Vital Fundazioak eta Arabako Ganberak enpresak sustatzeko hitzarmena berritu dute

Ekinean eta Sendotzen programara hautagaitzak aurkezteko epea ekainaren 30era arte egongo da zabalik

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Vital Fundazioak eta Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberak enpresak sustatzea eta indartzea xede duen akordioa berritzea adostu dute, Ekinean eta Sendotzen programen bidez. Azken programa hauek Arabako Ganberako Enpresak Sortzeko Arloaren bidez kudeatzen dira, eta sendotzeko laguntza behar duten enpresa-proiektu berri bat garatzen ari diren pertsonei nahiz enpresa sortu berriei babesa ematera bideratuta daude.  

Alde batetik, ekintzaileari laguntza integrala emateaz arduratuko da ganbera, enpresa-proiektu bat garatzeak dakarren erronkari arrakastaz aurre egin ahal izateko.  

Beste alde batetik, Vital Fundazioak 20 poltsa ekonomiko emango dizkie (bakoitza 1.250 eurokoa) hitzarmen honen xede diren programetan parte hartzeko hautatutako proiektuei. Horrez gain, Arabako Ganberako Enpresak Sortzeko Arloak eskaintzen duen aholkularitza eta jarraipen-programa indibidualizatu baterako sarbidea emango diete.

Baldintzak eta balorazio irizpideak

Ekinean programan parte hartzeko baldintzak honako hauek izango dira: Eskabidea aurkezten den unean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda ez egotea, enpresa berriaren egoitza soziala eta fiskala Araban egotea eta programa onartzen denetik gehienez ere 6 hilabeteko epean ekitea enpresa-jarduerari, edo, bestela, dagokion memoria aurkeztuta enpresa-proiektuaren garapenean eboluzio-maila aurreratua egiaztatzea .

Bestalde, Sendotzen programan parte hartzeko honako hau bete beharko da: Eskabidea aurkezten den unean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan hasierako alta eman zenetik 3 urte baino gehiago igaro ez izana eta/edo oraindik enpresa-jarduera abiarazteko fasean egotea; enpresa berriaren egoitza soziala eta fiskala Araban egotea; ordainketak eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea; mikroenpresa izatea (gehienez 10 langile); enpresa-proiektuaren garapenean zuzenean inplikatutako pertsona fisikoek parte hartzea gehienbat; enpresa-proiektua finkatzeko fasean egotea.

Azkenik, aurkezten diren proiektu guztiak irizpide hauen arabera baloratuko dira: Proiektuaren berrikuntza-maila: 10 puntu, gehienez; proiektuaren bideragarritasun eta potentzialtasun maila: 15 puntu, gehienez. Talde sustatzailearen gaitasunak, esperientzia eta inplikazioa: 10 puntu, gehienez; aurkeztutako proiektuaren definizio-, argitasun- eta kalitate-maila: 10 puntu, gehienez; enpresa-proiektuaren ibilbidea abian jarri zenetik: 15 puntu, gehienez.

Programa bien kasuan, eskabideak aurkezteko epea 2024ko ekainaren 30era arte egongo da zabalik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK