Quantum. Modako hitza bilakatu da azken urteotan. Zeharo ezezaguna izatetik bolo-bolo ibiltzera pasa da. Adituen iritziz informatika erabat eraldatuko den teknologia da, eta euskal enpresak eta erakundeak buru-belarri hasi dira atzean ez gelditzeko urratsak ematen.
New Yorkeko (AEB) Richard Phillips Feynman fisikoari aitortzen zaio konputazio kuantikoaren jatorria. 1959an Feynmanek There 's Plenty of Room at the Bottom izeneko hitzaldian erronka egin zien teknologiaren inguruko adituei. Nanoteknologiaz eta funtzionatzeko fisika kuantikoaren printzipioetan oinarritzen ziren ordenagailuez hitz egin zuen lehen aldiz. 20 urte behar izan ziren konputazio kuantikoari buruzko lehen konferentzia egiteko, Massachusetts Institute of Technology (MIT) erakundean. 1985ean, David Deutschek lehen ordenagailu kuantiko unibertsala deskribatu zuen XX. mendearen hasieran mekanika kuantikoari buruz emandako printzipioetan, eta Feynmanen ideietan oinarrituta. Hala, konputazio tradizionala gainditzeko aukera emango duen ibilbidea hasi zen, lehen inoiz asmatu gabeko abiaduren aukera sorta oparoa zabalduz.
Orain arteko informatikari buruzko ezagupenak atzean uztera dator konputazio kuantikoa. Burura etortzen zaizkigun super ordenagailuek informazioa bit moduan prozesatzen duten txipekin funtzionatzen dute, 1 edo 0 balioa izan dezaketenak, eta biten arabera aktibatzen edo desaktibatzen diren ate logikoekin. Azken hogei urteeta txip horien tamaina gero eta gehiago murrizten saiatu da teknologia, prozesatzeko potentzia esponentzialki handitu bitartean. Lortu du, zalantza barik, baina ibilbide horren amaierara hurbiltzen ari garela ematen du. Txiparen tamaina zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta aukera gehiago daude informazioa transmititzen dabiltzan elektroiek — lehen aipatutako 0 eta 1 elektroiek — joan behar duten kanaletatik ihes egiteko. Iraultza behar du, hortaz, teknologiak, eta konputazio kuantikoak dena irauli nahi du.
Europako Quantum alorreko enpresa nagusia, Gipuzkoan
Multiverse Compunting Gipuzkoan sortutako start-up teknologikoa da. Finantza eta konputazio kuantikoaren alorreko lau lagunek sortu zuten 2019an, eta egun Donostiako egoitza nagusiaz gain, Toronton (Kanada), Parisen (Frantzia) eta Munichen (Alemania) delegazioak dituzte. Roman Orus Lacort Multiverse Computing konpainiaren salmenta burua da. Ikerbasquen ikerlari zebilela beste aditu batzuekin konputazio kuantikoa finantzen alorrean aplikatzeko aukerak aztertu zituen. 2017an hasi ziren ikertzen eta emaitzak ikusita, talde horretako hiru kiderekin konpainia sortzea erabaki zuen 2019an. Gaur egun, software kuantikoaren eremuko Europako enpresarik handiena da kapitalizazioari dagokionez. Munduan alor horretako lauzpabost enpresa baino ez daude, eta Multiverse da horietako bat. Gainerakoak AEBn eta Kanadan daudela dio Orusek.
Enpresak ibilbide laburra bezain oparoa izan du. 2021eko azaroan 10 milioi euro bildu zituen burutu zuen finantziazio errondan. Madrilgo JME Ventures funtsak gidatu zuen erronda eta teknologia kuantikoetan espezializatutako Quantonation funtsak ere parte hartu zuen. Euskal inbertsiogileek ere errondara jo zuten, hala nola EASO Ventures, Mondragon taldeko CLAVE Capital, Ikerlan, LKS, Seed Gipuzkoa eta Ezten arrisku kapitaleko funtsak.
Software kuantikoaren eremuko Europako enpresarik handiena da Multiverse kapitalizazioari dagokionez. Munduan alor horretako lauzpabost enpresa baino ez daude
Konputazio kuantikoaz aritzean ordenagailu erraldoiak datozkigu burura, baina ez beharrezkoa etxean bertan halako makinak izatea. Orusek azaltzen duen moduan, kuantikoa ezberdina da. "Fisikariak izan ziren lehenak ohartzen informazioa askotariko sistemetan kuantifikatu ahal zela ohartzen (atomoak, molekulak...), naturaren oinarrizko elementuetan, alegia, ikusten informazioa kodifikatu eta manipulatu ahal zela fisika kuantikoaren arauak erabiliz, informazioa modu eraginkorragoan bilduz". Teoria errealitate bihurtzeko urteak behar izan ziren, informazio guztia ordenatzeko. Erronka handia izan zen baina azkenean lortu dute ordenagailuak eraikitzea. Arazoa da sistema oso hauskorrak direla. Egungo ordenagailuen prototipoak laborategietan, zentro teknologikoetan edota unibertsitateetan daude. Kostua, baina, oso handia da eta eredu hori ez da jasangarria ekonomikoki. Horregatik "hodeiko biltegiratzera" jotzen da, "hodeian" lan egitera. Horrela lan egiten du Multiversek. Hori dira gaur egun erabiltzen den sistema, lizentziak erostearena. Hornitzaile ezagunena IBM da, baina badira beste batzuk.
IBMko lau lizentzia Bizkaian
Bizkaiko Foru Aldundiak, esaterako, IBMren lau lizentzia erosi ditu konputazio kuantikoan aritzeko. Javier Vicente Pujana Lantikeko langilea da, quantum alorrean. Berak azaldu bezala, 2010ean hasi ziren konputazio kuantikoari buruzko informazioa jasotzen, eta argi zuten Bizkaiak horretan egin behar zuela lan. 2021eko irailean lizentziak erosteko lehiaketa publikoa abiatu zuten eta IBMk irabazi egin zuen. Publikoki aurkeztu nahi izan zuten apustu hori, gizartearekin partekatu nahi izan zuten enpresen, zentro teknologikoen eta unibertsitateen jarrera ezagutzeko. "Aldundiaren estrategian bildu genituen erantzun horietatik abiatu nahi genuen, eragileen irizia ezagutu nahi genuen, nolabait estrategia demokratizatuz". Bizkaian konputazio kuantikoaren inguruan ibiliko den ekosistema bildu zuen aldundiak. Momentuz esperimentazio fasean baino ez dabiltza ere, laster emaitzak aurkeztuko dituzte eta hurrengo urratsak ematen hasiko dira, produktuak garatzearena. Hastapen fasean dagoela dio Lantikeko adituak, Bizkaian zein mundu mailan: "momentuz konputazio tradizionalarekin egiten diren lanak sistema kuantikoetan egin daitezken aztertzen hasi dira". Lantiketik hiru proba jarri dituzte martxan, aldundiko datuak erabiliz. "Quantum potentzia erabilita jaurti genuen lehen proba izan zen Bizkaibuseko sarea modu eraginkorragoan berrantolatzeko azterketa, aztarna ekologikoaren murrizketaren ikuspegitik". Proba bat baino ez da izan, baina emaitza oso interesgarriak eman zituela dio Vicentek, eta horrek konputazio kuantikoak eman dezakeen potentzialtasuna ezagutzeko balio izan die. Eboluzioa esponentziala dela argi ikusten du baina oraindik hastapenetan baino ez gaudela dio.
Roman Orús:"Bada oinarria Euskal Herrian munduko ekosistema kuantikorik onenetako bat sendotzeko aukera eskaintzen duena, Toronton dagoenaren parekoa eta Paris zein Bavarian dagoena baino hobea"
Erronka berri honetan Txinak du, Vicenteren ustez, lidergoa AEBrekin batera. Europa hirugarren postuan egongo litzateke eta Europa mailan Bizkaia eta Euskal Herria ondo kokatuta dagoela uste du, baina "egun batetik bestera asko aldatzen ari den lasterketa dela" ez da ahaztu behar. Halere, nabarmendu du Euskal Herriko Unibertsitatean ikerketa talde sendoa dagoela eta hortik hiru start-up atera direla.
Ekosistema kuantikoa Euskal Herrian
Iritzi horrekin bat dator Multiverse enpresako arduradunak. Orusen ustez, "bada oinarria Euskal Herrian munduko ekosistema kuantikorik onenetako bat sendotzeko aukera eskaintzen duena, Toronton dagoenaren parekoa eta Paris zein Bavarian dagoena baino hobea". Euskal Herrian beharrezko industria, enpresak eta ikerketa zentroak baditugula argi ikusten du eta adibideak ere ematen ditu: "EHUko lantaldea, Ibermática, Tecnalia, Modrangón, BRTA... eta star-upen ingurunean ere bai. Guk egoitza dugun BIC Gipuzkoa, esaterako". Teknologia kuantikoaren alorrean Gipuzkoan eta, oro har, Euskal Herrian apustu sendoa dagoela uste du.
Esther Villar Rodriguez Tecnaliako Quantum taldeko arduraduna da. Gurean ekosistema indartsua dagoela uste du. Tecnaliak berak loturak sustatu ditu EHUn garatzen ari diren kuantikoa alorreko doktoretza tesiekin, maila gorenekoak, bere ustez. Start-upekin ere lan egiten dute eta honek merkaturako sarbide oso interesgarria ematen die. "Katearen bi norabideak badaude, hortaz, unibertsitateen oinarri zientifiko nabarmenak eta merkaturako sarbidea, eta hori oso garrantzitsua da"
Esther Villar: "enpresak beldur dira atzean gelditzeaz iraultza kuantikoa ezartzen denerako, eta horregatik hasi dira egunean jartzen"
Tecnaliak urtarrilean abiatu zuen Quantum alorreko lantaldea. Aurreko urteetan adimen artifizialean eta zibersegurtasunean aritu izan dira, eta hainbat ikerketa ildo dituzte. Besteak beste, adimen artifizialean oso berritzaileak diren algoritmoak eremu kuantikoan ezarri nahi dituzte, eredu hibridoak sortuz. Sentsorika eta software-ingeniaritzarekin lotutako ikerketa lerroak ere badituzte. Aukerak oso anitzak direla dio Villarrek. Azken batean konputazio klasikoan oso astunak ziren simulazioak prozesu kuantikoetara eramatea da erronka.
Enpresen aldetik oso harrera ona dagoela uste du. Tamaina handiko enpresak eta halako erronkei ekiteko gaitasun handia dutenak izan dira inbertsioak burutzen hasi diren lehenak, hardwarekoak, esaterako. Teknologia esperimentazio fasean badago ere sentsorika kuantikoaren alorrean urrats handiak egon dira eta horiek dira merkatura lehen iritsiko direnak. Hasiera lasaiagoa espero bazuten ere, enpresek inbertsio handiak burutu dituzte eta egungo finantziazio iturrien erdia enpresetatik dator. Tecnaliako arduradunaren ustez enpresak beldur dira atzean gelditzeaz iraultza kuantikoa ezartzen denerako, eta horregatik hasi dira egunean jartzen.
Finantzak eta zibersegurtasuna, sektorerik aurreratuenak
Enpresen aldetik Villarrek bi sektore nagusi aipatzen ditu: zibersegurtasuna eta, batez ere, finantzak. "Arazo bati konponbidea emateko ezinbestekoa da kalitatezko datuekin lan egitea eta finantza arloak datuak oso ondo landuta eta biltegiratuta dituzte, azterketak egiteko". Sentsorikaren atalean ere badira aurrea hartzen ari diren bestelako alor batzuk: osasuna, aeroespaziala...
Finantza alorrarentzat hasi zen lanean Multiverse. Enpresaren salmenta buruak azaldu bezala "oso argi zuten enpresa errentagarria izateko bezeroak izan behar zirela atzean" eta finantza-erakundeak izan ziren lehenak (BBVA, Caixabank, Credit Agricole...), garapen handia duen sektorea delako. Esperientzia oso ona izan zen eta arrakasta izan zuten. "Horri esker, beste alor batzuetako bezeroak hurbildu zitzaizkigun: energia, logistika, manufacturing... Enpresaren lanaren muina algoritmoak dira, unibertsala den softwarea, eta oinarri bera da energia edo finantzentzat. Datuak baino ez dira aldatu behar, testuingurua".
Amaia Ayastui: "Erronka teknologiak ezartzeko une egokia zein den identifikatzea izango da. Enpresak, gizartea eta teknologia harremanetan jarri beharko da, baina jakinda denak erritmo berean ez duela eboluzionatuko"
Kutxabankek ere konputazio kuantikoan urratsak eman ditu Euskal Herriko start-up baten eskutik. Amaia Ayastui bankuaren berrikuntza alorreko arduraduna da. Bere ustez teknologia kuantikoak aldaketa esponentzialak ekarriko ditu, baina xehe aztertu beharko da teknologia guzti hauen ezartzeko gaitasuna eta abiadura: "Erronka teknologiak ezartzeko une egokia zein den identifikatzea izango da. Enpresak, gizartea eta teknologia harremanetan jarri beharko da, baina jakinda denak erritmo berean ez duela eboluzionatuko".
Hastapenetan egonda, ez da erraza etorkizuna zein izango den asmatzea. Roman Orusek dioen bezala, ez dago hardwarea fabrikatzeko modu bakarra. Google, Alibaba eta hain ezagunak ez diren beste konpainia batzuk ari dira teknologiak garatzen, baina IBM dago aurreratuen. Hala ere, ordenagailua garatzeko proposamen ezberdinak daude mahai gainean, eta ez dago irabazletzat hartu daiteken bakar bat. Teknologia ezberdinak daude eta, hortaz, konpainia ezberdinak. "Hastapenetan gaude, aurreko mendeko 1930eko hamarkadan bezala, eraikin osoak hartzen zituzten ordenagailuen garaian bezala". Hardware kuantiko hornitzaile ezberdinak gaude gaur-gaurkoz merkatuan elkarren arteko lehian. Litekeena da bakarra gelditzea, bere garian VHS eta BETA bideo sistemekin gertatu zen bezala.