
Datorren maiatzaren 12an zabalduko ditu ateak Mubilen egoitza berriak. Eskuzaitzetako industrialdean dago kokatuta, eta 9.700 metro karratuko azalera izango du. Mugikortasun jasangarria eta adimentsua garatzeko zentroa izango da, eta sektoreko hainbat enpresa bilduko dira bertan.
2018an abiatu zen Mubil proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, mugikortasun sektorea indartzea du helburu, punta-puntako teknologia garatuz. Mubil Center energia biltegiratzeko laborategi modernoez, trakzio-sistema elektrikoez eta hidrogeno-pilez hornitua egongo da.
Egitasmo publiko nahiz pribatuak garatuko dira zentroan, eta mugikortasunaren sektorearen erronka nagusiei aurre egiteko lankidetza-proiektuak bultzatuko dira, garraioaren deskarbonizazioa gauzatuta.
Halaber, sektore eta merkatu berriak ere sustatzea du xede Mubil Centerrek. Hala, datozen asteetan, bederatzi enpresek bertara mugituko dituzte euren bulegoak.