"Labur.eus-ena ez da itxura aldaketa bakarrik, sistemaren berregituraketa osoa baizik"

Gaurtik aurrera plan profesionala ere izango du labur.eus-ek eta erabiltzaile arruntentzako garapen aurreratuagoa eskainiko du Puntueusek eta Iametzak eginiko lankidetzari esker

Eli Pombo eta Josu Waliño Eli Pombo eta Josu Waliño

6.000 erabiltzailera iritsi da labur.eus zortzi urteko ibilbidean. Arrakasta izan zuen hasieratik, baina beste pauso bat emateko unea iritsi zaio. Gaurtik bertatik, labur.eus berritua jaio da. Aldaketa ez da soilik estetikoa; zibersegurtasun ikuspegitik eta garapenaren aldetik egungo erronka digitalei erantzun nahi die. Berritasun nagusia, baina, plan profesionala da, domeinua pertsonalizatzeko aukerarekin. EnpresaBIDEA Josu Waliño Puntueuseko zuzendariarekin eta Eli Pombo Iametzako kudeatzailearekin izan da, garapenaz eta prozesuaz hitz egiteko.

Zer dela eta erabaki duzue labur.eus-en aldaketa batzuk txertatzea?

Josu Waliño (J.W.): prozesu luze batetik dator. 2017an jarri genuen martxan labur.eus, Dinahosting web hornitzaileak Puntueusi eginiko proposamen bat izanik. Beraiek zerbitzu hori eskaintzen zuten, eta proposatu ziguten hura sortzea, euskaraz, euskal komunitateari begira. Hasiera-hasieratik arrakasta nabaria izan zuen. Izugarria izan da zenbat erabiltzaile instituzional, enpresarial, eta abar izan dituen. Erabilera oso intentsiboa izan da.

Zenbait kezka izan ditugu bide horretan. Batetik, zerbitzuaren funtzionalitate teknikoak hobetzeko gaitasunik ez izatea. Halako informatika zerbitzuek eskatzen dute aurrerapausoak ematea segurtasun ikuspegitik, edota aukera ikuspegitik, plan profesionalak eskainita. Baina kasu honetan Dinahostingek jarri zuen martxan, haiek kudeatzen zuten zerbitzua eta ez zuen horretarako aukerarik. Horregatik gako zen gu —Puntueus eta Iametza— zerbitzuaren kargu egitea.

Bestetik, labur.eus Puntueusen zabalkunderako gako izan da, eta aldaketak txertatzeak beste indar bat ematen dio. Komunitatearentzat ere baliabidea izan da, eta funtzionalitate aurreratuak eskaintzea —domeinu propioa, esaterako— interesgarria izan daitekeela uste dugu.

Iametza eta Puntueusen arteko lankidetza ez da berria. Zein puntutan ikusten duzue labur.eus berritua ere lankidetza horren baitan garatu behar dela?

J.W.: Iametzak eta Puntueusek hitzarmen bat dugu, badugulako ikuspegi partekatua euskarak behar duen estrategia digitalaren inguruan. Eta elkarrekin, beste zerbitzu batzuekin batera, labur.eus zerbitzua hobetu eta komunitatearen esku jartzeko beharra ikusi genuen.

Eli Pombo (E.P.): bat egiten dugu ikuspegian. Iametzaren helburuetako bat da euskal komunitateari tresna aurreratuak eta profesionalak eskaintzea. Hor kokatzen da Puntueusekin lankidetza. Ulertzen dut Puntueusek behar duela teknikoki helburu bezala jartzen diren horiek exekutatzeko agentea eta hori gu garela. Neurri batean, Josuk esan duen bezala, labur.eus-en eskemaren modukoa duten batzuk badira, Tyniurl adibidez, baina horiek garapen profesionalerako alternatibak ere eskaintzen dituzte.

Aurrerapauso hau ematea bada beste modu bat ulertzeko euskara ez dela beti doan eta militantziaz eskaini behar den zerbait. Euskaraz eskaini daitezke gauzak modu profesionalagoan, segurtasun neurriak zainduz eta modu teknologikoki aurreratuagoan. Logika horrekin ere funtzionatu behar da, gizartea geroz eta normalizatuagoa izatea nahi badugu.

Eli Pombo (Iametza): "Aurrerapauso hau ematea bada beste modu bat ulertzeko euskara ez dela beti doan eta militantziaz eskaini behar den zerbait. Euskaraz eskaini daitezke gauzak modu profesionalagoan"

Noiz sartzen da Iametza?

J.W.:  diseinu funtzionalaren fase elkarrekin egin dugu. Guk lehenagotik zenbait ideia bagenituen ere, ekarpena biona da. Lan egiteko modu baten isla ere bada:  Puntueus martxan jarri genuenetik garbi genuen ez ginela hasiko besteek egiten dutena errepikatzen. Aukera bat izan zitekeen garapen proiektuetarako lantaldea handitzea. Baina zertarako gure komunitatean dagoeneko eragile horiek badaude? Halako proiektu baten Iametza bezalako bazkide teknologikoak izatea sustatu, zabaldu eta zaindu nahi dugu. Eta naturala da guretzat horrela funtzionatzea.

E.P.: Guretzat ere hala da. Eta gainera, horrelako lankidetza baten egoteak ikuspegia irekitzen dizu. Guk zerbitzu enpresa bezala lantzen dugu bai teknologia, bai komunikazioa. Eta labur.eus-en adibide jakin honek bai jarri gaitu euskal ikuspegi integral baten pentsatzen. Esan nahi dut: egiten ditugu webguneak udalentzat edo kanpo komunikazioa bereziki zaintzen duten entitateentzat. Orain apustua da webgune horren bidez txertatu dezatela labur.eus euren komunikazioan. Kanpo komunikazio horri lotuta beharrezko tresna izateaz gain, aldaketek ahalbidetuko dute norbere izaera eta nortasunarekin pertsonalizatzea. Marka eta marketina lantzen duzu, eta euskarazok komunikazioa ere bai. Zentzu horretan aberasgarria da, lankidetza interesgarria delako eta euskarazko teknologian eta komunikazioan beste ekarpentxo bat delako modu globalean ikusita gure bezeroei begira ere.

Garapena, beraz, guztiz berria da?

E.P.: guztiz berria egin da, bai; elkarrekin egin dugu definizioa eta garapena.

J.W.: alegia, ez da lehengo labur.eus hartu dugula eta kodea hobetu. Labur.eus zerotik garatu da lehen genituen funtzionalitateak mantenduta eta funtzionalitate gehiago eta hobetuak gehituta. Ez da itxura aldaketa bakarrik, sistemaren berregituraketa osoa baizik.

Josu Waliño (Puntueus): "Plan profesionalak eskaintzen duen ezaugarri nagusia da labur.eus erabat pertsonalizatzeko aukera"

Plan profesionalaren sorrera da seguru asko aldaketa nabariena. Zertan datza?

J.W.: labur.eus asko erabili da hasieratik, eta oso maila desberdinetan. Ohartu ginen, ordea, erakunde profesionalek, komunikabideek, instituzio publikoek erabili ez ezik, oso intentsiboki erabiltzen dutela, eta horretarako beste baldintza batzuk behar zirela. Beraz, hemendik aurrera, betiko plan normalaz gain, plan aurreratuago bat izango da, plan profesionala. Azpimarratzekotan, esango nuke eskaintzen duen ezaugarri nagusia dela labur.eus erabat pertsonalizatzeko aukera. Alegia, url-a oso-osorik pertsonalizatu dezakezu labur.eus-en ordez domeinu pertsonalizatua jarrita. Eta gainera, automatizazio zerbitzuak gehitu dizkiogu norberak bere sistemetan integratu ahal izateko. Uste dugu erabilera intentsibo eta profesionalagoa egiten dutenentzat baliagarriagoa dela horrela planteatuta.

E.P.: era berean, saritu nahi izan da estatistika aurreratuekin, esteken funtzionamendua aztertzeko. Funtzionamendua bereizi da profesionalaren eta normalaren artean.

Ohiko erabiltzaileentzat ere aldaketak datoz garapenari eta abarri dagokionez?

J.W.: martxan jarri den labur.eus berri honetan erabiltzaileak jarraitu ahalko du doako zerbitzua erabiltzen, baldintzak zertxobait aldatu badira ere. Orain badu muga bat lehen ez zuena: hilean gehienez 100 laburdura egin daitezke doan. Baina muga hori ezartzeko ere ditugun datuen azterketa egin dugu. Erabiltzaile arruntek ez dute behar izaten hori baino gehiago. Erabilera profesionalekoen kasuan kopurua mugagabea da.

E.P.: uste dugu erabiltzaile partikular arruntak hor jarraituko duela ohi bezala, eta ez duela “kalterik” sumatuko. Baina edozein kasutan, ikuspegi aurreratuagoa edo profesionalagoa eman nahi izan zaio zerbitzuari.

Eli Pombo: "Horrelako lankidetza baten egoteak ikuspegia irekitzen dizu"

Zergatik orain eta ez lehenago?

J.W.: arrazoia da orain arte Dinahostingen esku egon dela parte teknikoa, eta eskatzen genituen aldaketak eta hobekuntzak ez ziren lehentasun haientzat. Azken batean, eurak enpresa pribatua dira, ez daude Euskal Herrian eta hau dena negozioa da haientzat. Adostasunetara iristeko elkarrizketa asko behar izan ditugu. Horrek ez du esan nahi inolako arazorik izan denik; prozesu bat izan dela besterik ez.

E.P.: are gehiago, Dinahosting halako kausetan inplikatu ohi den enpresa da. Mastodoneko zerbitzaria ere eurak jartzen dute, adibidez.

J.W.: hori da. Eta orain egin dugun akordioa izan da: kentzen diogu karga Dinahostingi eta gu arduratzen gara mantentze teknikoaz eta hobekuntzaz. Eta Dinahostingek jarraitzen du proiektuaren parte izaten, eta haren marka hemen dago. Hori adostu dugunean egin dugu aldaketa.

Ardura aldaketa horrek aldaketarik ekarri Puntueusen?

J.W.: guretzat modu naturalean txertatu da. Lehendik ere, erabiltzailearentzat labur.eus Puntueusen proiektu bat zen. Norbaitek arazo edo zalantzaren bat izan badu, gurekin egon da harremanetan. Kontua da gu kargu eginaz askatasun gehiago dugula erabakitzeko proiektua nolakoa izango den, eta sustapen lana eta erabiltzaileei harrera egiten jarraituko dugu. Kudeaketa teknikoa lehen ez zegoen gure esku, eta orain ere ez dago gure esku. Arreta teknikorik beharko balitz, Iametzak egingo du. Zentzu horretan ez du aldatzen; hobetu egiten du.

Josu Waliño: "Euskaraz egiten duzulako, ez da interpretatzen zerbitzu digital aurreratua dela. Horrek kezkatzen nau"

Eta Iametzarentzat aldaketarik dakar?

E.P.: zerbitzu bat gehiago da, lehenagotik ditugun proiektu eta zerbitzuetara gehitzen dena. Baina ez dugu aurreikusten honek ekarriko digunik karga berezirik egunerokoan. Are, kontrakoa. Josuk esan bezala, askatasuna dagoenez gure artean kudeatzeko, esango nuke edozein hobekuntza beharren aurrean edo intzidentzia edo aldaketa beharren aurrean gu garela autonomo eta erantzule.

Elkarrizketa hasieran aipatu duzue euskarak eremu digitalean geroz eta profesionalago izateko bideari eutsi diola eta eusten jarraitu behar diola. Zein puntutan ikusten duzue?

J.W.: pauso handiak eman dira. Abiapuntua ere badago: profesionalak geroz eta euskaldunak dira zorionez, eta euskararen profesionalizazio maila altua da. Eta normalena da enpresa teknologiko eta profesional euskaldunak izatea eta zerbitzu digitalak euskaraz ere ematea.

Baina normalizazio faltak kezkatzen nau. Adibide bat jarriko dut. Duela bi aste argitaratu genuen webtest.eus zibersegurtasun zerbitzua. Haren oihartzuna euskarazko zerbitzu bezala da, zibersegurtasun zerbitzu bezala baino. Euskaraz egiten duzulako, ez da interpretatzen zerbitzu digital aurreratua dela. Horrek kezkatzen nau gehiago.

Puntueusi berari gertatzen zaio. Guk egiten dugun lana da, neurri handi baten, Puntonetek, Puntocomek edo Puntoesek egiten duen lan berdina: domeinu baten kudeaketa teknologiko eta digitala. Gure lana nazioarteko eremu digitalean eta teknologikoan kokatzen da. Baina harremantzen zarenean euskal herriko sektore industrial edo teknologikoarekin, beraientzat euskalgintza zara. Eta pentsatzen dut Iametzari beste hainbeste gertatuko zaiola. Normalizazioa alor horretan falta da: ulertzea hizkuntza elementu naturala dela gure herrian, eta zerbitzu digital profesionalak eremu normal batekoak direla.

E.P.: ni ados nago Josurekin. Kezkagarria da batzuek, euskaraz izateagatik, sartzen zaituztela euskararen edo kultur eragilearen laukian. Euskaraz egiteagatik ez zara profesionalki eta teknologikoki hobea edo okerragoa. Guretzat euskara da eskaintzen ditugun zerbitzuetan bereizgarri bat. Adituagoa zara eta horretan oinarrituta segmentu berezituago batengana iristen zara. Baina beste enpresa batek beste hautu bat egiten duenean bezalaxe.

Bezeroen ikuspegitik, egia da zerbitzu digitalak euskaraz eskatzen direla jende euskal hiztuna lanean dagoelako eta gure beste helburuetako bat delako komunikaziotik sentsibilizazio eta ahalduntzean eragitea, euskara lan-tresna gisa normaltasun testuinguruan manejatu dezagun. Guztiz logikoa da euskarazko tresnak edukitzea, tokiko hizkuntza izanik, lehiakortasun ikuspegi batetik ere ondorio bat duela ulertuta. Eleaniztasuna kudeatuko bada, tresnek euskaraz ere egon behar dute. Gu horretan aritzen gara: euskararen motibaziotik abiatuta, noski. Baina baita ulertuta normalizazio prozesu horretan horrela behar duela bai ala bai.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK