% 110eko okupazioa lortu du BATek urtebetean

650 langilek osatzen dute egun BATeko komunitatea, eta 11.000 lagun igaro dira bertatik egindako ekitaldi eta bestelakoetan

Elixabete Etxanobe, gaur, BATeko instalazioak bisitatzen | Argazkia: Bizkaimedia Elixabete Etxanobe, gaur, BATeko instalazioak bisitatzen | Argazkia: Bizkaimedia

Ospakizun eguna izan da gaur Bilboko BAT dorrean. Urtebete bete du B Accelerator Towerrek. "Gauzak gertatzen diren tokia" izateko asmoz sortu zen, eta "11.000 lagun igaro dira" geroztik egindako ekitaldietan. Hala azpimarratu du Eriz Sainz zentroko zuzendariak, gaur goizean eginiko balantzean.

Egun, 73 start-up eta 41 enpresa daude dorrean. Bestela esanda, lehenengo urtean %85 hazi da kide presentzialen kopurua, eta okupazioa %110ekoa da. Egungo komunitatea 650 lagunek osatzen dute, enpresa eta start-upez gain, inbertitzaile, unibertsitate, zientzia eta teknologiako eragile, kluster, eta elkarteeak kontuan hartuta. Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren hitzetan, "Bizkaiko etorkizuneko oinarri ekonomikoak" jartzen ari dira BATen. Estibaliz Arnaez Eusko Jaurlaritzako Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuak nabarmendutakoaren arabera, enpresa eraldaketarako "pizgarri" izaten ari da.

Instituzioetatik eta dorretik bertatik azpimarratutakoa bat dator balantzearen ekitaldian parte hartu duten ekintzaileen ikuspegiarekin. Izan ere, "pertsonak —eta ez soilik start-upak" ezagutzeko aukera eta negozio bisioa eskaini dizkio IdenIT start-upari, June Rueda zuzendari nagusiak nabarmendu duenez. Carlos Cortijo Genetracer enpresaren arduradunarentzat, "enpresa handi baten babesa", baita erakundeena ere, eskaini die eurei. Giovanna Nocentino Mosaikus enpresaren buruarentzat, "salto teknologikoa" egitea ahalbidetu die. "Negozio zentroa baino, komunitate bat"eta "beste liga baten" jokatzeko baliabideak eskaini dizkio Birziplastiki, Mikel Llona fundatzaileetako baten hitzetan.

Misio gehiago, eta hurrengo fasea

Lurraldean egiten duen ekarpenaz harago, nazioarteko proiekzioari ere bultzada eman dio aurten BATek: sei ordezkaritza jaso ditu urtebetean, AEB, Israel edo Mexikotik, besteak beste, eta tartean "ahalmen handiko" 55 start-up. Etorkizun hurbilean, bide beretik jarraitzeko asmoa dute, nazioarteko misioak indartuta. Hurrengoa Koreatik etorriko da, eta hilabetez izango dira start-up horiek BATen, ezagutza partekatzeaz harago, "bertan egoteko ordaintzen. Horrek erakusten du egiten ari garenak duen balioa", adierazi du Sainzek. 

Etorkizun urrunagoan, 2024an, zehazki, dorrea zabaltzeko fase berria abiaraziko da. Bost solairu berri izango ditu, guztira 4.000 m2 gehiago, proiektu teknologiko eta disruptiboak hartzeko. Sainzek esan duenez "proiektua gutxienez 15 urtera" pentsatuta dago. Horretan, gako izango dira talentua erakartzea, eta inbertsioarekin jarraitzea.

BATen urteurrenaren balantzea eraikinean antolaturiko lehen Berrikuntzaren Astean egin dute, gaur hasi eta ostegunean amaituko dena. Askotariko berrikuntza proiektu eta start-upetan aritutako adituek hartuko dute parte horretan, euren esperientziak azalduz. Gaurko egunean Teknologia izango da protagonista, eta negozio tradizionalak berrasmatzea nola ahalbidetu duten izango dute aztergai. Bihar, hazkundeak hartuko du lekukoa, start-up teknologikoen eskalagarritasuna, zehazki. Ostegunean, azkeneko egunean, sormenaz arituko dira, berrikuntzaren esparruan gako dena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK