BAT B Acceleration Towerrek bost solairu gehiago izango ditu gaurtik aurrera. Bizkaiko ekintzailetzaren nazioarteko zentroa 8.000 metro karratura handitu dute, orain arteko azalera bikoiztuz, eta gaur egin dute espazio berriaren inaugurazio ekitaldia.
Bertan izan da Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Juan Maria Aburto Bilboko alkatea. Bi urte bete berri ditu BATek, eta azaldu dutenez, dagoeneko edukieararen %80 beteta du dorreak. Guztira, 200 kide (123 start-up, 45 korporazio eta 55 inbertsiogile, zentro teknologiko nahi unibertsitate) eta 800 pertsona dira egun eraikinean lanean.
Eraikinaren fase berriaren inaugurazioan, lehendakariak proiektu horren "nazioarteko konexiorako gaitasuna" baloratu du, "hazkunde betean" eta "etorkizun handikoa" dela nabarmenduz, izan ere, "konektibitatea funtsezko faktorea da lehiakortasunerako eta" herrialde gisa garatzeko", bere esanetan.
Euskal enpresek "munduari gero eta gehiago begiratu" behar diotela ere azpimarratu du Pradalesek, "konplexurik gabe, loturarik gabe". "Gure interesak defenda ditzakegun lekuetan egoteko eta geure posizioa indartzeko asmoarekin, baita Euskadira talentua, inbertsioa eta enpresa berriak erakartzeko asmoarekin ere", adierazi du.
Ildo beretik, Bizkaiko ahaldun nagusiak gehitu du "zenbat eta ekintzailetza gehiago eduki, orduan eta lehiakortasun handiagoa" egongo dela, eta "pertsonentzat ongizate handiagoa eta hobea" ekarriko duela. Hala, nabarmendu du BAT lurraldeko "ikono bat" dela, eta, batez ere, “mundu osoko ekintzaile eta start-upak erakartzeko espazioa".