Phishing erasoek gora eginda, mehatxuei aurre egiteko estrategia indartu du PuntuEUS fundazioak

2023an, 29 phishing eta pharming kasuri aurre egin behar izan die erakundeak, eta arrisku kasu guztiak indargabetu ahal izan dituzte

Argazkia: PuntuEUS Argazkia: PuntuEUS

2023an jasotako eraso saiakeren %43 phishing kasuak izan ziren. Hala ondorioztatu du PuntuEUS fundazioak urteko zibersegurtasun txostenaren bitartez. 2022arekin alderatuz gero, 6 puntu gora egin dute kasu horiek, zibersegurtasunak eragiketa digitalen esparruan duen garrantzia agerian utziz. 2023an, 29 phishing eta pharming kasuri aurre egin behar izan zien fundazioak, urtebete lehenago berriz, 11 kasu izan ziren. Era berean, phishing kasuen gorakadak eragina izan du abusu-tasa orokorrean, eta 2023an %0,4ean kokatu da. 

Phishing eta pharming-a erabiltzaileen isilpeko informazioa lortzea helburu duten bi eraso zibernetiko mota dira, hala nola pasahitzak, finantza-informazioa edo datu pertsonalak lortzeko. Phishing-a zuzeneko elkarrekintzan oinarritutako iruzurraren bitartez saiatzen da informazio sentikorra lortzen. Pharming-a aldiz, helburu berarekin baina web trafikoa bideratzen saiatzen da informazioa eskuratzen, era isilagoan, DNSaren ebazpenak manipulatuz.

PuntuEUSek argitu duenez, bere monitorizazio zerbitzuari esker, antzemandako arrisku kasuen %100 indargabetu ahal izan dituzte. Hala, prebentzio estrategia berriak ezarri ditu, etorkizuneko erasoen aurka babesteko, mehatxuak identifikatzeko eta ebazpenak arintzeko prebentzio-neurriak garatu ditu.

Josu Waliño zuzendari nagusiaren hitzetan, “gure erronka .EUS erabiltzen duten erakundeei zibererasoen prebentzioan laguntzea da, babeserako eta analisirako tresna propioen bidez. Azken helburua .EUS edozein erabiltzailerentzako ingurunerik seguruena ezartzea da".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK