
Industria ingeniaria da Zaira Gil Ozaeta gasteiztarra. Sortzailea da. Lana, konstantzia eta enpatia ditu zutarri. Ikasketak amaitu berri ditu, baina erronka handiei aurre egiteko prest da. Gizarteko arazoei irtenbide praktikoak topatzea du gustuko. Hala egin du bere Gradu Amaierako Lanean. Vitoria-Gasteiz Businessmap, datu irekietan oinarritutako tresna interaktiboa, garatu du. Bere jaioterrian, Gasteizen, erabaki estrategikoak hartzen laguntzeko helburuarekin diseinatu du.
Egungo informazio dosi handietatik datuei distira atera eta gizarte hobeago bat eraikitzearekin egiten du amets. Proiektuak, Garapen Iraunkorreko Helburuekin lotutako Gradu Amaierako Lanak saritzen dituen Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen VII. Biltzarrean, lehen saria eskuratu du oparotasuna atalean.
EHUko Ikasleen VII. Biltzarrak mundua eraldatzeko balio duten Gradu Amaierako Lanak saritu zituen, tartean zurea. Zer suposatu du sari honek zuretzat?
Gauza askoz jabetzeko balio izan dit sariak. Egindako sakrifizio guztiak, lan egindako ordu guztiek zein igaro ditudan une zailek merezi izan dutela sentitzen dut. Gauzak ondo ez doazenean edota espero bezala ateratzen ez direnean, lanean jarraitzea garrantzitsua dela konturatu naiz, izan ere, une horiek gainditzea giltzarri dira emaitza on bat lortzeko.
Aldi berean, proiektuari benetan duen balioa eta bultzada emateko lagungarri da. Momentu onean iritsi da saria. Ibilbide bat ixteko modurik ederrena da. Sari hau jasotzea izugarria izan da. Ez nuen espero eta pozik nago.
Zer jaso duzu Gradu Amaierako Lanean?
Nire Gradu Amaierako Lanak, Vitoria-Gasteiz Businessmap-ek, Gasteizen erabaki estrategikoak hartzen laguntzen duen datu irekietan oinarritzen den tresna interaktibo bat sortzea proposatzen du. Gaur egun, informazio-bolumen handiez inguratuta bizi gara eta datu horiek modu egokian antolatu eta bistaratzea beharrezkoa da. Arazo konkretu horri irtenbide praktiko bat ematen dio proiektuak.
Datuak modu interaktiboan bistaratzeko tresna bat izateak erabakiak hartzeko modua eralda dezake, sektore pribatuan zein publikoan. Vitoria-Gasteiz Businessmap PowerBI erdigunean duen tresna bat da, aginte-koadro moduko bat. Erabiltzeko erraza da, izan ere, botoi eta ikono intuitiboak ditu eta oso bisuala da.
"Gaur egun, informazio-bolumen handiez inguratuta bizi gara eta datu horiek modu egokian antolatu eta bistaratzea beharrezkoa da"
Nondik sortzen da ideia?
Nire ingurune hurbilenak kezkatzen nau; nire hiriaren garapen jasangarriak eta norbanakoen bizi-kalitateak. Hori horrela, nire hiria hobetu eta tokiko garapenean lagunduko zuen zerbait garatu nahi nuen. Horrez gain, PowerBI-n, datuen analisian, trebatu gintuzten unibertsitatean. Datuei erabilgarritasuna eta balioa eman nahi nien. Nire ezagutza teknikoak eta nire ingurune hurbila uztartzen zituen zerbait egin nahi nuela argi nuen. Osagai horietatik guztietatik sortzen da proiektua.
Nolakoa da Vitoria-Gasteiz Businessmap tresna interaktiboa?
Proiektua bi ataletan banatuta dago. Lehen atala, ekintzaileei bideratuta dago eta negozio berriak zabaltzeko lagungarri da. Lehia, ezaugarri demografikoak, katastro-balioa edota hazkunde-joerak kontsulta daitezke. Horrek, ekintzaileei, bere negozioen kokapena eta estrategia definitzeko informazioa izatea bermatzen die.
Bigarren atala, aldiz, administrazio publikoari zuzenduta dago, eta auzoak aztertzeko eta alderatzeko baliagarri da: migrazioa, biztanleriaren banaketa, errenta adierazleak… Arreta gehiago behar duten eremuak identifikatzen ditu, administrazio publikoari erabakiak hartzen laguntzeko.

Zein dira proiektuak ekar ditzakeen onurak?
Hiriaren hazkuntza ekonomikoan eta pertsonen bizi-kalitatean eragin positiboa sortzeko lagungarri da. Halaber, jasangarritasunean ere onurak ekar ditzake. Herritarrei eta administrazioari gardentasun handiagoa izatea ahalbidetzen die eta, ondorioz, parte-hartzea hobetzen du. Norbanako edo erakunde bezala erabaki hobeagoak hartzen laguntzen du, informazio bilaketan eta datuen bilketarekin borrokan aritu gabe.
Zein izan dira proiektuaren garapenean topatu dituzun erronkak?
Erronka handiena beharrezkoa zen informazio guztia biltzea izan da. Hura eskuratu, aztertu eta antolatzea. Zorionez Gasteizko Mobility Lab Fundazioarekin eta Vitoria-Gasteizko Udalarekin elkarlanerako bidea erraza izan da, eta guztia eskura izan dut. Datuak egituratu, harremanetan ipini eta ulergarri egitea izan da zailena.
"Teknologiak gu kontrolatu beharrean, arazo errealei irtenbideak bilatzen eta ikertzen lagunduko digun tresna izatea nahiko nuke"
Zerekin egiten duzu amets?
Gizarte justuago eta berdinzaleago batekin egiten dut amets. Teknologiak gu kontrolatu beharrean, arazo errealei irtenbideak bilatzen eta ikertzen lagunduko digun tresna izatea nahiko nuke. Batzuetan uste dugu informazio-bolumen handiak edukitzea atzerapausoa dela, baina erabilera ona emanda, hau da, datu horiek guztiak modu egokian landuta, aurrerapauso handiak ematen lagun diezagukete, erabaki hobeagoak eta errealagoak hartzeko gai izango garelako.
Nire asmoa lanean jarraitzea da eragin positiboa eta etorkizun justuago bat lortzen laguntzen duten proiektuetan. Orain, tresna hedatu eta denbora errealean eguneratu daitezkeen datuak sartzeko aukera aztertu nahiko nuke.