Zer daki gutaz adimen artifizialak?

Ez dirudi enpresaren munduan txostenak adimen artifizialaren esku uzteko moduan gaudenik oraindik, baina baliteke galdera egokiak adimen artifizial egokiari eginda, hasierako zirriborroa idazten hasteko informazio nahikoa bildu ahal izatea

Informazio faltsua sortzeko arriskua du adimen artifizialak | iStock 1560652636 Informazio faltsua sortzeko arriskua du adimen artifizialak | iStock 1560652636

Interneteko bilatzaileekiko konfiantza gero eta txikiagoa da, iragarkiak erakusteko premiak eta SEO bidez emaitzen lehen orrira bultzatutako kalitate baxuko web orriek erabiltzaileen bilaketa esperientzia aldrebestu baitute. Hala ere, behar duguna Interneten aurkitzeko bilatzaileak erabiltzen jarraitzen dugu. Hala egiten dugu, adibidez, zerbitzu edo produktu zehatz bat eskaintzen duen enpresa bilatzeko edo oporretan zer bisitatu erabakitzeko.

Bilatzaileek zer bilatzen ari garen interpretatzen dute eta horrekin lotuta dauden webgune egokienak bistarazten dizkigute. Era berean, proposamen pertsonalizatuagoak egiten saiatzen dira gugandik jasotako datuetan oinarrituta. Adibidez, Bilbotik bilatzen duenari Bilbo inguruko proposamenak erakusten dizkio lehenik. Ondoren, bilaketa egin duenaren esku dago proposatutako webguneak arakatzea gehien komeni zaiona aukeratzeko.

Laguntzaile pertsonal birtualen garaian, ordea, zer behar dago gai baten inguruko informazioa norberak filtratzeko? Ez dago zertan hainbat webgune irakurri, aldez aurretik webgune horiek ikusi dituen adimen artifizial sortzaile batek webgune horietako informazioa laburbildu eta digerituta eman badiezaguke. Erabilera horren adibide dira egunez eguneko bidaia baten antolakuntza sortzea edo artista baten obraren laburpena ekoiztea.

Laguntzaile pertsonal birtualen garaian, ordea, zer behar dago gai baten inguruko informazioa norberak filtratzeko?

Enpresaren munduan ere ez dira gutxi adimen artifizial sortzaileak eskaini ditzakeenak. Elkarlanean lan egitea proposatu duen enpresa baten ibilbidearen laburpen-txostena, eremu geografiko batean zerbitzu zehatz bat eskaintzen duten enpresen zerrenda edo norbere enpresari buruz interneteko erabiltzaileek duten iritzia eska dakizkioke besteak beste. Egun, ataza horiek aditu bati eskatzen zaizkio taxuz egingo direla ziurtatzeko asmoz. Artikulu honetan ataza horiek adimen artifizialaren esku utz ditzakegun aztertzen saiatuko naiz.

Metodologia erraza erabiliko dut: interfaze bidez interpelatu daitezkeen bost adimen artifiziali bi galdera egingo dizkiot eta erantzunak aztertuko ditut.

Lehen galdera: “Zer da ‘enpresabidea.eus’?”

Lehen galderaren bidez kontsultatutako adimen artifizialek EnpresaBIDEA zer den dakiten neurtu nahi izan dut. Gainera, gauzak errazte aldera, webgunearen helbidea eman diet, informazio zuzena bilatzeko baliatu nahi izanez gero. Askotariko emaitzak jaso ditut eta agerian geratu da adimen artifizialaren aukeraketa egokia egiteak duen garrantzia. Erantzunen analisi laburra duzue segidan.

ChatGPT 3.5

Euskara zuzenean EnpresaBIDEAri buruzko deskribapen orokorra eman du. Ez da Interneten bilaketak egiteko gai.

Copilot

Euskara zuzenean EnpresaBIDEAri buruzko deskribapen laburra eman du, eta ondoren webgunetik hartutako informazioa jarri du era ez hain antolatuan. Erantzuna sortzeko, webgunea bera arakatu du eta sartzeko esteka ere jarri du. Berria.eus eta lansarean.eus webguneetako estekak ere gehitu ditu.

Reka Core

Ez du erantzun zuzena sortu euskaraz ondo egin badu ere. Ez da Interneten bilaketak egiteko gai.

Le chat-Mistral

Ingelesez erantzun du eta EnpresaBIDEAri buruzko deskribapen laburra eman du. Ez da Interneten bilaketak egiteko gai.

Gemini

Ingelesez erantzun du eta EnpresaBIDEAri buruzko deskribapen laburra eman du. Egunkariaren esteka ere gehitu du informazioa sakontzera gonbidatuz.

Bistan denez, adimen artifizial bakoitzak bere alde on eta txarrak ditu. Batzuk gai dira euskaraz erantzuteko, baina ez guztiak. Batzuk gai dira laburpen orokor bat egiteko eta beste batzuek esaldi bakarreko deskribapen laburra baino ez dute sortzen. Interneten bilaketak egiteko gaitasuna dutenek informazio eguneratuagoa eskaini dezakete, besteek, ordea, entrenamenduan ikusitakoa baino ezin dute baliatu. Era berean, ezin ahaztu aztertutako adimen artifizial bat ez dela gai izan Enpresa Bideari buruzko informazio zuzena ekoizteko. Emaitza hauek ez dute esan nahi adimen artifizial hauek beti jokatuko dutenik modu berean, eta baliteke orain egoki erantzun duenak beste entitate bati buruz galdetuta hanka sartzea.

Adimen artifizial bakoitzak bere alde on eta txarrak ditu. Batzuk gai dira euskaraz erantzuteko, baina ez guztiak. Batzuk gai dira laburpen orokor bat egiteko eta beste batzuek esaldi bakarreko deskribapen laburra baino ez dute sortzen

Bigarren galdera: “Euskal Herrian enpresa bat zabaldu nahi dut. Euskaraz idatzitako zein egunkari, aldizkari edo webgune kontsultatu behar dut euskal ekonomiaren eta enpresa-munduaren ekosistema ezagutzeko?”

Bigarren galderaren bidez enpresa batek izan dezakeen galdera hipotetiko (erraz) bat irudikatu nahi izan dut. Enpresabidea.eus webgunea kontsultarako iturrien artean aipatzera bultzatzeko, gainera, webgunetik bertatik hartutako “euskal ekonomiaren eta enpresa-munduaren ekosistema” esaldi-zatia jarri dut eta lehen galdera egin dudan elkarrizketa berean egin dut. Emaitzak, berriro ere, espero zenaren lerrokoak izan dira, baina sorpresa onen bat ere aurkitu dut.

ChatGPT 3.5

Euskara zuzenean bost egunkari edo aldizkari zerrendatu ditu (enpresabidea.eus barne) beren deskribapen laburrarekin eta EAEko, Nafarroako eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko webgune instituzionalak begiratzera ere gonbidatu nau.

Copilot

Lehen galderari emandako erantzunaren antzekoa sortu du eta enpresabidea.eus estekaz gain Berriako, EHUko eta Hitzako esteka batzuk ere gehitu ditu.

Reka Core

Euskaraz ondo idatzi du eta 10 informazio-iturri proposatu ditu, artean Berria, Deia eta Gara. Tamalez, “ekonomia.eus” eta “negozioak.eus” bezalako webgune faltsuak ere zerrendatu ditu.

Le chat-Mistral

Ingelesez erantzun du eta Deia, Berria eta El Correo egunkariekin batera fikziozkoak diren “Emprende Euskadi”, “Euskal Enpresa” eta “Enpresagintza” ere proposatu ditu.

Gemini

Ez dio galderari erantzun eta ingelesez esan du oraindik hizkuntzak ikasten ari dela.

Erantzunak, berriro ere, ez dira bereziki informatiboak izan eta egiazko informazioaren aldetik, informazio orokorra baino ez dute eskaini. Esaterako, Euskal Herriko egunkari generalistak zerrendatzeak ez du ekarpen handirik egiten. Azpimarratzekoa da ere, enpresabidea.eus aurreko galderatik testuinguruan sartuta bazegoen ere, guztiak ez direla gai izan informazio hori baliatzeko, nahiz eta orokorrean elkarrizketetan aurretiaz aipatutakoak berreskuratzeko gai izaten badira ere.

Bigarren esperimentu honetan nabarmenago geratu da adimen artifizialek informazio faltsua sortzeko duten arriskua. Normalean, hainbat iturritako informazioa nahasten dutelako gertatzen da fenomeno hau, baina kasu honetan susmoa dut erabiltzaileari erantzun bat emateko premia izan dela informazioa asmatzeko arrazoia. Izan ere, elkarrizketa bidezko adimen artifizial hauek guztiek erabiltzailea pozik uzteko joera barneratu dute.

Bigarren esperimentu honetan nabarmenago geratu da adimen artifizialek informazio faltsua sortzeko duten arriskua

Ez dirudi enpresaren munduan txostenak adimen artifizialaren esku uzteko moduan gaudenik oraindik, baina baliteke galdera egokiak adimen artifizial egokiari eginda, hasierako zirriborroa idazten hasteko informazio nahikoa bildu ahal izatea. Halaber, informazioa beste iturri batzuetatik eskuratzeko gaitasuna duten adimen artifizialak izango dira etorkizunean laguntza handiena eskainiko dutenak ziurrenik. Errazagoa da webgune egokia bilatzea eta horko informazioa laburbiltzea, entrenamenduan ikusitako milaka milioi hitzen artetik informazio zuzena erauztea baino. Ikusi dugunez, badago dagoeneko “retrieval augmented generation” (RAG) egiten duten hizkuntza-ereduak eta intuitiboki ere funtzionatzeko modu hori da adimen artifizial sortzailearengandik espero duguna. Espero izatekoa da datozen urteetan aurrerapen handiak egotea esparru horretan eta oso posiblea da horrelako tresnak gure egunerokoan laster txertatu ahal izatea. Bitartean ni 1966an Gernika-Lumon jaiotako euskal idazle ospetsua izango naiz, lotsarazi nahi ez dudan adimen artifizial baten arabera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK