Lorea Argaratek jasoko du aurtengo Gladys saria

Teknologo, dibulgatzaile eta musikari bilbotarra da Argarate. Irailaren 26an egingo da sari banaketa EHUko Informatika Fakultatean

Argazkia: PuntuEUS Argazkia: PuntuEUS

Lorea Argarate Zubiak (Bilbo, 1990) jasoko du aurtengo Gladys saria. Ingurune digitalean emakume gazteek garatutako ibilbidea saritu eta emakumezko erreferenteen proiekzioa bultzatzea ditu helburu sariak, eta irailaren 26an, EHUko Informatika Fakultatean egingo da sari banaketa.

Argarate teknologo, dibulgatzaile eta musikaria da, eta bere ekintzailetasuna, dibulgazio lana eta ibilbide aberatsa nabarmendu ditu epaimahaiak. Egun, Berlinen bizi da, eta fisika gradua hasi bazuen ere, telekomunikazio ingeniaria da. Antolakuntza industrialeko graduondokoa egina du Deustuko Unibertsitatean, eta bi master ere baditu: Big Data eta irakasleen prestakuntza masterra. Halaber, TAZEBAEZ kooperatibako ekintzailea da, eta hezkuntza arloko berrikuntza eta digitalizazio prozesuetan dihardu Berlinen eta Bilbon.

Klarinete jotzailea ere bada Argarate. Azken urteotan, ordea, musika elektronikoan egin du ibilbidea. Las Tea Party DJs musika proiektuko eta Mazmorra taldeko kidea izan zen, eta Mauriziak ez du inor hil taldean ari da orain. Bakarka ere aritzen da hamaika izenarekin.

PuntuEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak antolatuta, Gladys sariaren laugarren edizioa izango da aurtengoa. Iaz Amaia Abanda Abasolo saritu zuten. 2022an, Olatz Perez de Viñasprek irabazi zuen, eta lehen edizioan Ane Iturzaeta Agirre Donostiarraren ibilbideari egin zioten aitortza.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK