Koldo Peciña: "Teknologia kuantikoak iraultza ekarriko du sektore askotan"

Teknologia kuantikoaren aldeko apustua egitea beharrezkoa zela iritzi dio Peciñak. Gipuzkoa Quantum Hub egitasmoan buru-belarri dabil lanean, 2027rako lurraldea erreferentziazko nodo izatea baitute helburu

Koldo Peciña | Argazkia: Utzita Koldo Peciña | Argazkia: Utzita

Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia da iaztik Koldo Peciña Txintxurreta (Gasteiz, 1978). Zuzenbidean lizentziatua, teknologia berrien arloko zuzenbidean masterra ere badu. Gipuzkoa Quantum Hub egitasmoaren inguruan mintzatu da EnpresaBIDEArekin. Gipuzkoa eta Euskal Autonomia Erkidegoa teknologia kuantikoan erreferentziazko nodo bihurtzea du jomugan, eta horren baitan ekintzailetza bultzatu eta start-up berriak eratzea du helburu egitasmoak.

Zertan datza zehazki Gipuzkoa Quantum Hub egitasmoa?

Gure helburua da 2027rako Europan teknologia kuantikoaren garapenerako erreferentziazko nodo bat sortzea Gipuzkoan, betiere teknologia kuantikoaren balio-katea eta ekintzailetzaren garapena bultzatuz. Bi helburu dauzkagu: ekintzailetza sustatzea eta hemengo enpresak nahiz atzerrikoak Gipuzkoara erakartzea, gure kuantikan ditugun gaitasunak hobetu eta handitzeko. Orain dela hilabete jakin genuen CIC nanoGUNEk Quantum Motion Ingalaterrako enpresarekin egindako akordioa, esaterako. Guk interesa sustatu nahi dugu eta kanpoko enpresak erakarri, hemen ekosistema bat sortzeko. Era berean, balio-katea osatu nahi dugu, hau da, ordenagailu kuantikoak eraikitzeko behar diren materialak eta behar den balio-kate guztia Gipuzkoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan sortzea. Basque Quantum estrategiaren barnean gaude, eta balio-katea sortu eta ekintzailetza sustatu nahi dugu.

Zergatik teknologia kuantikoa? Zer nolako garrantzia du teknologia hau garatzeak?

Teknologia kuantikoak iraultza bat suposatuko du hainbat arlotan. Teknologia kuantikotik lortu nahi duguna da konputazioa askoz ere azkarrago egitea, eta ikusten ari gara horrek dena aldatuko duela, transformatu egingo ditu nola egiten ditugun gauzak, bai konputazio mailan bai materialetan. Konputazio kuantikoarekin materialak garrantzia handia hartuko dute. Sentsorikan ere, prozesuak azkartzeak, inpaktu inportantea izango du.

Hiru arlotan, konputazioan (hardware eta softwarea), sentsorikan eta materialetan iraultza izango da. Zergatik egiten dugu apustua? Une honetan ez baldin badugu egiten, atzean geratuko garelako. Ikusi dugu hardwarean jada beste herrialde batzuk gu baino aurreratuagoak daudela, baina oraindik posible dugu bai softwarean bai sentsorikan pausoak aurrera eman eta lidergo bat hartzea.

"Ikusi dugu hardwarean jada beste herrialde batzuk gu baino aurreratuagoak daudela, baina oraindik posible dugu bai softwarean bai sentsorikan pausoak aurrera eman eta lidergo bat hartzea"

Nazioartean gu baino aurreratuagoak daudela aipatzen duzu. Hemen nola gaude?

Nahiko aurreratuak gaude. Basque Quantumen bidez, IBMren seigarren ordenagailua Donostira ekartzea mugarri inportante bat izan da. IBMren ordenagailua estatubatuarra da, eta hemen Europan ez dugu lortu horrelakorik sortzea. Horregatik egin behar dugu hardwareraren lasterketa esaten dena. Dena den, estrategia mailan nahiko aurreratuak gaude, izan ere, guk erakarri dugu proiektu hori, eta IBMk bere estrategia Gipuzkoara bideratzea oso esanguratsua da. Zergatik ekarri du gurera? Mundu osoak nahi du horrelako aukera bat. Ikerketa mailan oso aurreratuak gara, DIPC (Donostia International Physics Center), Material Physics Center, CIC nanoGUNE eta BRTAk dauzkan zentro teknologikoak oso aurreratuak daude. Enpresak ere badaude sektorean eta erakutsi dugu ezberdinak garela eta badugula indargune bat beste herrialdeekin konparatuta.

IBMren munduko seigarren ordenagailua izango da Euskal Herrikoan, beste bostak, Japonian, Estatu batuetan (2), Alemanian eta Korean daude. Zer suposatzen du honek?

Beraiek erabaki dute hemen jartzea. Erakutsi dugu zer nolako gaitasuna dugun ikerketan, enpresa mailan, balio-katean. Instituzioak ere oso lerratuta daude estrategia honetan. Kanpotik ikusi dute herrialde potentea garela horrelako apustu bat egiteko.

Ordenagailua hemen izateak zer onura ekarri diezaioke lurraldeko garapen ekonomikoari?

Enpresentzat aukera izugarria da ikerketarako horrelako ordenagailu bat hemen izatea. Eusko Jaurlaritza egiten ari den eraikinean jarriko dute IBMren ordenagailu kuantikoa. DIPCk Hyperion superordenagailua ere badu, eta mundu mailan lehengoa edo bigarrena izango da teknologia hibridoak egiten. Ikerketa arloan oso potentea izango da proiektu berriak sortzeko, eta enpresei gaitasuna emango die konputazioan. Askotan dohainik izango da, guk jarriko dugu beraien esku. Gure enpresek lehiakortasun arloan hobetzeko aukera emango digu, eta mundu mailan ahalik eta lehiakorrenak izateko. Lanpostu berriak sortzeko ere garrantzitsua izango da. Ekintzailetzan sortuko dira enpresa berriak, bai materialetan, bai softwarean, bai konputazioan, eta hor sortuko ditugun enpresa eta lanpostu berriak oso aberasgarriak izango dira. Gure ideia kalitatezko lanpostuak sortzea da.

"Lanpostu berriak sortzeko ere garrantzitsua izango da. Ekintzailetzan sortuko dira enpresa berriak, bai materialetan, bai softwarean, bai konputazioan"

Denera zenbateko inbertsioa egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak teknologia kuantikoan?

Basque Quantum proiektu osoan 120 milioi euro jarri ditu Jaurlaritzak eta hiru aldundiek. Guk dirulaguntzetan bi milioi euro jarri ditugu azkeneko hiru urteetan, teknologia hauek enpresetan barneratzeko.

Gipuzkoa Quantum Hub egitasmoaren atzean enpresa eta ikerketa taldeak daude. Zeintzuk dira horiek?

Azkeneko hiru urteetan dirulaguntzak eman dizkiegu enpresei, teknologia kuantikoa errazteko, eta 30 proiektu sortu ditugu 20 enpresetan. Orain sortzen ari gara Gipuzkoa Quantum Hub aholku batzordea deitzen duguna. Sektoreko eragile guztien arteko elkargunea izango da, eta gehienbat ekintzailetasuna sustatuko duen hub-a izango da.

BIC Gipuzkoarekin lankidetzan QuBIC Accelerator programa ere martxan jarriko duzue.

Gipuzkoa Quantum Huben barruan egongo da programa hau. Ekintzailetasun estrategiak BICen bitartez egiten du beti aldundiak. Azelerazio programa baten bidez enpresak hona erakarri nahi dira, eta proiektu baten azelerazio prozesu bat eman, merkaturatzeko edo start-up hori sortarazteko. BIC Gipuzkoak egiten duen lanarekin oso lerratuta gaude, gure besoa dira nolabait, gure estrategiak aurrera eramateko ekintzailetasun arloan.

"2027an gure nodoa sortuta izan nahi dugu, eta teknologia kuantikoaren erreferentzia izan Europa mailan"

Etorkizunera begira, zeintzuk dira egitasmoaren hurrengo urratsak?

Hurrengo hilabeteetan gehienbat QuBIC Accelerator progama martxan jartzea, eta Gipuzkoa Quantum Hub ofizialki eratzea. 2025-27 aldirako, azelerazio programaren bidez, enpresak erakarri eta industria arloko start-up berriak sortu nahi ditugu. Arrisku kapitaleko funtsak aztertu eta identifikatuko ditugu, venture kapitala behar baitugu estrategian. 2027an gure nodoa sortuta izan nahi dugu, eta teknologia kuantikoaren erreferentzia izan Europa mailan.

Teknologia kuantikoaren etorkizuna nola ikusten duzu?

Teknologia kuantikoan aurreratuena dagoen merkatua sentsorika da. Softwarea jada merkatuan dago eta nahiko aurreratua, baina betiere teknologia kuantikoa, hardwarea eta ordenagailu kuantikoak izango dira pausoak markatuko dituzten teknologiak. Esaten da 2026an ordenagailu kuantikoak ez direla masiboak izango, baina nahiko aurreratuak egongo direla, eta hortik aurrera hasiko dela iraultza mundu osoan. Hardwareak markatuko dizkigu pausoak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK