Aiaraldea euskaratik biziberritzeko faktoria

Aiaraldean euskararen biziberritzea sustatzea helburu duen irabazi asmorik gabeko erakundea da Aiaraldea Ekintzen Kooperatiba. 2010az geroztik, komunikazioa, kultura, elikadura edo ekonomia sozialaren inguruan jorratu dituzte hamaika egitasmo, aiaraldea.eus webgunea, esaterako

Argazkia: Dani Blanco/Argia.eus (Aiaraldeko Faktoriak utzita) Argazkia: Dani Blanco/Argia.eus (Aiaraldeko Faktoriak utzita)

Bizitzako esparru guztietan euskarazko alternatiba eraldatzaileak sortzeko xedea duen giza komunitatea da Aiaraldea Ekintzen Faktoria. hala definitzen du Gartzen Garaio komunitate arduradun eta bazkideak. Eskualdean euskararen biziberritzea sustatu asmotan jaiotako proiektu komunitarioaz ari gara, irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko kooperatiba. Azken hamabi urteotan esparru ugaritan jorratu dituzte proiektuak, hala nola, komunikazioan, hezkuntzan, kultura edota ekonomia sozial eraldatzailean.

Egun kooperatiba badira ere, elkarte gisa abiatu zuten bidea, eta Aiaraldean euskarazko komunikabide bat sortu eta elikatzen ardaztu zuten hasierako jarduna. Horren emaitza izan zen egunero 2.500 erabiltzaile bakar dituen aiaraldea.eus webgunea eta Aiaraldea Hemen hamabostekaria. Komunikazioaz gain, euskararen biziberritzea beste esparru batzuetara zabaltzea erabaki zuten gerora. Hala, 2017an euskaraz egituratutako beste hainbat proiektu alternatibo garatzen hasi ziren, Elikatzeko Faktoria (Ekonomatua), Komunika komunikazioa agentzia, Kokoriko Hezkuntza Faktoria, Kultur Faktoria edota Bor-bor feminismo faktoria. ”Eskualdeak dituen beharrizan guztiak euskarak asebete behar dituela uste dugu, eta geure proiektuen bidez Aiaraldean modu eraldatzailean bizitzeko baliabideak sortzen ditugu”, esan du bazkideak.

Gartzen Garaio: ”Eskualdeak dituen beharrizan guztiak euskarak asebete behar dituela uste dugu, eta geure proiektuen bidez Aiaraldean modu eraldatzailean bizitzeko baliabideak sortzen ditugu”

Hori guztia Euskal Herrian langabezia tasa handienetakoa duen eskualde erdaldun batean egin dute, eta azken urteotan komunikazioa eta hizkuntza normalizazioa lantzeko proposamen batetik proiektu integral bat izatera igaro da Aiaraldea Ekintzen Faktoria. Komunikabidearen ondotik gehitu ziren elikadura burujabetza, feminismoa, ekonomia sozial eraldatzailea edota kultur sorkuntzara bideratutako ekimenak. Garaiok dioenez, komunitate batek bizitzeko behar dituen esparru guztietan tresna eraldatzaileak euskaraz sortu dituzte: lana, etxebizitza, janaria, kultura, komunitatea, etab.

Tokikoak eta eraldatzaileak

45.000 biztanleko eskualdean 1.700 bat pertsona ordezkatzen dituzten 500 bazkide erabiltzaile baino gehiago dira kooperatiban, eta 21 pertsonako lan taldea osatzen dute egun. Elkarte izaera ahulegia geratuta, “estrategikotasuna” eta proiektuaren iraunkortasuna bermatzearren bilakatu ziren kooperatiba, baina beste ezeren gainetik, jabetza kolektiboan sinesten zutelako. Eskualdearentzako bizi proiektu bat eskaini nahi zuten, bertan garatu eta haren parte eta jabe izateko aukera eman. “Bazkideen erabakimena partekatua eta baldintzatua dugu. Lan bazkide eta bazkide erabiltzaileek %50 dute, eta gainera bi bazkide moten erdia alde egon behar da, helburu soziala blindatzeko”.

Argazkia: Dani Blanco/Argia.eus (Aiaraldeko Faktoriak utzita)
Argazkia: Dani Blanco/Argia.eus (Aiaraldeko Faktoriak utzita)

Bazkide kuota ordainduta Faktoriako zerbitzu orotan hainbat deskontuz goza dezake batek, baita kooperatibaren erabakietan botoa eman ere. Lan ildoaren dibertsifikazioak bazkide kolektibo heterogeneo bat sortu du Faktoriaren inguruan: “pertsona batzuk pedagogiagatik bazkidetu dira, beste batzuk feminismoagatik edota barazki ekologikoak nahi dituztelako”, azaldu du Garaiok. Proiektuaren erronka da orain, proiektu integral baten parte direla ulertaraztea bazkideei, “feminista banaiz elikaduraren burujabetza izan behar dudala eta ekonomia sozialaren alde egin behar dudala ulertu, euskara bihurtuz borroka sektorial guzti horien haria”, gehitu du.

Gartzen Garaio: “pertsona batzuk pedagogiagatik bazkidetu dira, beste batzuk feminismoagatik edota barazki ekologikoak nahi dituztelako”

Kooperatibaren aurtengo aurrekontu osotik —800.000 euro—, %7 bezeroen ekarpena da, dirulaguntzak ez dira %10era iristen eta gainerakoa sortutako zerbitzuengatiko diru-sarrerak dira. “Geure proiektu guztiek aurrekontu propioa dute, eta euren gastuei aurre egiteko betebeharra”. Halaber, irabazi asmorik gabeko entitatea direnez, etekinak beti kooperatibaren proiektu sozialaren garapenean berrinbertitzen dituzte.

Euskarak sortzen du ekonomia

Egitasmo integralaren epizentroa Laudion kokatutako espazioa edo faktoria dute. Jarduera dibertsifikatzearekin batera egoitza sozial publiko baten beharra ikusita zabaldu zuten. “Sekulako apustu ekonomikoa izan da guretzako; milioi bat euroko inbertsioa egin dugu gure diruarekin”. Propio erabaki zuten dirulaguntza publikorik ez eskatzea. Izan ere, nolabaiteko independentzia ekonomikoa izateaz gain, euskararen komunitate txiki batetik baliabide propioekin eskualdeko eraikin modernoena egiteko gai zirela ere demostratzea zegoen atzean, Garaioren hitzetan. “Enpresa pribatuak gai badira dirua lortzeko, gu zergatik ez? Euskarak badu hemen langile sare bat lehenagotik zegoenaz aparte, euskara biziberritzen lan egiten duena”.

Era berean, euren balioen araberako kontsumoak dituzte eraikinean, eta Izarkom, Goiener eta Koop57ren bezeroak dira, besteak beste. Hala, ahalik eta aztarna ekologiko txikiena sortzen saiatzen dira. Eraikina egurrean eraikita dute, energia geotermikoarekin berotu eta hozten da, eta instalazio fotovoltaikoak jarri dituzte sabaian.

2030ra begirako gogoeta estrategikoa

Kooperatibaren proiektu bakoitza ekonomikoki autonomoa da, baina kooperatiba beraren parte izanik, diru guztia kutsa berera ailegatzen da. Datozen urteotako erabaki estrategiko handienetakoa d,a ordea, proiektu bakoitzaren emantzipazioa; hots, kooperatibak sortzea eta bigarren gradu batean federatzea, “haztegi moduko bat izatea”.

Argazkia: Dani Blanco/Argia.eus (Aiaraldeko Faktoriak utzita)
Argazkia: Dani Blanco/Argia.eus (Aiaraldeko Faktoriak utzita)

Bestalde, faktoriaren espazioa Laudion izateak ere sortu die nolabaiteko desoreka bat. Oso eskualdeko proiektua direla dio Garaiok, eta herri txikienetan eragiteari garrantzi handia eman izan diote, Laudion ardaztuta egonik bertan kontzentratu da euren jardunaren zati handiena. Hori dela eta, beste espazio batzuk irekitzearen eztabaida mahaigaineratu beharko dute gogoeta estrategiko berrian: “gure proiektua ez dago eginda guk sortu dugun espazio bat elikatzera bideratzeko, eskualdeko herri guztietan proiektuaren islak egiteko baizik”. Eztabaida, beraz, gainerako herrietan faktoria integral berriak edo sektorialak irekitzean datza. “Elikadura burujabetzak Urduñan daukan indarra ikusita, elikadura espazio bat sor genezake bertan, edo Amurrion hezkuntza espazio bat”.

Hortaz gain, ekonomatu berria jarri dute martxan hil honen hasieran, orain arte egindakoari aldaketa batzuk gehituaz, eta kulturgintzan kontsumitzeko espazioaz harago joanda, Faktoria kultur sorkuntzarako eremu bilakatzea dute helburu, bekak eta egonaldiak eskainiz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK