Bihar hasiko da Umeei bideratutako sormenezko teknologiei buruzko tailerrak ere antolatu dira | Argazkia: Maker Faire Bilbao Maker Faire Bilbao 2024 jaialdia. Sorkuntza teknologikoen nazioarteko topaketa martxan egongo da azaroaren 24ra bitartean, non hainbat tailer, aurkezpen eta erakusketa interaktibo aurkeztuko diren. Ekimena urtero antolatzen da Artiach galleten fabrika zaharrean (Zorrotzaurren), eta edizio honetarako antolatutako jarduera guztiak doakoak izango dira. Zenbait gai jorratuko dira, hala nola, etorkizunerako teknologia berritzaileen sustapena eta sorkuntza artistikoak garatzeko fabrikazio digitaleko tresnak. Betiere, beharrezkoa izango da aurrez izena ematea.
Lehenengo jardueran proiektu berritzaileak aurkeztuko dira. Zehazki, Espacio Open izeneko fabrikazio digitaleko laborategian garatutako proiektuak azalduko dira, proiektuen sortzaileen eskutik. Horietako batzuk dira: Catalina Ishtar Dominguezen Usaimen Memoria egitasmoa, zeinak adimen artifizialaren bitartez EAEko naturako usainak birsortzen dituen; Libe Kerroum eta Laura Marchanteren Bokashi izeneko azterlana, egun hainbeste erabiltzen diren pertxak ordezkatzeko biomaterialen gainekoa; edota Yelko Feijóo eta Victor Capoeiraren seinaleztapen adimenduneko txalekoa, errepideetan ziklisten segurtasuna hobetzeko diseinatutakoa.
Umeei bideratutako sormenezko teknologiei buruzko tailerrak ere antolatu dira. Bost eta hamar urte bitarteko haurrek lanpara bat sortzeko aukera izango dute, material sinpleekin eginikoa. Zortzi urtetik gorako gazteentzako antolatu da soldaketa eta elektronikari buruzko tailerra, eta Robot Blinky bat sortuko dute. Adin bereko gazteek beste jarduera batean ere parte hartzeko parada izango dute: Drawdio tailerrean edozein objektu musika instrumentu bihurtzen ikasiko dute, elektronikaren bitartez.