Bilbao-Arasur Data Center Campusaren lehen eraikinaren inaugurazioak lehen lerrora ekarri ditu datozen urteetako protagonista izango diren datuak prozesatzeko zentroak (DPZ). Ribabellosan kokatua, Merlin Properties promotoreak bultzatutako eraikuntza-proiektua da, eta horren proiektu eta obren zuzendaritza izan du Kreanek. Denera hiru eraikin izango ditu datu zentroak, 300 megawatioko gaitasunarekin campusa eraikita dagoenean, eta Europako handienetako bat izateaz gain, AA sortzailearen beharretara egokituta izango da. Bigarren eraikina egiten hasi berritan, Juanjo Uriarte Kreaneko Industria-instalazioen eta DPZen arduradunarekin hitz egin du EnpresaBIDEAk, halako zentro batek dituen berezitasunak jorratzeko.
Zer dela eta dira datu zentroak gako lurralde bezala?
Esango nuke gako direla eraldaketa digitala datorren gizartean. Datu zentroak bertan izatea, hurbil izatea, beharrezkoa da erakunde eta enpresentzat, eta horrek bere denbora beharko du garatzen. Horrez gain, eragin ekonomiko handia ere izango dute ekosistema teknologikoan sartuko delako. Halaber, teknologia askoren garapena etorriko da mundu digitalean, segurtasun arloan, efizientzia energetikoarenean, energia berriztagarrienean...
Zein berezitasun ditu datuak prozesatzeko zentro bateko eraikinak?
Arkitektura aldetik, DPZk eraikin funtzionalak dira, industria instalazioak hartzeko sortutakoak. Euren diseinuan erabilgarritasuna eta eraginkortasuna dira nagusi. Hala ere, estetikak, originaltasunak eta haren integrazioak garrantzia handia du bezeroarentzat, norbere perspektiba eman nahi diolako diseinu horren bitartez. Hori dela eta arkitektura ere hasieratik hartzen dugu kontuan. Alegia, ingeniaritzak eta arkitekturak koordinatuta egiten dute lan.
"Beharbada parte elektrikoa da parte garrantzitsuena. [...] Misio kritikoko instalazioak deitu ohi dira; ezin dute hutsik egin."
Zein berezitasun ditu ingeniaritza ikuspegitik?
DPZk 24 orduz funtzionatzen izan behar dira. Ezin dira eten. Zentzu horretan, klimatizazio ikuspegitik oso garrantzitsua da tenperatura egokian mantentzea, eta hori dela eta, hozteko sistema aurreratuak erabiltzen dira. Eta sistema horiek erresilienteak izan behar dira.
Era berean, hainbat erredundantzia mailako eta fidagarritasun handiko instalazioak izan behar dira. Etengabeko erabilgarritasuna bermatu behar dute. Kontsumo handia dutenez, gainera, energia erabileraren eraginkortasuna kontrolatua izan behar da, eta oso eraginkor izan behar dira. Eta segurtasun ikuspegitik neurri handiekin diseinaturiko espazioak dira, pertsonen sarrerari eta abarri dagokionez.
Azken batean dena baldintzatzen du eraikinean instalazioen integrazioa egin behar izateak.
Datuak prozesatzeko zentroaren parte elektrikoa da gehien aldatzen dena bezero batetik bestera?
Beharbada parte elektrikoa da parte garrantzitsuena. Misio kritikoko instalazioak deitu ohi dira; ezin dute hutsik egin. Denak erredundantzia betekizun batzuk izaten ditu, instalazioaren jarraitutasuna bermatu behar dutelako. Erredundantzia horrekin puntu batera edo bestera heldu, sistema desberdina izango da eta kostua ere aldatuko da. Horrek garrantzia handia du.
Gainera, sistema elektriko potoloak eta kontsumo handikoak dira. Horrek esan nahi du sistema elektriko potoloak direla. Eta energia eraginkortasunaren monitoriazioa eskatu ohi du beste parametro batzuen artean. Horrek beste zailtasun bat gehitzen du.
"Elektrizitate kontsumo handiko instalazioak dira, eta hori kudeatzeko jasangarritasun neurri ugari txertatzen dira: ahal den neurrian energia berriztagarriak erabiltzea, energiaren erabileraren optimizazioa..."
Eraiki duzuen zentroetako bat da Ribabellosakoa. Bertan jasangarritasun helburuei heldu asmoz energia berriztagarriaren erabilera egingo da. Baina aldiz, halako datu zentro batek inpaktua du inguruan. Nola orekatu?
Nik esango nuke, proiektu hauetan guztietan jasangarritasuna promotoreen edo bezeroen irizpide nagusienetakoa dela, baita proiektu handiak direnetan ere. Elektrizitate kontsumo handiko instalazioak dira, eta hori kudeatzeko jasangarritasun neurri ugari txertatzen dira: ahal den neurrian energia berriztagarriak erabiltzea, energiaren erabileraren optimizazioa —kudeatzeko sistemak ezartzen—, eta diseinua ere jasangarria egiten material birziklagarriak-eta erabilita. Gaur egun begiratzen ari dira beroa berreskuratzeko sistemen inplementazioa, alegia, bertan sortzen den beroa aprobetxatu ahal izatea beste erabilera batzuetarako.
Zer suposatu du Kreanentzat proiektu horren eraikinaren zuzendaritza eramatea?
Guretzat oso garrantzitsua izan da. Gu Arasurreko arlo logistikoan hasiera-hasieratik izan gara, orain dela 40 urte inguru. Urbanizazioa diseinatu genuen, eraikin logistikoak ere bai eta parte hartu dugu berrikuntzan. Orain aukera izatea datu zentroen campus bat eraikitzeko benetan aurrerapausoa da guretzako.
"Arasurreko arlo logistikoan hasiera-hasieratik izan gara. Orain aukera izatea datu zentroen campus bat eraikitzeko benetan aurrerapausoa da guretzako."
Kreaneko zenbat lagun aritu zarete proiektua diseinatu eta garatzen?
Taldearen neurria proiektuaren fasearen araberakoa da. Hasiera baten, oinarrizko diseinuetan jende gutxiago izan ahal da, baina xehetasunen diseinuan zehar 15 eta 20 lagun bitarte, espezialitate guztietakoak. Arkitektura eta ingeniaritza batera joan behar dira. Horregatik du garrantzia talde anitza integratzea, hainbat espezialitateko profesionalekin.
Halako proiektu bat diseinatzen denetik eraikina amaitzen denera arte zenbat denbora pasa daiteke batez beste?
Diseinua egin eta kontrataziorako, baimen guztiak lortzea barne, urtebete inguru behar izaten da. Eta pare bat urte hura eraikitzen. Arin joanda, hiru bat urte behar dira. Hori urbanizatuta dagoen lurzoru baten. Izapidetze urbanistikoak izaten badira tarteko, orduan denbora gehiago behar izaten da, baimenak-eta lortzeko.
"Lehen eraikinaren inaugurazioa egin zenean jarri zen bigarren eraikinaren lehen harria. Diseinua osatu dugu, eta lanak aste honetan hasi dira"
Bigarren eraikinaren garapenean ere parte hartuko du Kreanek. Zein puntutan dago?
Lehen eraikinaren inaugurazioa egin zenean jarri zen bigarren eraikinaren lehen harria. Diseinua osatu dugu, eta lanak aste honetan hasi dira. Eta hirugarren eraikinaren diseinuan ere hasita gaude.
Hiru eraikinen artean ba al da desberdintasunik?
Gure bezeroa promotorea da, eta hark bere beharretara egokitzen ditu eraikinak. Horrek berez desberdintasunak ezartzen ditu. Teknologikoki esango nuke antzerakoak direla, baina bai nabaritu dugula, gero eta gehiago, adimen artifizialeko zerbitzariak jartzeagatik eratorritako eskakizunak.
Adimen artifizialak hartu duen bultzadak egokitzeko beharra?
Bai. Eraikinan adimen artifizial sortzaileari egokituak daude. Gero eta dentsitate handiagoko ekipoak dira, kontsumo handiagokoak. Proiektuena ez ezik, sektorearen hazkundea ere hortik doa.