Teknologia etorkizuneko elikagaiak bermatzeko

'Foodtech' izeneko industria apurka-apurka hazten ari da, eta elikaduraren sektoreari lotutako erronkei aurre egiteko askotariko berrikuntzak garatzea du helburu balio kate guztian. Hain zuzen, hori izango dute hizpide gaur hasiko den Food 4 Future azokan

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Elikagaien teknologia edo Foodtech delakoa XX. mende bukaeran hasi zen industriako garrantzitsuenetakotzat jotzen. Baina zeri egiten dio erreferentzia? "Oso zabala da. Baina oinarrian hartuko luke elikagaiak ekoizteko edozein teknologia, lehen sektoreko ekoizpenetik hasita (nekazaritza, abeltzaintza, arrantza), banaketa eta logistikatik igarota, ia-ia kontsumoraino", azaldu du Rogelio Pozo Carro Aztiko zuzendari orokorrak. Bestela esanda, elikaduraren industriako balio kate guztia hartzen du. "Foodtech da bizitzen ari garen iraultza teknologikoa aplikatzea elikagaien industriara", adierazi du Sergi Fabregat Nebext enpresako kide eta Food 4 Future azokako zuzendariak.

Hain zuzen ere, elikagaien teknologiari lotutako orainaz eta etorkizunaz aritzeko elkartu dira sektoreko askotariko eragileak Food 4 Future azokan, BECen, gaur hasi eta ostegunean bukatuko denean. Nebextek eta Aztik antolatu dute elkarlanean. "Tendentzia, estrategia eta berrikuntzak" izango dituzte hizpide, Fabregaten hitzetan. "Nahasketa bat da, erakustazokaren eta kongresuaren artean", azaldu du Pozok. Zehazki, 386 hizlarik eta 200 bat start-upek hartuko dute parte. Bilbon 14 milioi euroko eragin ekonomikoa izatea aurreikusi dute.

Industria estrategikoa

Elikaduraren industriak, oro har, eragin nabarmena du Euskal Herriko lurraldeetan, eta bakoitzaren BPGan. Nafarroan, 13.500 pertsonek egiten dute lan zuzenean sektore honetan, eta guztira 29.000 dira lehen sektorea kontuan hartuz gero, alegia, Nafarroako enpleguaren % 9 gutxi gora behera. BPGan, guztira % 5eko pisua du; aldiz, soilik industria kontuan hartuz gero, % 14koa da zifra hori, lurraldeko bigarren sektorea izanik. Euskal Autonomia Erkidegoan, BPGaren % 10,6 hartzen du, hirugarren edo laugarren sektorea izanik, eta 120.000 zuzeneko enplegu sortzen ditu. Iparralden ere 3.000 bat lagunek egiten dute lan sektorean. "Elikagaien produkzioaren industria hazten ari da. Etorkizuneko sektorea da, eta ia-ia energiaren maila berean jartzen ari da. Ukrainako gerrarekin pasatakoarekin ikus daiteke. Orokorrean, Europa defizitarioa da zenbait elikagaien produkzioan (ez beste batzuetan). Esportatzaile garbiak gara, baina ez du elikagai nahikoa elikadura horniketa bermatzeko", plazaratu du Pozok.

Sergi Fabregat: "Beharrezkoa da teknologia elikagaien industrian aplikatzea, jasangarritasun eta efizientzia ikuspuntua txertatzeko"

Horregatik, elikagaien teknologiak elikadurari lotutako oraingo eta etorkizuneko erronkei erantzunak topatzea du helburu. Besteak beste, geroz eta elikagai gehiago beharko direlako, segur aski azkeneko urteetan ekoitzi dena baino % 70 gehiago. "Ikusten ari garena da azkeneko urteetan elikagaien ekoizpen, banaketa eta kontsumo ereduak sortzen ari diren emaitzak nolabait kaltegarriak direla gizartearentzat. Biztanle kopurua hazten ari da, baina geroz eta jende gehiagok du desnutrizio arazoa, alferrik galtzen den elikagaien ehunekoak gora egin du... Beraz, beharrezkoa da teknologia elikagaien industrian aplikatzea, jasangarritasun eta efizientzia ikuspuntua txertatzeko", azpimarratu du Nebextekoak.

Pixkanaka hazten ari da foodtech industria. Eta ez soilik pertsonentzako janariari dagokionez: "elikadura horniduraz ari garenean, askotan pertsonengan soilik pentsatzen dugu, baina animalientzako elikagaien ekoizpenaz ere ari gara. Lursailen zatirik handiena animaliak elikatzeko aleak ekoizteko erabiltzen ari gara. Beraz, ikuspuntu globaletik ulertu behar da", gaineratu du Aztikoak.

Industria honek ekarri eta ekarriko du, besteak beste, elikagai edo osagai berriak sortzea. "Osagai berriak asmatuta, gure balio katean ditugun nutriente gabeziari irtenbide bat eman diezaiokegu. Hori da foodtecharen alderdirik garrantzitsuena: errekurtsoak eta energia erabiltzen ikastea, industriak jasangarriagoak izan daitezen, gizartearen onurarako", azpimarratu du Fabregatek. "Ekoizpeneko prozesu guztiak eraldatzen ari da, nekazaritzatik kontsumora, efizienteagoak izateko eta janari gehiago produzitzeko gaitasuna izateko. Horrekin batera, elikagaien ekoizpenean energia gutxiago eta ur gutxiago erabiltzea da helburua", kontatu du Pozok.

Rogelio Pozo: "Elikadura horniduraz ari garenean, askotan pertsonengan soilik pentsatzen dugu, baina animalientzako elikagaien ekoizpenaz ere ari gara"

Aztin, esaterako, arrantzaren balio kate guztiari lotutako proiektuak garatu dituzte, "itsasoko arrantzatik platereraino. Eta oro har elikadura industria mota guztiekin egin dugu lan, kasu honetan elikagaien eraldaketarekin zerikusia duten teknologiak hainbat ikuspuntutatik landu ditugu. Eta osasun aldagaia ere sartu dugu, elikagaiak kontsumitzeak gaixotasun kronikoen prebentzioan lagun dezan".

Teknologiari mugak?

Elikagaien teknologiaren industria batez ere elikadurari lotutako erronkei erantzuna emateko sortu da, baina beste hainbat sektoreetan bezala, mugak —teknologikoak edo etikoak— jarri ote behar diren mahai gainean da. Gastronomia arloan, gai polemikoa izan zen duela hilabete eta erdi inguru Andoni Luis Aduriz sukaldariaren Origen platera, eta muga horiei buruzko eztabaida sortu zen gizartean. "Andoni gure kolaboratzaile garrantzitsua da. Eta egia da gai polemikoa izan dela eta gastronomiari lotuta askotariko ikuspuntuak atera daitezkeela. Baina uste dut, hori baino inportanteagoa dela zein erronka ditugun industrian bertan. Horiek dira foodtecharen ardatzak. Gure itsasoko eta lurreko ekosistemak erabat agortuta daude, mundu mailan ekoizten den elikagaien % 35 baino gehiago alferrik galtzen dugu, eta badira elikadura on batlortzeko aukerarik ez duten pertsonak. Horri jarri behar dizkiegu mugak, nire ustez", adierazi du Fabregatek.

Rogelio Pozo: "foodtech industriaren helburua da elikagai nahikoa izan dadin munduko pertsona guztientzat segurtasun, jasangarritasun eta osasunezko kondizioetan, baita modu zintzoan ere"

"Nik uste dut teknologia beharrezkoa dela hemen dugun iraultza hau egiteko. Prozesu bioteknologikoak hobetzeaz ari gara, eraginkortasuna handitzeko. Landare sendoagoak egiteaz ari gara, ez ditzaten izurriek kaltetu. Oro har, nire ustez, etorkizunerako soluzio onenak topatzen laguntzen du. Zientziak zentzu horretan ez du mugarik izan behar, berritu behar duelako", nabarmendu du Aztikoak. Nebextekoa ere bat dator. "Elikagaien industria CO2ko gasak sortzen dituen industria nagusia da. Foodtech industriari esker informazioa denbora errealean izateak ahalbidetuko du erabakiak hartzea, eta gure balio kateko edozein puntu monitorizatu ahalako dugu", esan du Fabregatek.

Etikari dagokionez, honen garrantzia azpimarratu du Pozok: "etikak honen parte izan behar du, erabilera arrazionala emateko, beste hainbat eremutan bezala. Azken batean, foodtech industriaren helburua da elikagai nahikoa izan dadin munduko pertsona guztientzat, segurtasun, jasangarritasun eta osasunezko kondizioetan, baita modu zintzoan ere. Alegia, ez daitezen garatu ekosistemak suntsituta edo pertsonak kondizio ankerretan arituta. Hor dago nire ustez muga. Produkzio osasungarri, jasangarri, segurtasunezko eta zintzo horretan", bukatu du.

Informazio gehiago
Gaur gerra, bihar gosea
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK