Joseba Lekube: "Datozen bost urteetarako ditugun helburuak oso potenteak direla esango nuke"

Lantegi digital berrien industria garatzeko beharra nabarmendu du Tekneiko zuzendari nagusiak

Joseba Lekube | Argazkia: Aritz Loiola/Foku Joseba Lekube | Argazkia: Aritz Loiola/Foku

Une honetan lau sozietatek edo marka nagusik osatzen dute Teknei: Teknei bera, Merkatu —zerbitzu digitalei eta ecomerce alorrari loturikoa—, Keytek —aholkularitza alorra— eta Datua —datuen azpiegiturari eta adimen artifizialari lotuta. Azkeneko urteetan bultzada garrantzitsua izaten ari da: urtebetean bikoiztu egingo du fakturazioa, aurten 100 milioi euroraino iritsita. Era berean, Datua sozietateak BME Growthera egingo du salto azaroan. Zigilu edo tresna horrek ahalbidetzen du, hain zuzen, tamaina txikiagoko baina zabaltze proiektu erakargarriko enpresek baloreen merkatura salto egin ahal izatea. Eta hori gutxi balitz, taldeak helburu berriak iragarriko ditu, Joseba Lekube taldeko zuzendari nagusiak aurreratu duenez. Helburu horiek jakiteko zain, Lekuberekin bildu da EnpresaBIDEA, Bilboko egoitza nagusian.

2022. urtea 50 milioi euroko fakturazioarekin itxi zenuten, eta aurten 100 milioi eurora iristeko asmoa duzue. Urtea nola doan ikusita, aurreikuspenak bere horretan mantentzen dira?

Iazko fakturaziotik, 25 milioi EAEn eta Espainiar estatuan lortu genituen, eta beste 25 Ameriketan, gehienbat Mexikon. Eta aurten 100 lortuko ditugu, bai. Gainera, ia-ia berdin: bi lekuetan bikoitza egingo dugu.

Lortuko duzuena duela urte batzuk abiarazitako inbertsio planaren emaitza da?

Hori da. Momentu hartan esaten genuen enpresak erosiko genituela sektorean kontsolidazioa lortzeko. Horretan ibili gara. Azkeneko hiru urteetan taldera ekarri ditugu zenbait marka, Systems, Eurohelp eta Daitec kasu. Horregatik, eta lortu ditugun kontratuengatik, helburura helduko gara. Sektorean enpresa txikiak behar ditugu, baina baita enpresa indartsuak ere, munduan egoteko.

Baduzue beste helbururik aurten?

Geure adimen artifizialeko enpresa, Datua, merkatura aterako dugu azaroan, BME Crowdera. Alegia, ez dugu salduko, baizik eta zerrendatu. Guretzat oso pauso garrantzitsua da abiadura gehiago emango baitio, baita ikusgarritasuna ere.

 AL73691
Kanpoko enpresen inbertsioak bertako kapitala duten enpresekin uztartzeko garrantzia nabarmendu du Lekubek | Argazkia: Aritz Loiola/Foku

Zenbat bildu nahi duzue?

Ez dugu dirurik eskatuko; zerrendatzea bakarrik, ez baitugu bilatzen zabalpenik egitea, edo kanpoko jendea sartzea. Zerrendatzeak, baina, ahalbidetzen digu bestelako tresna finantzarioak erabili ahal izatea, mailegu korporatiboak kasu, hazteko. Abiadura handiagoa izango du Tekneik baino. Horregatik erabaki genuen ateratzea. Horrekin batera, Datua orain soilik hemen dago, baina Mexikoko enpresa sortzen ari gara eta berehala eramango dugu hara.

Eta epe ertainera begira, BME Growthetik aterata, kapitalizazio altuagoko merkatuetara eramatea aurreikusten duzue?

Nik uste dut, gauzak ondo egiten baditugu, Datua oso enpresa garrantzitsua izango dela. Mundu mailan halako enpresek kapitalizazio handia dute.

Inoiz esan duzue zuen asmoa duzuela informazio teknologien EAEko erreferente izateko, batez ere une honetan, zeinetan ikusi ditugun Bilbomatica edo Ibermáticaren kasuak, kanpoko kapitalak erositakoak. Ondo posizionatuta zaudete horretarako?

Kanpoko enpresek hemen inbertitzea behar dugu. Baina hemengo kapitala duten enpresak ere behar ditugu, ez soilik egoitza dutenak. Biak dira garrantzitsuak. Alde horretatik, pena da hemengo enpresak saltzea. Guk duela urte batzuk esan genuen dagoeneko enpresa-bandera edo erreferente izan nahi genuela. Eta esango nuke momentu honetan euskal kapitala duen IKTko zerbitzuko enpresa handiena geu garela 100 milioi euro horiekin. Horrek ez du esan nahi handienak garenik. Geure helburua da handiagoak izatea eta gehiago fakturatzea, bai hemen, bai munduan. Eta esango nuke proiektua aurrerantz doala.

Bestalde, helburuak 2023rako jarri bagenituen ere, irailean datorren bost urtetarako (2024-2028) gure plana izango dugu. Helburuak orduan iragarriko ditugu, eta esango nuke oso potenteak direla.

"Geure sektore digitalean beharrezkoa da kanpoan egotea, zeure bezeroen alboan, horrek ematen baitizu neurria, eta munduan zer ari den egiten ikusteko aukera"

Herri bezala zer egin dugu gaizki ez atxikitzeko?

Beharbada galdera da zergatik saldu ditugun enpresak. Herri batek bertako enpresak izateko eta beharra du. Eta zaindu behar ditu. Saltzeko arrazoiak ez dakit zeintzuk diren, baina enpresak mantendu behar ditugu, arlo guztietan (IKTetan, finantzetan, industrian...). Gu, nahiz eta handiak izan, gure buruan ez dago hau saltzea. Gure helburua da hau betirako egotea, gure seme-alabek eta konfiantzazko pertsonek jarraitzeko.

Gainera, hainbat salmenta kasu jarraian eman dira.

Bai. Bilbomaticaren kasuan adibidez sekulako pena izan zen, espero baikenuen gurekin etortzea. Bilboko enpresarik handiena zen, 500 pertsona hemen zituena, 22 milioi euroko fakturazioarekin.

Nola uztartu enpresa baten errotzea nazioartekotzearekin?

Geure sektore digitalean beharrezkoa da kanpoan egotea, zeure bezeroen alboan, horrek ematen baitizu neurria, eta munduan zer ari den egiten ikusteko aukera, nahiz eta egoitza nagusia hemen izan. Industria baten ohikoa da produktuak hemen egin eta ondoren esportatzea. Baina gure kasuan zerbitzuak bezeroen ondoan ematen ditugu. Horregatik uste dut geure sektore digitalean askoz ere errazagoa dela.

Joseba Lekube | Argazkia: Aritz Loiola/Foku
Quantum esparruan emandako pausoak nabarmendu ditu Tekneikoak, baina zein lerrotan aritu finkatzea garrantzitsua izango da bere ustez | Argazkia: Aritz Loiola/Foku

Digitalizazioan azkenaldian bi iraultza nagusi dira protagonista. Eraldaketa digitalak zein puntura arte utzi dezake alde batera giza ikuspegi hori?

Geure lana da ditugun teknologiak erabili enpresa edo gobernuetan eraldaketa sustatzeko, izan RPA, Blockchain, adimen artifiziala edo dena delakoa. Baina hori egiteko pertsonak behar ditugu, gure helburua delako bezeroei laguntzea nola egin gauzak hobeto. Gure eraldaketa digitala gure pertsonek egiten dute, eta horiek kontuan hartu behar dira. Izan ere, gerta daiteke hau guztia oso arin joateagatik hainbat pertsona baztertzea. Horretan kontuz ibili behar gara.

Quatum da eraldaketa horren protagonistetako bat. Euskal Herrian konputadora kuantikoa jartzea, garatzen ari garen azpiegiturak... eta oro har egindako apustuak toki bat bermatzen digu?

Euskal Herrian apustu handia egiten ari gara, eta ekosistema indartsu bat eratzen ari da, enpresa berriekin, besteak beste. Munduan ez da hainbeste tokitan ikusten. Bai, noski enpresa handietan eta AEBn. Baina hemengo apustua sendoa da.

Mundu mailan lehiakorrak gara?

Aukeratu behar dugu geure neurriaren arabera non, zein lerrotan, borrokatu eta jokatu, Quantumek arku guztia ematen baitizu. Ez gabiltza quantum ordenagailuetako corea egiten, horretarako oso enpresa handiak behar dituzulako. Baina bagabiltza leku batzuk aukeratzen. Ondo aukeratuta, esango nuke ondo egingo dugula.

"Hasieran zuhurtziaz begiratzen genuen [Internet], eta pixkanaka hasi ziren. Baina gero denok ikusi dugu zer egin duen. Orain ez dakigu zer egingo duen AAk, baina horren berdina edo gehiago izan daiteke"

Adimen artifiziala (AA) da beste protagonista. Inflexio puntu baten gaude?

AA generatiboa —hori baita ChatGPT— bada haustura teknologiko handia. Blockchain edo RPA bezalakoak berrikuntza izan dira, eta azkeneko hogei urteetan ikusi ditugu etengabe atera direla teknologia berriak. Baina AArekin gertaturikoa ez da askotan gertatzen; hemendik aurrera gauzak asko aldatuko dira. Izan ere, orain arte adimen artifizialarekin aurreikuspenak eta ereduak egin ditugu. Orain, gauzak sortu egiten ditu: nobelak, albisteak... Eta sekulako entrenamendua izan du, 200.000 GPU izan baitituzte sistema prestatzen, eduki eta aukera posible guztiekin: Wikipedia osoa hizkuntza guztietan, munduko webguneen erdia, liburu guztiak... Inoiz ez dugu halako teknologiarik eduki. Horren eragina pentsatzen duguna baino garrantzitsuagoa izango da seguru asko, eragin orokorra izango duelako. Eta oraindik ez gara hasi. Gu une honetan ari gara prestatzen, jendeari irakasten, eta aztertzen gure bezeroek zer egin dezaketen horrekin.

Internet bezalakoa izan daiteke?

Halako zer edo zer, edo gehiago. Hasieran zuhurtziaz begiratzen genuen, eta pixkanaka hasi ziren. Baina gero denok ikusi dugu zer egin duen Internetek. Orain ez dakigu zer egingo duen AAk, baina horren berdina edo gehiago izan daiteke.

Eta arautu behar da?

Bai. Europan Artificial Inteligence Act edo AI Act delakoak lau mailako sailkapena egin du, eta hor zenbait gauza debekatuta daude. Zuk ezin duzu kamera bat jarri eta azterketa biometrikoa egin. Argi dago zenbait gauza debekatu behar direla, beste batzuk arautu eta beste batzuk libreago utzi edo besterik gabe transferentzia egotea ahalbidetu. Adibidez, ibilgailu autonomoetan araua izan behar duzu bideoa grabatzeko.

Horrez gain, kode etikoa dugu. Esaterako, Gipuzkoako Aldundiak atera berri du bat. Munduan halako askorik ez da ikusten oraindik. Hor biltzen da adimen artifizialak baduela joera bat. Horregatik horri lotuta transferentzia egin behar da, eta jendeari lagundu jakiten zer teknologia erabili dezakeen.

Joseba Lekube | Argazkia: Aritz Loiola/Foku
Data centerrak iraultza berri baten parte dira Lekuberentzat | Argazkia: Aritz Loiola/Foku

Zibersegurtasun ikuspegitik, erronka suposatzen du?

Bai, zibersergutasuna are garrantzitsuagoa da adimen artifizialaren garapen berriekin, makina oso aurreratuak baitira.

Datuen trataeraren gaiari eutsita, aurreikusita dago Atlantic Data Infrastructuren lehen instalazioa datorren urteko lehen erdialdean martxan izatea. Zuek tartean zaudete. Nola doa garapena?

Enpresa 2022an sinatu zen, baina lursailak duela gutxi erosi dira, pasa den hilabetean, zehazki. Eraikitzen hasi berri dira. Eta esan bezala 2024rako jarriko da martxan.

Zergatik da ezinbestekoa halako azpiegitura izatea?

Duela 60 edo 70 urte etorri ziren auto marka batzuk ikustera non jarriko zituzten fabrikak. Momentu hori oso garrantzitsua zen, non jarri erabakitzeak zeharo baldintzatzen baitzuen ondoren izango zuten bilakaera. Begira egun Mercedesek Gasteizen edo Volkswagenek Iruñean duten garrantzia.

Gu halako momentu baten gaude, baina lantegi digital berriekin, kasu honetan. Norbaitek fabrika digitala hemen jartzea, inbertsio horiek hemen egitea, oso garrantzitsua da. Izan ere, hemendik aurrera zerbitzu eta arlo digitalak gure bizitzako parte handi bat izango dira, dagoeneko ikusten ari garen bezala. Ikerketa baten arabera, gure eguneroko lanean %40 baten harremanetan izango gara adimen artifizialarekin. Adibidez, elkarrizketa hau prestatzeko, zuk zure lankide birtualari galdera egingo diozu. Horrekin egingo dugu lan, eta hori data center batera iritsiko da, non prozesuak egin eta itzuliko diren.

"Orain arte data centerrena olatu handia zen; AA generatiboarekin are zabalago eta handiagoa da olatu hori. Horregatik behar ditugu halako zentroak hemendik gertu, eta ez gara hiru data centerren beharraz ari. Industria berri hori bultzatu behar dugu"

Orain arte data centerrena olatu handia zen; AA generatiboarekin are zabalago eta handiagoa da olatu hori. Horregatik behar ditugu halako zentroak hemendik gertu, eta ez gara hiru data centerren beharraz ari. Industria berri hori bultzatu behar dugu. Bestela beste leku baten izango dituztelako, zergak ere hor ordainduko dituztelako, eta abar.

Elkarlan publiko-pribatuaren adibide garbia da azpiegitura hori. Elkarlana lehiarekin sustatzea bateragarria da?

Bai, azken batean oinarrizko azpiegitura delako. Eta hori martxan jartzeko ados jartzen gara. Oinarrizko azpiegitura horretan, bakoitzak bere zerbitzuak emango ditu, noski.

Talentuaren esparrura salto eginez, mundu mailan 1.000 langile zeundeten 2022 amaierarako. Eta urte amaieran 1.800 langile izatea aurreikusi duzue. Talentuaren gaia erronka izanik, zer nolako egoera topatzen ari zarete hor?

Arazoa dago langile espezialista eta teknikoak bilatzeko. Hori hala da. Baina nik pentsatzen dut hiru urte barru hitz egingo bagenu, teknologia hauek erabilita, aipaturiko arazoa atzean utziko dugula. Programazioan, esaterako, halako teknologiekin, pertsona batek bikoitza egin dezake. Eskaini dezakeen gehiagoko produktibitatea sinestezina da. Gu benetan buelta ematen gabiltza pentsatuz bi urtetan arazoa ez delako izango hainbestekoa, teknologia hauek lagunduko digutelako. Horrek ez du esan nahi jendea ez dugunik behar, besteak beste, programak berritu beharko direlako eta hodeira eraman. Agian EAEn bakarrik hodeira eraman beharreko 30.000 programez ari gara. Horretan lan asko dago.

Adimen artifizialak talentuaren aferan rol gakoa jokatu dezake Lekuberen iritziz | Argazkia: Aritz Loiola/Foku
Adimen artifizialak talentuaren aferan rol gakoa jokatu dezake Lekuberen iritziz | Argazkia: Aritz Loiola/Foku

Etxe barruan zer nolako lana duzue eginda adimen artifizialeko teknologiekin 'elkarlana' sustatzen?

GPT eta halako Large Language Model lengoaiekin azkeneko bi urteetan aritu gara. Egia da guretzat ez dela berria.

Talentuaren egoera ikusita, zer egin behar da ez joateko?

Esango nuke teknologia berri horiek erabili behar ditugula, esan bezala geure produktibitateak gora egingo duelako modu nabarian. Gure apustua izan behar da teknologia berri horiei loturiko formakuntza, ezagutza eta erabilera bultzatzea. Hori eginez gero, uste dut ez dugula arazorik edukiko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK