'Zorro digitala' adingabeak Interneteko eduki desegokietatik babesteko

Espainiako Gobernuak adina egiaztatzeko aplikazio bat iragarri zuen joanden astean helduentzako webguneetan sartzeko

Irudia: iStock Irudia: iStock

Adingabeak Interneteko eduki desegokietatik babesteko ahaleginean, Espainiako gobernuak, Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren bidez, Cartera Digital —euskaraz, zorro digitala— aplikazioa garatu du. Tresna berria beta fasean dago gaur egun, eta udaren amaieran martxan izango dela iragarri dute ministeriotik. Haren helburu nagusia da adingabeei eduki pornografikoak dituzten webguneetan sartzea galaraztea, segurtasun handiagoa bermatzeko eta adingabeak sexu-hezkuntzan hainbeste kalte egiten ari diren edukietatik urruntzeko.

Interneteko eduki pornografikoetarako sarbide librea eta mugarik gabea errealitate kezkagarria da gaur egungo gazteen kasuan. Azken ikerketen arabera, Euskal Herriko 12 eta 18 urte bitarteko gazteen erdiek baino gehiagok kontsumitzen dute horrelako edukia. Egoera, berez kezkagarria, larriagotu egiten da material horietako askok sexu-harremanen ikuspegi desitxuratua eta fikziozkoa ematen dutelako, emakumearen menpekotasun-rolak nagusitzen baitira.

Eduki horien inpaktua ez da esfera birtualera mugatzen, taldeko bortxaketen kasuak eta adingabeen arteko portaera oldarkorrak areagotu egin dira, askotan film pornografikoetan ikusitako eszenak errepikatzeko ahaleginean, aktore pornoak idolotzat baitituzte kasu askotan. Egoera horren ondorioz, gobernuak neurri sendoak hartu ditu joera horri buelta emateko eta gazteak sexu-garapenean eragin negatiboetatik babesteko.

Egoitza Espainian duten webguneak abiapuntu

Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko Ministerioak garatua, Cartera Digital aplikazioa da Espainiako gobernuak arazo horri ematen dion erantzuna. Tresna horren helburua da adingabeek beren adinerako egokiak ez diren webguneetan sartzeko aukerarik ez izatea. Ikasturte berriaren hasierarekin batera, uda amaierarako aurreikusita dagoen merkaturatze ofizialetik aurrera, aipaturiko edukietara sartzeko adina egiaztatzeko sistemak erabiltzen hasiko dira. Oraingoz egoitza espainiar estatuan duten webguneetan bakarrik.

Zorro digitalari esker, erabiltzaileek modu seguruan gorde ahal izango dituzte beren adin-kredentzialak. [...]  [Hala ere], Madrilgo gobernuak agintzen duen berme nagusietako bat da sistemak erabiltzailearen anonimotasuna mantentzeko duen gaitasuna

Zorro digitalari esker, erabiltzaileek modu seguruan gorde ahal izango dituzte beren adin-kredentzialak. Hilero, NAN elektronikoarekin lotutako 30 kode bakar sortuko dira, eta horrek bermatuko du adinez nagusi diren pertsonak bakarrik sar daitezkeela orrialde horietan. Erabiltzaileek QR kodeak eskaneatu beharko dituzte webgunean, Cartera Digital aplikazioarekin sartzerakoan pantailan erakutsiko direnak. Madrilgo gobernuak agintzen duen berme nagusietako bat da sistemak erabiltzailearen anonimotasuna mantentzeko duen gaitasuna, bisitatutako orrien trazabilitatea ez baita erregistratuko.

Europako erronka adingabeen pornografia-kontsumoaren aurka

Espainia ez da lehena izango ekimen hori martxan jartzen. Europar Batasuneko beste herrialde batzuk ere ari dira antzeko tresnak garatzen, Interneten adina egiaztatzeko. eIDAS2 erregelamenduaren estandarren arabera, Europak ezarri du 2027ko urrirako estatu kide guztiek babes-sistema horiek ezarrita izan beharko dituztela. Frantziak, adibidez, duela gutxi iragarri du Cartera Digitalen antzeko irtenbide bat lantzen ari dela.

Zorro Digitalaren helburu nagusia eduki pornografikoetarako sarbidea murriztea bada ere, etorkizunean sistema zabaldu egin daiteke beste plataforma batzuetan, hala nola sare sozialetara, adina egiaztatzeko. Europar Batasunetik kanpoko herrialdeek, hala nola Erresuma Batuak, teknologia hori Interneteko orrialde gehiagotara eramateko asmoa plazaratu dute, tartean sare sozialetara.

Zorro Digitalaren helburu nagusia eduki pornografikoetarako sarbidea murriztea bada ere, etorkizunean sistema zabaldu egin daiteke beste plataforma batzuetan, hala nola sare sozialetara, adina egiaztatzeko

Zorro digitala ezarrita, Espainiako gobernuak "urrats erabakigarria" egin nahi du adingabeak Interneten babesteko bidean. Aplikazio horren bidez adina egiaztatzeak eduki desegokietarako sarbidea mugatzeaz gain, ingurune digital seguruagoa eta osasungarria sustatu dezake etorkizuneko belaunaldientzat. Ekimen honekin eta Europa mailako beste batzuekin komunitate digital osoari mesede egingo dioten segurtasun-arau berriak ezartzea espero da, ahulenak babestuz eta Interneteko adingabeentzako garapen osasuntsuagoa eta orekatuagoa ziurtatuz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK