Berrikuntza eta jasangarritasuna sustatzeko enpresen bilgunea

Bizkaia Enpresa 2024 topaketaren hamahirugarren edizioa egin zen atzo BECen. Syngoi Technologies, Nuuk Mobility Solutions edota Pevasa enpresak saritu zituzten, eta eraldaketa digitaleko zenbait arrakasta kasu ezagutzeko parada ere izan zen

ON Bizkaia sarien irabazleak atzo BECen | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia ON Bizkaia sarien irabazleak atzo BECen | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

“Bizkaiko enpresa bilgunea osasuntsu dago”, Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuaren hitzetan. Hala ondorioztatu zuen atzo BECen egindako Bizkaia Enpresa 2024 topaketan. Beaz-ek antolatuta, topaketaren hamahirugarren edizioa izan zen atzokoa, eta lurraldeko 400 enpresa txiki zein ertain eta ekintzaileak bildu ziren Barakaldoko eraikinean.

2023an egindakoak errepasatu eta 2024ra begirako proiektuak azaltzeko parada izan zen bertan. Era berean, hainbat enpresari aitortza egin zitzaien. Elixabete Etxanobe Bizkaiko Foru Aldundiak ireki zuen ekitaldia, bertara hurbildutako ekintzaileak “konfiantzazko aliatu” direla nabarmenduz. “Lurralde txikia gara, eta Bizkaiko ekonomiaren ahalmena bermatzeko gure indarrik handiena lankidetzatik dator, izan ere, laguntza honetatik eusten zaie kalitatezko enpleguei eta pertsona guztientzako zerbitzu publiko onei”, adierazi zuen.

Elixabete Etxanobe: “Lurralde txikia gara, eta Bizkaiko ekonomiaren ahalmena bermatzeko gure indarrik handiena lankidetzatik dator, izan ere, laguntza honetatik eusten zaie kalitatezko enpleguei eta pertsona guztientzako zerbitzu publiko onei”

Basurkok, bestalde, Ekonomia Sustatzeko sailaren aurrekontuaren %75 “industria eta zerbitzu enpresa aurreratuen lehiakortasunean laguntzeko” inbertitu dela jakinarazi zuen. Hala, 2023an 300 enpresa-proiektu babestu dituzte, 2022an baino %15 gehiago, eta denera 569 enpresek jaso dituzte laguntza zerbitzuak. Hori gutxi balitz, foru diputatuak argitu duenez, Beaz erakundeak lurraldeko 200 start-upi eskaini dizkiete zerbitzuak eta 3,5 milioi euro inbertitu dira 24 start-up eta enpresa txiki eta ertainetan.

2024ra begira, lurraldeko enpresen aurreikuspenak “baikorrak” direla azpimarratu zuen Basurkok, eskari zorroei, enplegua sortzeari eta I+Gn eta berrikuntzan inbertitzeari dagokionez. Dena den, enpresek STEM arloko talentua eskuratzeko zailtasunak dituztela aitortu zuen, eta hori dela eta, talentua garatzeko nahiz digitalizazioa indartzeko proiektuak abiaraziko dituztela jakinarazi zuen.

Eraldaketa digitalaren adibideak

Olatz Goitia Beaz-eko zuzendari nagusiak ere parte hartu zuen atzoko ekitaldian, eta Basurkoren ildo beretik, Bizkaiko enpresa ehunaren erronkak xehatu zituen. “Eraldaketa ez da aukera bat, aurre egin behar diogun premia baizik. Eraldaketa digitalari kolpe egin behar zaio”, bere hitzetan.

Horren harira, eraldaketa digitala gauzatu duten enpresen hiru esperientzia ezagutu ahal izan ziren atzoko ekitaldian. Alde batetik, Egoitz Ardanzak ehun urte baino gehiago dituen Jesus Oñate enpresa durangarraren digitalizazio prozesuak azaldu zituen. Ondoren, softwareak garatzen dituen Barbara enpresako Ainara Garcia project managerra mintzatu zen, eta azkenik Jose Antonio Lozano BCAM erakundeko zuzendari zientifikoak hartu zuen hitza.

Errekonozimendua hainbat enpresei

Basurkok, hainbat kontzeptu aipatu zituen bere hitzaldian, baina beste askoren artean errekonozimendua nabarmendu zuen. Hain zuzen, horretarako tartea ere egon zen, eta lurraldeko bost enpresen ibilbidea aitortu zuten, ON Bizkaia sarien bitartez.

Enpresa berritzailea sortzeko proiektu onenaren saria jaso du Syngoi Technologies enpresak. Orain urtebete sortua, DNA sintetikoa ekoizten du, eta bere inbertsio teknologikoari esker paziente bakoitzerako tratamendu espezifikoak diseinatzen ditu. Zamudion du egoitza enpresak eta bere bezero nagusiak Europa eta AEBtako enpresa bioteknologiko eta farmazeutikoak dira.

Enpresa berritzailea sortzeko proiektu onenaren saria jaso du Syngoi Technologies enpresak

Berrikuntza eta hazkunde proiektu onena, berriz, Jeremias Españarentzat izan da. 2007an sortutako enpresa gasen hustuketan aritzen da. Iurretako enpresak inbertsioa handia egin du I+Gn, eta biomasako galdaren eta berogailuen berokuntza sortzeko teknologia eraginkorra du, ez baitu atmosferara isurtzen.

Sparber Lineas Maritimas enpresak jaso du Nazioartekotze proiektu onena. 43 urteko ibilbidea duen enpresak hiru negozio lerro ditu: lurreko, itsasoko eta aireko garraioa. Itsasoko negozio lerroa da enpresaren jarduera garrantzitsuena, eta egoitza nagusia Bilbon badu ere, bulego nahiz biltegiak ditu Irunen, Bartzelonan, Madrilen, Valentzian edota Zierbenan.

43 urteko ibilbidea duen Sparber Lineas Maritimas enpresak hiru negozio lerro ditu: lurreko, itsasoko eta aireko garraioa

Trantsizio digitaleko proiektu onena, aldiz, Pevasa Pesqueria Vasco Montañesaren eskuetan geratu da. Ozeano Atlantikoan eta Indiako ozeanoan atuna arrantzatzeaz arduratzen den enpresa da, eta azken urteotan arrantza jasangarriaren aldeko apustua egin du. Atzoko topaketan bere Tracline plataforma digital berritzailea saritu nahi izan dute.

Azkenik, start-up baten ibilbide onenaren saria Nuuk Mobility Solutions enpresak eskuratu du. Nuukek mugikortasun elektrikorako irtenbide globalak eskaintzen ditu hiri-eremuan. 2021ean 2 milioi euro fakturatzetik, 2023an 20 milioi eurora pasa da, eta 18 pertsonako lantaldea izatetik 50 pertsona izatera ailegatu dira. Ibilgailu elektrikoak merkaturatuz, ingeniaritza ekipo propioa sortu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK