
Enpresei zein industriari lehiakorrago izaten laguntzeko asmoz, adimen artifizialeko langune berria sortu du Elhuyarrek bere 50. urteurrenaren testuinguruan: Orai NLP Teknologiak. Lengoaia naturalaren prozesamenduko (NLP) goi mailako ikerketan eta soluzio teknologiko adimendunetan espezializatutako langunea da, enpresei zein erakundeei zuzendua, eta industria-ehunaren lehiakortasuna, administrazioen eraginkortasuna eta pertsonen bizitza hobetzea izango du xede. Horrez gain, tresna teknologiko adimendunak eta etikoak ekoitziko ditu, unibertsitate, ikerketa zentro eta enpresekin lankidetzan, Josu Aztiria Urtaran da Orai NLP Teknologiak languneko koordinatzailea.
Elhuyar aitzindaria izan da hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren esparruan euskara txertatzen. Zertara etorri da Orai proiektu berria?
Gure helburu nagusia ezagutza zientifiko-teknikoa Euskal Herrian garatzea da, adimen artifizialaren inguruan, eta industria aurreratuan 4.0ra egokitzeko horrelako teknologiak baliatu beharko dira, ezinbestean. Digitalizazioa ere hor dago. Aukera mordoa irekitzen ari dira une honetan, eta horiek baliatzeko jauzia egiteko asmoz sortu dugu proiektu berri hau.
“Gure helburua da gure proiektua eta gure jakintza guztia gure ekosistema sozial eta ekonomikoaren zerbitzura jartzea”
37 urte joan dira ordenagailuetarako lehen programak egin zenituztenetik. Urte emankorrak izan dira. Zeintzuk dira azpimarratuko zenituzkeen proiekturik esanguratsuenak?
Hasieran CD-ROM-ekin eta beste teknologia batzuekin hasi ginen lanean. Ondoren Elhuyar hiztegia jarri genuen abian, eta hizkuntzaren prozesamenduan orain dela 20 urte hasi ginen. Hasi ginen, batetik, hiztegigintzaren alorreko prozesuak automatizatzen. Jarraian etorri zen mugarri izan zen Xuxen zuzentzaile ortografikoa. Eta gerora etorri dira ikerketan lan asko egin ditugun urteak, baina teknologiaren emaitzen heldutasuna ez zen hainbestekoa (Matxin itzultzaile automatikoa, besteak beste). Azken bost-sei urteetan, adimen artifizialaren jauziarekin etorri dira heldutasun eta kalitate goreneko proiektuak: Elia.eus, Aditu.eus, Microsoft.eus, eta etorriko direnak. Bilakaera esponentziala izan da.
Ez diozue zuen buruari erronka makala jarri: industria eta enpresak lehiakorragoak egitea, administrazioak eraginkorragoak izatea, eta pertsonen bizitzak hobetzea.
Gure helburua da gure proiektua eta gure jakintza guztia gure ekosistema sozial eta ekonomikoaren zerbitzura jartzea. Esan bezala, paradigma aldaketa handia izan da, nolabait estrategia sinbolikoetatik ikasketa automatikoan oinarritutako ereduetara salto egin dugulako. Baina arkitektura neuronaletan ikertzeko asko dago oraindik; hurrengo urtetan aurrerapen izugarriak etorriko dira. Eta guk aukera daukagu ikertzeko zein eredu neuronal egokitzen diren ondoen gure hizkuntzara, eta gure hizkuntza bezalako askotara. Orain arte beste arkitektura batzuk erabili ditugu, korporazio teknologiko handiek garatutakoak, baina noski, hauek funtzionatzen dute komunikazio ahalmen handiekin, eta gu ez gara sekula horretara iritsiko. Baina bestelako ikerketa bat eginda, segur aski beraiek lortzen dituzten emaitzak lor ditzakegu guk ere. Eta hor dago erronka handi bat. Bigarren erronka izango litzateke jakin behar dugula administraziora eta enpresetara iristen. Normalean esaten da oso fabrikatzaile onak garela, eta saltzaile txarrak. Nik uste dut kontrakoa pasatzen dela: asko hitz egiten dela, baina gutxi fabrikatzen dela. Eta fabrikatzailearen ideia hori eraman nahi dugu enpresetara, ikus gaitzaten ez enpresa laguntzaile bat bezala, baizik eta fabrikatzaile moduan, inteligentzia fabrikatzen dugun teknologia zentro bezala. Eta horrela, ahalik eta enpresa eta proiektu gehienetara iristea.
“Orain posible da pentsaezinak ziren hizkuntza bikoteen artean zubi lanak egitea, eta hau baliabide urriko hizkuntzentzako oso albiste ona da”
20 urteko esperientziak eta eskarmentuak abagunea eskaini dizue euskaratik beste esparru eta hizkuntza batzuetara ere jauzia egiteko. Elhuyar euskaraz eta euskararen alde lan egiten duen erakunde bat izanik, beste erronka bat ere badu Orairekin: eremu eleaniztunetan komunikazioa ez dadila oztopo bat izan. Nola gauzatuko duzue hau?
Azken finean, lengoaia naturalaren prozesamenduak egiten duena da hizkuntza nola sorten dugun simulatzen saiatu teknika konputazionalen bidez. Honekin lortzen duguna da hizkuntza bat modu digitalean bizirik mantentzea. Ondoren datoz eleaniztasunaren kudeaketa, eta lengoaia naturalaren prozesamenduaren bidez sortzen diren sistemak (itzulpen automatikoa, azpititulu automatikoak), hizkuntzen arteko zubi lana egingo dutenak. Orain arte gertuko hizkuntzen artean ematen ziren emaitza onenak, baina orain posible da pentsaezinak ziren hizkuntza bikoteen artean ere zubi lanak egitea. Hau baliabide urriko hizkuntzentzako oso albiste ona da.
Orai lurralde proiektu bat ere bada. Zergatik da hain garrantzitsua Euskal Herriarentzat teknologia eta ezagutza berriak garatzea?
Ezinbestekoa da, bestela dependentzian eroriko garelako, energian gertatzen ari den bezala. Potentzia handiak sekulako inbertsioa egiten ari dira teknologia propioak izateko. Honek ezagutza ematen du, baina gainera guzti honen gainean ekonomia berri bat sortzen ari da. Gizartea eraldatzen ari diren teknologiak dira. Orduan, gure etorkizuna eraldatzen ari den teknologien eskuragarritasuna ez badugu, zaila izango da herri bezala norabide bat izatea. Funtsezkoa izango da teknologia eta ezagutza horiek guk hemen izatea. Europar Batasuna oso kezkatuta dago honekin, ikusten duelako bere industria arlo honetan oso ahula dela. Sekulako esfortzua egingo du Next Generation funtsekin buelta emateko gaiari. Nik faltan botatzen dut Euskal Herrian erakundeen aldetik honen inguruko gogoeta sakonagoa.
“Gure etorkizuna eraldatzen ari den teknologien eskuragarritasuna ez badugu, zaila izango da herri bezala norabide bat izatea”
Aipatutako proiektu eta garapen guztiak ez ziren posible izango atzean dagoen lantaldearen lanagatik ez balitz.
Une honetan hamabost lagun gaude. Esperientzia handiko taldea da, eta aldi berean gaztea. Ingeniariak gehienak, baita informatikariak, fisikariak, matematikariak ere. Ia denak doktoreak. Gure erronka, emakume gehiago egotea da.