara, lehen esan dudan bezala.
Arriskuak badira, eta honek guztiak arrakala horiek erakutsi ditu, segurtasun aldetik, Pegasusen kasua, esaterako.
Bai eta horrela jarraituko du. Duela gutxi irakurri nuen Espainiako estatuak egin duela ranking bat ikusteko zeintzuk izan daitezkeen egiturazko arrisku handienak eurentzat. Lehenengoa ziren pandemiak eta epidemiak; bigarrena, berriz, zibersegurtasuna. Eta laugarrena edo bosgarrena zen dependentzia energetikoa. Zer gertatzen da zibersegurtasunaren munduan? Hackerren mundua oso idealizatuta eta erromantizismoaz inguratuta dagoela. Eta gaur bertan, telebistan erreportajea botatzen ari ziren Pegasusi buruz, eta azaltzen zen betikoa: pertsona bat, txandalarekin jantzita, ordenagailu aurrean kodigoa jartzen eta ilunpean. Eta ez, barkatu. Egungo zibersegurtasunean ari diren 'gaiztoak', edo erasotzaileak ez dira amateurrak. Benetako enpresak dira horren atzean, eta eraso arma bihurtu da. Iaz SEPEren sistema hackeatu zuten. SEPEren sistemak gelditzen badituzu, demagun, sei hilabetez, akabo lanbideko dirua eta soldata. Hor sekulako arazo soziala eta ezegonkortasuna sor daiteke. Beraz, kontuz ibili behar gara. Geroz eta digitalizazio gehiago izan administrazioan, gizartean eta enpresetan, orduan eta ahultasun gehiago sortu eta hauskorragoak gara.
"Guretzat gakoa da azpimarratzea helburua ez dela ikerketa bera. Ikerketa enpresa mundura eraman behar da; enpresetan balioa sortzeko balio behar du eta bide horretatik, gizarte osoari"
Zeintzuk dira, zure ustez, datozen urteetara begira, Euskal Herriko enpresa ekosistemak dituen erronka nagusiak?
EAEn RIS3 izeneko estrategia dugu, eta hiru dira lehenetsitako arloak: industria, trantsizio energetikoa eta osasungintza. Lehenengoari lotuta, erronka nagusia izango da balio erantsiko industria Euskadin mantentzea, eta gainera sendotzea, produktu eta zerbitzu onena eskainita. Trantsizio energetikoaren kasuan, EAEn ez gara ekoizleak eta ez ditugu energia iturriak; gure balio erantsia dira zenbait enpresa multinazional traktore, eta euren atzetik izugarrizko katea dugu. Osasungintza, ordea, oso desberdina da. Sektore publiko garrantzitsua dugu, ikerketa asko egiten duena, baita pribatua ere.
Nafarroako lan ildo orokorrak oso antzekoak dira: industria sektorea; sektore energetikoa, badirelako zenbait enpresa energia berriztagarriei dagokienez; eta osasungintza. Ipar Euskal Herriari dagokionez, oso bestelakoa da errealitatea. Adibidez, zibersegurtasuna erdiguneko erronka da. Frantziako gobernuak erabaki zuen arlo hori deszentralizatzea, eta Akitania Berriko gobernuak du boterea kasu horretan.
Eta zertan lagun dezake Tecnaliak?
Tecnaliak oso argi dauka aktore gakoa izan behar duela: EAEn, gure jardueraren % 40 hartzen dute sektore industrialek, beste % 35-40 trantsizio energetikoek eta % 15 osasungintzak. Nafarroan ez dugu ikerketa zentrorik, baina Ipar Euskal Herriari dagokionez, duela urte batzuk Akitania Berriagatik apustu egiteko bulegoa zabaldu genuen Bordelen. Horrez gain, elikadurari eta osasungintzari lotutako proiektuekin ari gara. Edozein kasutan, guretzat gakoa da azpimarratzea helburua ez dela ikerketa bera. Ikerketa enpresa mundura eraman behar da; enpresetan balioa sortzeko balio behar du eta bide horretatik, gizarte osoari.