Almotech, olio zikina xaboi bihurtzeko etxetresnaren sortzaileak

Etxean erabilitako olioa xaboia bihurtzen duen Yenxa izeneko etxetresna elektriko txikia merkaturatuko du aurten start-up nafarrak

Ana Martinez eta Javier Vidorreta Almotech start-uparen sortzaileak | Argazkia: Almotech Ana Martinez eta Javier Vidorreta Almotech start-uparen sortzaileak | Argazkia: Almotech

Etxeko hondakin bat behar-beharrezkoa den ondasun bat bihurtzea ahalbidetzen du Almotechek eskuartean duen produktu berriak: etxetik atera gabe, modu seguru, erraz eta erosoan birziklatzeko aukera emango duen Yenxa etxetresna da, hain zuzen. Espainian 18.000 milioi ur litro kutsatzen dira urtero olio isurien ondorioz, eta Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, pertsona batek urtebetean norbanako bakoitzak 35 egunez kontsumitu behar duen ur kopurua kutsatzen du. Ur-kutsaduraren aferaz zein ingurumenaz orokorrean arduraturik —olio birziklatze tasak % 10 baina baxuagoak dira—, Ana Martinez eta Javier Vidorretak Almotech start-upa jarri zuten abian duela bost bat urte. “Olio erabilia balioztatzeko teknologia garatzen duen start-upa gara eta gure lehen proiektua da Yenxa, olioa xaboi bihurtzen duen etxetresna elektrikoa”, dio Martinezek.

Etxetresna elektronikoarekin batera, olioa gordetzeko pitxerra eta kapsula biodegradarriak eskainiko dituzte. Finean, erabiltzaileari birziklatzeko ohitura sustatzeko modu bat bilatu nahi izan dute era intuitibo eta azkar baten bidez. Pitxerra olio hondakinez bete eta urarekin nahastu beharko da, gero likidoa etxetresna elektronikoan isuri eta kapsula bat sartuz zulotxo batean. Beste depositu batean ur gehiago bota eta bigarren kapsula bat sartu ondoren, botoiari eman eta ordubetera garbigailurako alergenorik gabeko xaboi likidoa izango du bezeroak.


Ana Martinez: “olio erabilia balioztatzeko teknologia garatzen duen start-upa gara eta gure lehen proiektua da Yenxa, olioa xaboi bihurtzen duen etxetresna elektrikoa”


“Harraskatik olioa isurtzea ekiditen dugu, eta erabilera bakarreko ontzien kontsumoa ere murriztuko dugu, olioa gure pitxerrean gordetzen baita. Hori gutxi balitz, aurreztea ere ekarriko du produktuak, izan ere, geure makinaren xaboi dosiak merkatuko detergente kimikoa edo gure konpetentziarena baino merkeagoa da”, nabarmendu du Martinezek. “Yenxa ingurumenerako onuragarria dela diogu, baina zure ekonomiarako ere bai”, gehitu du.

Ekainean aurresalmenta

Start-uparen finantzaziorako zein produktuaren teknologia lantzeko hainbat kolaborazio beharrezkoak izan dira Almotechentzat. Lehenengorako, bazkide fundatzaileen ekarpenaz gain, Nafarroako gobernuak I+G+b eta lehiakortasun arloan emandako laguntzak erdietsi eta inbertsioa errondak itxi dituzte, eta denera 700.000 euro baino gehiagoko funtsak bildu dituzte. Teknologiaren garapenerako berriz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Terrassako Leitar teknologia zentroaren laguntza jaso dute: "I+Gko arlo guztia lantzeko aukera izan dugu, eta formulazio kimiko askotarikoak ikertu ditugu. Leitar detergentzia arloan erreferentziazko zentroa da Europan”, esan du fundatzaileak.

Teknologia zentroarekin lanean jarraitzen badute ere, Yenxa merkaturatzeko ordua iritsi zaie. Ekainaren 5erako, ingurumenaren nazioarteko eguna izaki, lehen aurresalmenta egitea espero dutela azaldu du. Tresnaren ekoizpen osoa kanpora aterako du start-upak, eta merkaturatzeko unea, beraz, ez dago erabat euren esku: “fabrikazio oztopoak egon daitezke, eta bitartekoen zertxobait menpe gaude”.

Ekainaren 5erako, ingurumenaren nazioarteko eguna izaki, lehen aurresalmenta egitea espero dute

Halaber, jendearentzako salmenta prezioa 199 eurokoa izango da, eta aurki jakinaraziko duten promozio kit batekin merkaturatuko dute, e-commerce bidez Europako market place garrantzitsuenetan, eta tokiko denda ekologiko txikietan. Dena den, behin merkatuan egonik harpidetza eredua jorratu nahi dute: “Nespressoren gisakoa izango da gure modeloa. Kapsuletan oinarrituko gara, ezen etorkizunera begira mota ugarikoak izango ditugu”. Horrela, bezeroak aldiro kapsulak eskuratzeko parada izango du, eta bere datuen segimendua ere egin lezake. Izan ere, tresnak bluetooth bidez konektatutako aplikazioa edukiko du.

Etxetik beste hainbat esparrutara

Nahiz eta orain Yenxarekin buru belarri aritu, start-up nafarrak baditu beste hainbat akordio martxan. Proiektuaren izateko arrazoia hondakinei balioa emateko teknologiaren diseinua eta garapena izanik, ekonomia zirkularra etxeratzeaz gain, ostalaritzara eta beste zenbait kolektibitatera bideratu nahi dute Yenxa eta bere teknologia. Horren harira, Martinezek dio euren helburua dela olio erabiliaren birziklatze sistema jasangarriagoa egitea.

2025ean argitara emango den hondakinen legeak ere udaletxeak birziklatze neurri zorrotzagoak hartzera behartuko dituela jakitun dira Almotechen. Ondorioz, teknologia honek beste esparru batzuetan bidea egin dezakeela ikusten dute, are gehiago egun kontsumitutako olioaren % 10 baino gutxiago birziklatuta Garapen Jasangarrirako 2030 agendaren helburua % 60 batera ailegatzea dela jakinda.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK