Aurki beteko da urtebete Laura Marron Merinok BAIC Basque Artificial Intelligence Centerreko zuzendaritza hartu zuenetik. Nork esan behar zuen orduan 2022an adimen artifizialak (AA) halako bultzada har zezakeela, gaurkotasunaren lehen lerroetara salto eginda ChatGPT dela-eta batez ere. BAICek, sortu zenetik—2021eko uztaila—, euskal ekosistema saretu eta bultzatzea, adimen artifizialaren dibulgazioa egitea eta talentua sustatzea izan ditu erronka, besteak beste. Horiei buruz, adimen artifizialaren mehatxuez eta aukerez, eta etikaz eta araudiaz hitz egin du Marronek EnpresaBIDEArekin.
Nola ulertzen du BAICek adimen artifiziala?
Guretzat helburua da adimen artifizialaren garapena bizkortzea, eta industrian aplikatu dadin. Alegia, BAICentzat adimen artifiziala tresna bat da balioa eransteko, eta ekosistema eta aplikazio berriak sortzeko.
Bere horretan definiziora bazoaz, guk Europako erregulazioak ezartzen duena hartzen dugu, hori baita bete behar izaten duguna: “sistema bat da, autonomia puntu batekin operatzeko diseinatua, gizakiak edo makinen bildutako datuetan eta sarreretan oinarritutakoa. Datu horiekin helburu jakin batzuk lortzen ditu, kasu horretan gizakiek definiturikoak”. Beraz, datu-multzo batez ari gara, non algoritmo batzuk sartuta irteera batzuk lortzen dituzu. Edozein kasutan, esan bezala, guretzat tresna bat besterik ez dira. Adimen artifizialaren kaxaren barruan teknologia asko sartzen baitira —machine learning, bisio artifiziala...—, eta horien bitartezko erabilera asko.
Alegia, lehenik beharra edo arazoa identifikatu behar da, ezta?
Bai, hori da guk beti gomendatzen duguna. Enpresa bezala nire merkatu eta negozioaren ezagutza dut, behar bat identifikatu dut, eta hortik ikusi zein pieza teknologikok balio dizun.
Berdin ulertzen al da herritarrentzat eta enpresentzat?
Teknikak berdinak dira. Erabilera da aldatzen dena. Edozein kasutan, urteak dira enpresa munduan adimen artifiziala erabiltzen dela. Aldatu dena da adimen artifiziala denongana heltze hori kodetzeari buruz ezer ez jakitea eskatzen duten aplikazioen bitartez.
"Twitterrek bost urte behar izan zituen 100.000 milioi harpidedun lortzeko; Instagramek bi urte eta erdian lortu zuen; ChatCPGTk bi hilabetetan lortu du"
ChatGPT eta antzekoen booma ikusi dugu. Baina inflexio puntu bati buruz ari al gara adimen artifizialari dagokionez?
Une gogoangarri bat bizi dugula uste dugu. Datuak ematearren, AVS aholkularitza finantzarioko txosten baten arabera, LDM ereduaren —tamaina handikoa— sarbidea teknologiaren historiako garrantzitsuena izan da. Twitterrek bost urte behar izan zituen 100.000 milioi harpidedun lortzeko; Instagramek bi urte eta erdian lortu zuen; ChatCPGTk bi hilabetetan lortu du. Beraz, sarbide aldetik, baita teknologien irisgarritasunari dagokionez, puntu garrantzitsu bat izan dela uste dugu.
Inflexio puntu hori enpresetan ere nabaritu duzue?
Teknologiaren berri izateak zenbait enpresen interesa piztu du, zehazki, hainbat enpresa txiki eta ertainena, oraindik pauso hori eman gabe zutenak. Egia da ez dagoela hain neurtuta LNM teknologia horrek eta antzekoek industriaren kasuan zein zuzeneko inpaktu duten. Baina teknologia horrek hedabideetara halako saltoa egin izanak laguntzen du eurentzat izan daitekeela pentsatzen.
Adimen artifiziala industria 4.0ko trantsizioan ezinbesteko hanka izan da?
Industria 4.0 ere emandako pauso batzuk dira, pieza talde bat. Egia da adimen artifiziala aurreko pieza horiek gabe ez dela posible. Lehen puntua da digitalizazioa, non datuetara duzun sarbidea. Industriako eraldaketa ahalbidetzen duen elementu nagusia da datuak eta kalkulu gaitasuna uztartzea. Horrela lortzen duzu adimen artifiziala eta bestelakoak aplikatzea.
Nola dago EAE posizionatua adimen artifizialari dagokionez?
Ezeren aurretik, BAICen ardatzetako bat da Behatokia, eta idazkaritza teknikoa zabaldu berri dugu adimen artifizialari loturiko eragileen mapeoa egiteko, ikusteko nor den nor adimen artifizialaren EAEko ekosisteman, zer dagoen oso garatuta eta zer garatu nahi dugun, eta gurea neurtu eta beste eragile batzuekin alderatzeko. Datu horiek eman nahiko nizkizueke, baina oraindik ez daude.
Hala ere, badira argitaratutako zenbait txosten. Orkestrako Lehiakortasun Txostenean ikusten denez, teknologia digitala txertatzeari dagokionez, EAE 8. postuan dago. Bestela esanda, Espainiako eta Europako batez bestekoaren gainetik. Eta euskal ETEen %71k du behintzat digitalizazioa, maila desberdinetan.
Zehazki adimen artifizialari erreparatuta, 10 langile baino gehiago dituzten ETE teknologikoen %22k adimen artifiziala erabiltzen du. Europar Batasunarekin alderatuta apur bat beherago izango ginateke. Beraz, esan daiteke hazitegi ona dugula, baina zehazki adimen artifizialari dagokionez bidea dugula egiteko.
"Zertan inbertitu baino, enpresek galdetzen dute zer jakin behar duten, norekin hitz egin dezaketen, zein kolaborazio jar ditzaketen martxan, zein negozio eredu berri eraiki dezaketen..."
Mundu mailan enpresen inbertsioa hamahiru aldiz biderkatu da azkeneko hamarkadan. Enpresek galdetzen dute zertan inbertitu daitekeen?
Zertan inbertitu baino, enpresek galdetzen dute zer jakin behar duten, norekin hitz egin dezaketen, zein kolaborazio jar ditzaketen martxan, zein negozio eredu berri eraiki dezaketen... Noski, badago beste behar hori ere eta horri erantzuteko sortzen da BAIC. Azken baten BAIC da eragile bat non ekosistema zentralizatzen den. Ahalbidetzen du zure behar edo arazo bati erantzun nahi badiozu, beste hainbat entitaterekin egitea topo zure egoera berdina dutenak edo zu baino aurreratuago direnak eta helduleku izan daitezkeenak.
BAICen estrategia da, beraz, bidegile izatea?
BAICen estrategia da ekosistemari bidea erraztea. Adimen artifiziala egiten hasi duen norbaitek nora jo jakin dezan. Eta horrekin batera, indar gehiago izan dezagun ekosistema guztia bateratuta eta Euskadi bezala nazioartean hobeto posizionatzeko aukera izan dezagun. Izan ere, konplexutasun teknologiko handiko unea da, eta norbera bere kabuz joanda ez da ezer lortzen. Aldiz, BAICen —eta ekosisteman— daude zentro teknologiko eta ezagutza eragileak, enpresa traktore handiak, garatzaile teknologikoak, administrazio publikoa... Kolaborazio publiko-pribatua sustatzen dugu denok sinergia horien sorrera bultzatu dezagun. Bideratzaile bat gara azken baten.
Nolakoa izaten ari da ekosistema elkartzeko prozesua?
Iazko abenduan jarri genuen martxan bazkidearen bulegoa deritzona. Horren aurretik, BAICen lehenengo urtea entitatea bera sortzeko eta estrategiak finkatzeko erabili zen. Behin bulegoa abiarazita, eragileak ekosistemaren parte aktibora hasi dira sartzen. Horrek ez du esan adimen artifiziala egiten duten eragile gehiago ez daudenik. Baina pixkanaka gerturatzen doaz, norbera bere beharrekin eta ezagutzarekin. Une honetan 35 bazkide ditu, eta 10 kolaboratzaile baino gehiago. Eta egin beharrekoak norberaren abiaduraren arabera artikulatzen ditugu. Hala, azkarrago doazenek euren burua aberasteko esparruak topatu ditzakete. Eta motelago doazenek ikasi egin dezakete, eta gomendioak izan.
Lehia eta kolaborazioa. Nola uztartzen dira?
Niri kopetition kontzeptua gustatzen zait, geroz eta gehiago erabili beharko duguna. Ezagutzak eta teknologiak hainbesteko garapena darama, non gauzak ezin ditugun bakarrik egin. Lehiatzen dugun bitartean kolaboratzen ikasi behar dugu, baina horrek balio eta aukera gehiago sortuko ditu. Guk ere elkarte bezala hala egiten dugu lan, BAICek ezin dituelako gauzak bakarrik konpondu. Ikuspegi horrekin jaio ginen, elkarlan publiko-pribatuarena. Noski, esparru honetara entitateak ez dira etorriko euren azken aurkikuntza partekatzera, baina elkarlanerako aukera handia dago.
Next Generation funtsak bultzada ematen ari da adimen artifizialari?
Ez dakit zehazki esaten. Baina badakit halako beste zenbait laguntzen kasuetan —azken baten beste entitate batzuen bitartez iristen direnak— emaitzak ematen ari direla. Esaterako, SPRIk pare bat urte daramatza adimen artifizial aplikatuko programarekin. 2021ean 69 enpresek hartu zuten parte, eta iaz 55ek. Beraz kontsortzioak sortzen dira eta aurkezten dira. BAICen barruan dugun beste proiektuetako bat da sinergia eta kolaborazio horiek bultzatzea, halako bestelako proiektuak sor daitezen.
"Ezagutzak eta teknologiak hainbesteko garapena darama, non gauzak ezin ditugun bakarrik egin. Lehiatzen dugun bitartean kolaboratzen ikasi behar dugu, baina horrek balio eta aukera sortuko ditu"
Ba al dago punta-puntako sektorerik adimen artifizialari dagokionez EAEn?
Sektore guztiei eragiten die. Beraz ez da sektore bakar baten gauza. Egia da lehen aipatu bezala sektore horiek non digitalizazioan gehien inbertitu den, baita eraldaketan ere, prestakuntza hobea dutela. Zentzu horretan, fabrikazio-aurreratua da adimen artifizialeko erreferentea geurean. Era berean, adimen artifizialaren aplikazioak ikusten ari gara sektore energetikoan eta aurrerapenak ikusten ari dira osasungintzan ere. Baina presentzia gehien, esan bezala, fabrikazio aurreratuaren esparruan. Finantzen esparruan, adibidez, BAICetik oraindik ez gaude hain aktibo, baina sekulako potentziala du.
Azken hilabeteotan asko irakurri dugu adimen artifiziala mehatxua dela geure lanentzat. OCDEko datuek diote 10 urte barru egungo enpleguen %14 guztiz automatizatuta izango direla, eta %32 partzialki automatizatuta. Zein puntura arte eraldatu ditu eta eraldatuko ditu geure lanak?
Lanak eraldatzen ditu. Hori errealitatea da, eta harrezkero aldatzen ari da. Batez ere errepikakorragoak direnak, eta automatizatu daitezkeenak litekeena da adimen artifizialak ordezkatzea. Horrek ez du esan nahi lan eskaintza gutxitu egingo denik. Baina aldatu egingo da. Beste lan eredu batzuk sustatuko ditugu, non sormena eta giza-ekarpena indartzen diren. Parte baten, beraz, gure lana gizatiartu egiten du. Baina eraldaketa hori egin ahal izateko formakuntza behar dugu. Prest izan behar gara, lanean jada hasi, eta ardura dugu inor ez dadin atzean geratu.
Talentu falta dela eta, arazo bat izan dezakegu?
Talentuaren falta kontua puntu kritikoa da. Modu orokorrean, erronka demografikoagatik, eta digitalean eta zehatzagoetan are gehiago. BAICen beste ardatzetako bat da talentuaren kudeaketa. EAE mailan eragileak oso aktibo daude esparru horretan. Araututako ikaskuntzan, adimen artifizialeko 10 formakuntza baino gehiago ditugu identifikatuta, eta aldaketa behar horretara egokituta daude. Bidea dute oraindik egiteko, eta BAICetik ere lanean ari gara horretarako, baina STEMekin ere bateratzen da. Alegia, zein interes helarazi behar diegun haurrei mundu zientifiko teknologikoari dagokionez.
Burura datozkigun lehen profilak dira tekniko-teknologikoak. Baina zein puntura arte behar ditu, esaterako, gizarte eta giza zientzietan formakuntza duten profilak ere?
Guztiz zeharkako mundua da. Hanka teknikoa du, eta hura lantzea garrantzitsua da. Baina etikaren eta araudiaren esparruekin-eta ikusten ari gara zenbat sektoretan aplikatu ahalko den, hezkuntzan kasu. Eraldaketa sozioekonomiko batez ari gara. Beraz, parte teknikoa badago, baina bestea ere. Eragile eta formazio guztiak gehitu behar dira.
"Adimen artifizialak lanak eraldatzen ditu. Hori errealitatea da, eta harrezkero aldatzen ari da. [...] Horrek ez du esan nahi lan eskaintza gutxitu egingo denik. Baina aldatu egingo da"
Zein puntura arte min egin dezakete joerek, genero, arraza eta abarri dagozkionak?
Horren arriskua ez da adimen artifiziala. Pertsonek modu hobean edo okerragoan erabili dezakegu. Baina kutxa bat da, non dena sartzen duzun. Sartzen duzun horrek joera bat badu, aterako denak ere. Etika eta araudiak, ezinbestekoak direenak, hori guztia lantzen dute. Saiatzen da bermatzen kalitatezko datuekin egin dezagun lan, positiboa ez den patroi bat izango ez dutenak. Horregatik da garrantzitsua datuen kalitatean fokua jartzea.
Adimen artifizial generatiboaren garapena moteltzeko manifestua sinatu dute mundu mailako zenbait adituk. Zein ikuspegi du BAIC horren inguruan?
Nahiz eta sistema oso konplexu eta aurreratu batzuei egiten dien manifestu horrek erreferentzia, eta ez adimen artifizialari modu orokorrean, BAICetik pentsatzen dugu ezin daitekeela eten mundu mailako garapen teknologiko bat. Halako adostasun batera iristea oso zaila da. Gainera, horrek gardentasun falta bultzatuko luke. Hain zuzen, etika eta araudiaren arloan gehien lantzen dena da gardentasuna eta algoritmoak azaldu ahal izatea. Gelditzen baduzu, ezingo duzu ikusi edo kontrolatu gertatzen ari dena. Horrek arriskutsuago bihurtzen du. Gure ikuspegitik, egin beharreko bidea da Europan martxan jarritako IA Actena. Horrek ahalbidetuko du kide diren estatu guztiek modu nahiko arrazoizkoan bete ditzaten zenbait neurri.
Etika al da adimen artifizialaren erronka nagusienetako bat?
Erronka gakoa da, are gehiago Europan, non pribatutasun eta errespetu irizpideak lehentasun mailen goiko partean ezartzen ari diren. Garrantzitsua da azpimarratzea araudiaren eta etikaren alderdi horiek diseinuaren unean bertan txertatu behar direla. Alegia, ez da prestatu, eta ondoren planteatu. Algoritmo eta aplikazioen diseinutik bertatik izan beharko litzarteke kontuan.
Eta hala egiten ari dira?
Europa mailan, adimen artifizialari loturiko araudia onarpen prozesuan dago. Derrigorrez bete beharko da. Eta BAICetik lantzen ari garen beste alderdi bat da ekosistema guztiak horren ezagutza izan dezan, alegia, zein betebehar dituen, diseinuan ere kontuan hartzea, eta abar. Horrek harremana du lehen esandakoarekin. Adimen artifiziala ez da soilik teknologikoa. Oso gizatiarra ere bada.
"BAICetik pentsatzen dugu ezin daitekeela eten mundu mailako garapen teknologiko bat. Halako adostasun batera iristea oso zaila da. Gainera, horrek gardentasun falta bultzatuko luke"
Araudia beti doa teknologiaren atzetik?
Araudia ez da atzean geratzen. Existitzen den zerbait erregulatu behar du. Beraz, lehenik behar bat sortzen da, eta ondoren horri heltzen zaio. Egia da adimen artifiziala oso garapen azkarra izaten ari dela, baina alderdi asko kontuan izan behar dituzunez, konplexutasun maila handia eskatzen du.
Europa zorrotzagoa da araudiarekin AEBak baino?
Erregulazio kontuei heltzen diozunean, hainbat aukera daude. Marko bat non konfiantza maila sortzen duzun, bermezkoa eta lasaitasun maila batekin, enpresek jarraitu nahiko dutena. Hori jarraitzen ari da Europa. Eta bestea da AEBen jarraitzen ari dena, industria mailan pausoak eman, gauzak erraztu eta bultzatzeko. Ikuspegi desberdinak dira. Ni herritar gisa erosoago sentitzen naiz lehenengo ikuspegiarekin. Abiadura asko izan daitezke, baina zaintza hori niretzat lasaigarria da.
"Araudia ez da atzean geratzen. Existitzen den zerbait erregulatu behar du. Beraz, lehenik behar bat sortzen da, eta ondoren horri heltzen zaio"
Datorren asteartean, maiatzaren 2an, Enpresak bultzatzeko datu-gunea jardunaldia antolatu duzue Bilbon Innolabekin batera. Zein da helburua?
Dibulgazioa egitea, eta zein aukera dauden erakustea. Izan ere, hori da BAICen azkeneko ardatza: datuaren estrategia. Hain zuzen, datuaren kalitatearen arabera zer gertatzen den jorratzea ezinbestekoa da —zaindua, balioa erantsita, eta joera gabekoa zein garrantzitsua den—. Eta aldi berean, partekatzeko espazio bat ere bada, datuaren ekonomiarekin sortzen ari diren negozio ereduei buruzkoa.
Gainera, Gaia-Xek Tecnaliaren bitartez antolaturiko Hackatonaren aurretik izango da. Foro hori teknikoagoa da, harrezkero gaiaz zerbait dakitenentzat. Honek beste ikuspegi bat du: helburua da konfiantza-esparru bat sortu datuaren estrategia zer den ezagutzen ez duen norbaitek, edo datuen espazio partekatu bat zer den ez dakien norbaitek ulertzeko aukera izan dezan, esperientzia errealak ezagutuz.
Oraindik ibilbide luzea dago egiteko, definitzen ari baita oraindik. Paradigma berri bat du ardatz, non espazioak izan ditzagun datuei balioa emateko, ez oparitzeko.