‘Talentua, berrikuntzaren motorra’

2022ko Global Innovation Day jardunaldia izan berri da Donostian, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XXIII. Astearen baitan. 11 ekimen berritzaile aurkeztu dituzte bertan, tartean Zunibalen eta Recreakulten proiektuak

Global Innovation Day ekimeneko aurkezpenetako bat Donostiako Kursaalen | Argazkia: EnpresaBIDEA Global Innovation Day ekimeneko aurkezpenetako bat Donostiako Kursaalen | Argazkia: EnpresaBIDEA

Donostiako Kursaal Jauregian egin da Global Innovation Day topaketaren hamaikagarren edizioa, ‘Talentua, berrikuntzaren motorra’ leloa ardatz hartuta. Urtero bezala, zientzia-, teknologia-, gizarte- eta kultura-joera nagusien protagonistak bildu ditu berrikuntzak garapen ekonomikoaren eragile gisa gizartean duen garrantzia erakusteko. Zunibal edota Recreakult dira ekimenean izan diren proiektuetako bi. Atunaren arrantzari aplikatutako adimen artifizialaz arduratzen da lehena, kultura-ikuskizunetarako materiala berrerabiltzeaz bigarrena. Bi proiektuetako arduradunekin hitz egin du EnpresaBIDEAK.

Industriaren, teknologiaren eta zientziaren esparruan, aurtengo edizioko protagonistetako bat izan da Zunibal. Adimen artifiziala eta ikasketa automatikoa aplikatzen dizkio atunaren arrantzari, hautemate- eta iragarpen-sistemei esker, arrantza-flotaren eraginkortasuna eta iraunkortasuna hobetzeko. Aitor Aizpurua, Zunibaleko zuzendari teknikoak azaldu digunez, adimen artifizialaren bitartez interpretaziorako ahalmena duten builak egiten dituzte, atunaren arrantzarako balio dutenak: “Arrantzaleek itsasoan barrena uzten dituzte builak, eta horiek gaitasuna dute ur azpian dagoena detektatu eta informazioa ontzira bidaltzeko. Beraz, itsasontzian badakite atuna zehazki non dagoen eta kantitatea zenbatekoa den”.

Aitor Aizpurua: “Arrantzaleek itsasoan barrena uzten dituzte builak, eta horiek gaitasuna dute ur azpian dagoena detektatu eta informazioa ontzira bidaltzeko. Beraz, itsasontzian badakite atuna zehazki non dagoen eta kantitatea zenbatekoa den”

Arrantza jasangarriagoa lortzea dute helburu, ibilbidean sor litezkeen karbono aztarnak gutxituz eta behar edo nahi ez diren arrainak harrapatzea ekidinez. “Gure bezeroek jada erabiltzen dute teknologia berri hori Indiako Ozeanoan, Atlantikoan eta Pazifikoan eta, momentuz, harrera ona izaten ari da”, dio Aizpuruak. Hasiera batean, teknologia berria atunontzi handietan erabiltzen hasi direla baieztatu du, urtero bost tona atun arrantzatzen dituzten ontzietan: “Atunaren eskaria ikaragarria da eta ontzi handietan egin dugu froga, euren arrantza jasangarriagoa izan dadin”, azpimarratu du. Alabaina, eta emaitza onak lortzen ari badira ere, karbono aztarnak gutxitu eta nahi ez diren arrainen arrantza egiaz gutxitu dela jakiteko hilabete batzuk itxaron beharko dela aitortu du. Behin emaitzak eskuartean, aurreragorako espero du bertako atunontzi txikietan builen teknologia berri hori ezartzea.

Baina, teknologiaren esparruan bakarrik ez, kulturaren arloan ere zenbait proiekturen berri eman dute topaketan, tartean, Recreakult aurkeztu du Shandra Martinez sustatzaileak. Kulturaren sektorean ekonomia zirkularra bultzatzeko proiektua dela azaldu du berak: “Azpiegitura, jarduera eta antolakunde artistiko-kultural ezberdinetatik datorren materiala bilatu, bildu eta berreskuratzen dugu, baliabideak optimizatu eta atzera sektorean bigarren bizitza bat emateko”. Berrerabiltzearen garrantzia azpimarratu du, kultura ekimenetan egiaz hondakin bihurtzen den material asko erabiltzen dela ziurtatuz.

Shandra Martinez: “Azpiegitura, jarduera eta antolakunde artistiko-kultural ezberdinetatik datorren materiala bilatu, bildu eta berreskuratzen dugu, baliabideak optimizatu eta atzera sektorean bigarren bizitza bat emateko”

Jantziak, ispiluak, altzariak, musika instrumentuak, bozgorailuak, edota bideo-proiektoreak dira, esaterako, Recreakulten bildu, optimizatu, sailkatu eta berrerabiltzeko prest uzten dituzten artikuluetako batzuk. Online katalogo bat dute, materialen arabera sailkatuta dagoena, eta Donostian bertan denda fisikoa ere bai, behar ez dituen artikuluak bertan utzi, edota dagoen materiala erosi nahi duenarentzat. “Askotan artea eta kultura sortzeko behar dugun materiala erosi eta behin bakarrik erabiltzen dugu. Guk aukera eskaintzen dugu horiek berrerabilita, ingurumenaren aldetik negatiboak diren inpaktuak murriztu eta kultura-sektoreko negozio berriak sortzeko”, dio proiektuaren sortzaileak.

Zer egin dezakegu sortu dugunarekin? Nola lortu ekoizpen jasangarriago bat? Bi galdera horiekin hausnarketara bultzatu nahi izan gaitu Martinezek.

Ekitaldiko beste protagonista batzuk

Zunibal eta Recreakultez gain, beste proiektu batzuk ere izan dira aurtengo Global Innovation Day ekitaldian. Industriaren, teknologiaren eta zientziaren esparruan izan dira, besteak beste, I+MEDek garatutako teknologia, formatu klasikoen ordez, nanohidrogeletan farmakoak garraiatzeko aukera ematen duena; Iparlatek, proteina alternatiboetan oinarritutako elikagai osasungarri eta jasangarrien fabrikazioa eta merkaturatzea abian jarri dituena; edota Savvy Data Systemsek eta Fagor Automotionek garatutako tresna multzoa, datu industrialen analisiari esker zenbakizko kontrolaren bidez egindako prozesuen eraginkortasuna eta kalitatea errazten dituena.

Kulturaren esparruan, berriz, Arkikusek errealitate areagotuaren eta errealitate birtualaren esperientzia murgiltzaileei esker ondare kultural eta naturalaren berreraikuntza birtualak aurkeztu ditu ekimenean; eta musika elektronikoa eskaintzeko formatu eta espazio berrien etengabeko bilaketa ere erakusgai izan du Dantz markak.

Azkenik, hezkuntzaren esparruan, bertan izan dira, besteak beste, Barrutialde Institutuko ikasleak, bizikletaren pedalei eraginez gailu elektronikoak kargatzeko garatu duten sistemaren inguruko azalpenak ematen. Zientzia (fisika eta anatomia), matematika (estatistika) eta teknologia landu dituzte sistema hori sortzeko.  

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK