Mugikortasun eta Logistika Klusterrak 676 mila euro jaso ditu Espainiako estatuko Industria eta Turismo sailak emandako Enpresa Elkarte Berritzaileen (EEB) laguntzak direla eta. Orotara programara bideratutako diruaren %7 jasoko du hala klusterrak. Diru hori hiru proiektu logistiko garatzeko erabiliko da: Al-Mobot, Plenco DLT eta Plagedilog STG. Lehenengo bi egitasmoen buru da klusterra, baina hirugarrenean proiektuan ere parte hartzen du.
Al-Mobot izeneko proiektuan adimen artifizialean oinarritutako sistema integrala (hardware eta software) garatuko da, zeinak aukera emango duen makina-erremintaren ekoizpeneko prozesu intralogistikoak automatizatzeko eta optimizatzeko. Hala, lan egitean denbora optimizatu nahi dute, jarduerarik gabeko denborak murriztuta, baita kargak manipulatu zein mugitzean sortzen diren lan arriskuak gutxituta ere.
Plenco DLT proiektuarekin DLT (erregistro teknologia banatuaren siglak, ingelesez) izeneko teknologia erabili nahi da smart contracts (kontratu inteligenteak) pertsonalizatuak betetzeko. Kontratu inteligenteak deritze sinatzaileak klausulak bete orduko automatikoki egiten diren programa deszentralizatuei.
Azkenik, Plagedilog STGeren proiektuaren bitartez logistika biltegien “biki digitalak” sortu nahi dira. Egun ez dira “biki digital intralogistikoak” existitzen, eta egileen esanetan, teknologia berri horrek aukera emango luke simulazioak egiteko gestio logistikoan aldaketak egin behar direnerako. Egitasmo horren buru da CITET enpresa.