
Duela urtebete eskas, Blanca Roses Villarasak aholkularitza lana uztea erabaki zuen ekintzailetzaren munduan murgiltzeko. 28 urteko gazteak Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ikasi zuen ESADE Business Schoolen, Bartzelonan. Graduatu ondoren, enpresa munduan lanean hasi zen.
2024. urtean bere enpresa propioa sortzea erabaki zuen: Sporty Hangover. Entrenamendu pertsonalizatuen plataforma bat da, entrenatzaile pertsonalaren figura demokratizatzea bilatzen duena. Korrikalari amateurrek benetan behar dutena eskaini nahi du, zerotik hasi nahi duenengandik hasi eta aurreratuenetaraino, arrazoizko prezioan.
Zein izan da zure ibilbide profesionala?
Nire ibilbide profesionala negozioetara bideratuta egon da beti, aholkularitza eta start-upen mundura. Unibertsitatean graduatu berri, 22 urterekin, aholkularitzan hasi nintzen lanean, Deloitten (Big Fourretako bat), hain zuzen ere. Beti gogoratuko dut garai hori maitasun handiz; izan ere, enpresa ezagutzan asko ikasteaz gain, talentu handiko pertsonak izan nituen inguruan, eta laneko diziplina zer den ikasi nuen, gaur egun lagunarri zaidana.
Urte batzuk han lanean eman ondoren, start-upen mundua oso gustuko nuela konturatu nintzen, eta Venture Builder batean hasi nintzen lanean, hau da, bere inbertsio funtsaren bidez estrategia sailean beste enpresa batzuk sortzen dituen enpresa batean. Etapa hori gabe uste dut gaur egun ez nintzatekeela egongo nagoen lekuan.
Eta, azkenik, berrikuntza aholkularitzara salto egin nuen, nire aurreko bi lanak nahastuta, alegia, aholkularitzatik eta start-upen mundutik gehien gustatzen zitzaidana batzen saiatu asmoz. Orduan, sortu zen Sporty Hangover ideia.
Orain nire ibilbide profesionalari begiratzen diodanean konturatzen naiz dena zerbaitengatik gertatzen dela. Aurreko lanik gabe, benetan ezinezko izango zen nire proiektua sortzea. Zorionekoa naiz leku horietan lan egin eta hainbeste ikasteko aukera izateagatik. Eta auskalo! Zer ekarriko didan etorkizunak, eta nola jarraituko duen nire ibilbide profesionalak. Oso gaztea naiz, eta bizitzak buelta asko ematen ditu, baina ziur nago beti egongo dela lotuta enpresa munduarekin.
Noiz sortzen da Sporty Hangoveren ideia?
Sporty Hangoverren hasierako ideia 2023ko abenduan sortu zen. Identifikatu nuen jende askok zuen behar bati inork ez ziola erantzunik ematen. Aztertzen hasi nintzen, lagunekin hitz egiten euren ikuspegia ulertzeko, eta, batez ere, asko galdetu nuen. 2024ko maiatzera arte ez nuen argi ikusi, baina orduan erabaki nuen martxan jartzea, nola funtzionatzen zuen aztertzeko.
"Askok ez zuten ulertzen nola pasatzen nuen ondo arineketan egiten. Runninga oso kirol aspergarritzat jotzen zuten, eta ni, berriz, nire entrenamenduez gozatzen ikusten ninduten"
Nola izan zen sorrera prozesua?
Proiektuaren ideia lagun arteko elkarrizketa baten ondorio da. Askok ez zuten ulertzen nola pasatzen nuen ondo arineketan egiten. Runninga oso kirol aspergarritzat jotzen zuten, eta ni, berriz, nire entrenamenduez gozatzen ikusten ninduten, lasterketetara apuntatzen eta motibatuta. Gauzak horrela, Instagram kontu bat sortzea erabaki nuen, nire entrenamenduak inspirazio gisa partekatzeko. Une horretan, nire kabuz entrenatzen nuen. Izan ere, entrenatzaile pertsonalaren figura ez zitzaidan niretzat iruditzen, runner sozial bezala ikusten nuelako nire burua.
Orduan konturatu nintzen entrenatzeko orduan, neska asko galduta zeudela, eta norbaitek benetan hobetu nahi bazuen, aukera bakarrak zirela plan generikoak edo entrenatzaile pertsonalak. Horregatik, entrenamendu plan pertsonalizatua sortzeko ideia izan nuen, runninga lanbide ez duten pertsonentzako. Beraz, ikertzen hasi nintzen, eta ikusi nuen aukera zegoela nola entrenatu ez zekien jendeari laguntzeko. Orduan, Llorenc Esteve entrenatzaile pertsonal eta nire egungo bazkidearekin harremanetan jartzea erabaki nuen.

Eta hortik aurrera?
Hortik aurrera, ideia balioztatzen joan ginen, nola egin nahi genuen definitzen. Horrela abiarazi genuen. Gogoan dut asmo handirik gabe egin genuela. Nik aholkularitzan egiten nuen lan, nire lana asko gustatzen zitzaidan, eta, berak, aldi berean, bere enpresa propioa zuen. Baina errealitatea izan zen lehen egunean bertan lortu genuela Sporty Hangover planen bidez entrenatzen hasi nahi zuen jendea, eta era organikoan hazten joan ginen.
Beti esaten dut “sportie” horiek (Sporty Hangoveren entrenatzen duten pertsonak) izan direla gaur egun proiektua definitu dutenak. Guk jendeari entrenatzeko aukera ematen lagundu nahi genion, eta gauzak beren beharren arabera eskatu ahala, zerbitzua taxutzen joan ginen.
Zergatik aukeratu zenuen kirola eta entrenamenduaren sektorea?
Enpresa mundutik etorrita, ekitea zen nire asmoa besterik gabe. Aitzitik, kirola nire bizitzan hain integratuta dagoenez, oso kirolaria den zirkulu batean egon naiz beti, eta sektore hori oso gertutik bizi izan dut, azken joeren berri izanda. Horren ondorioz, sektore horri lotutako negozio ideia bat izan dut.
Esan dezakedana zera da: goraka doan sektorea denez, eta nire nortasunagatik asko gustatzen zaidanez, nire ibilbide profesionala arriskatu nahi izan dudala honelako proiektu bat abiarazteko. Motibatzen ez nauen sektore batean ideia bat izan banu, ziurrenik ez nukeen pausoa emango, nahiz eta negozio aukera bat egon. Negozio ideiak dituzten pertsonak asko dira, baina egiteko gogoa, motibazioa eta sakrifizioa duten pertsonak ez hainbeste.
"Motibatzen ez nauen sektore batean ideia bat izan banu, ziurrenik ez nukeen pausoa emango, nahiz eta negozio aukera bat egon"
Nola deskribatuko zenuke urtebete hau?
Sporty Hangover oso azkar hazi da, baina oso motel aldi berean. Atzera begira, urtebete baino ez da pasa hemen lanaldi osoz lanean hasi nintzenetik. Urte bakar batean taldea eta egitura hazi da, logoa aldatu dugu, webgunea aldatu dugu, eta ez nuen uste hau nire errealitate berria izango zenik. Hala ere, asko dago egiteko, eta esku gutxi exekutatzeko. Egunerokoa bizitzen duzunean, badirudi ez duzula aurrera egiten, suak itzali besterik ez. Berrikuntza asko datoz, eta urte erdi baino gehiago daramagu horietan lanean; dena ondo badoa, laster ikusiko dute argia.
Nolakoa da ekitea emakumea izanik?
Nire kasuan, oraindik ez dut oztopo handirik izan ekintzailetzan emakume izateagatik. Baina, egia da, esan ohi dutela, finantziazio erronka baten bila zabiltzanean, asko kostatzen dela inbertitzaileek emakumeak buru dituen enpresa baten alde apustu egitea. Nire kasuan, enpresa tradizionalagoetatik datozen goi kargu bateko enpresariekin bilerak egin behar izan ditut, zeinetan ez nauten serio hartu, emakumea eta gaztea naizelako; gainera, lekuz kanpoko mezuak entzun behar izan ditut. Hasieran gutxietxita sentitzen zara, zure negozioa gutxiesten dutelako, baina gero kudeatzen ikasten duzu, eraginik izan ez dezan, eta zure ideiarekin aurrera jarraitzeko.
Nolakoa izaten ari da ekitea?
Esango nuke ekiteko gauzarik zailenetako bat dela gai ekonomikoa. Enpresa bat bultzatzeko dirua behar duzu; dela zorraren bidez, dela inbertsioaren bidez. Taldea handitzeko ezinbestekoa da, baita proiektuaren aldeko apustua egingo duen jendearengatik ere.
Ekonomia mailan ekitea zer den bi hitzekin deskribatu beharko banu, buruko mina esango nuke. Egunerokoa malabarak egitea da, kostuak estaltzeko eta berriro inbertitu ahal izateko tarte bat uzteko.
"Sporty Hangoverrek ez du inbertsiorik behar izan. MVPak, hau da, baliozkotze gisa kaleratu genuen lehen bertsioak, web orriaren zerbitzariaren kostua bakarrik ekarri zuen, 30 eurokoa. Zortea izan dugu kaleratu genuen lehen egunetik diru sarrerak izan ditugulako"
Zer inbertsio mota behar izan du Sporty Hangoverek?
Sporty Hangoverrek ez du inbertsiorik behar izan. MVPak, hau da, baliozkotze gisa kaleratu genuen lehen bertsioak, web orriaren zerbitzariaren kostua bakarrik ekarri zuen, 30 eurokoa. Zortea izan dugu kaleratu genuen lehen egunetik diru sarrerak izan ditugulako. Horrez gain, nire bazkideak eta biok gure beste lana aldi berean genuenez, ez genuen soldatarik behar. Sortzen zen guztia berrinbertitu egiten zen eskainitako zerbitzua hobetzeko xedez.
Lana utzi nuen unean, Sporty Hangoverrek nahikoa sortzen zuen gutxieneko nomina bat izateko, eta aurrezkiak pilatzen jarraitu ahal izateko, beti eskainitakoa hobetzen jarraitzeko.
Ez da kasu ohikoa. Askotan pentsatu dugu zuzen jokatu ote dugun, eta inbertitzeko interesa duen jendearen eskaintzak ere jaso ditugu. Baina, oraingoz, ez dugu dirurik jarri behar izan.
Finantzaketari dagokionez, nola finantzatzen da enpresa?
Esan bezala, Sporty Hangover bere diru sarreren bidez finantzatzen da; hau da, ez dugu inbertitzaileen, zorraren edo dirulaguntzen kanpoko inolako inbertsiorik jasotzen. Neurri batean, horrek dezente mugatzen digu hazkundea, eta lehiarekiko desabantailan jartzen gaitu, batez ere sektorean oso oldarkor jartzen ari direlako. Baina, aldi berean, kontrola mantentzeko eta erabakiak arinegi hartu gabe hartzeko aukera ematen digu. Ez dugu gerra batean sartu nahi azkarrago hazten eta merkatuaren zati bateko geratzen dena ikusteko, baizik eta jendeak behar duenari benetan balioa eman nahi diogu.
"Hasieran emakumeei zuzenduta zegoen Instagram baten bidez modu organikoan hazi garenez, emakumeei zuzendutako zerbitzu gisa kokatu gara. Jende askok Sporty Hangover nirekin lotzen du, marka pertsonalaren zati bat oso indartsua baita, eta, horren ondorioz, emakumeak nirekin identifikatuta sentitzen dira"
Bezeroen profilari dagokionez, gehiago al dira emakumeak gizonak baino?
Emakume gehiago daude gizonak baino, nahiz eta beraiek gidatutako merkatua izan. Gai hori askotan aipatzen dugu lantaldean; izan ere, normalean gutxiago kostatu beharko litzaiguke gizonengana iristea emakumeengana baino, baina ez da hala izaten.
Hasieran emakumeei zuzenduta zegoen Instagram baten bidez modu organikoan hazi garenez, emakumeei zuzendutako zerbitzu gisa kokatu gara. Jende askok Sporty Hangover nirekin lotzen du, marka pertsonalaren zati bat oso indartsua baita, eta, horren ondorioz, emakumeak nirekin identifikatuta sentitzen dira.
Ikuspegia aldatzen saiatu gara, mutil gehiago sartzeko, baita gizonak ordezkatuko lituzkeen beste kosortzaile bat sartuz ere, baina, hala ere, merkatuak posizionatu egin gaitu, eta hori aldatzea oso zaila da. Horrek ez du esan nahi nesken aldeko jarrera soilik hartuko dugunik, ezta mutilak sartzeko apustu sendoa egingo ez dugunik ere. Guk oraingoz badugu gure ibilbide orria, bi alderdiak baliozkotzen ditugu, eta hortik aurrera ikusiko dugu zerk egiten digun mesede gehien.

Zer mezu helarazi nahi diezu beste emakume batzuei ekintzailetzari edo beren ideiak eta proiektuak errealitate bihurtzeari dagokionez?
Ekitea planteatzen ari den edozein emakumeri emango liokeen mezua da nahi duena egitea eta beldurrik ez izatea. Beti egongo da zuzentzeko denbora, baina ez da denborarik izango galdutako guztia berreskuratzeko. Gogoan dut asko kostatu zitzaidala erabakia hartzea, eta bazkideekin egunero komentatzen nuen zerbait zen: zer egiten dut? Lana utziko dut? Eta horretan hilabeteak eman nituen.
Aholkuak gorabehera, urtarrilean hartu nuen lana uzteko erabakia, asko hazi ginelako, baina beranduegi izan zen, hilabete kaotiko batzuk etorri baitziren; lehenagotik lanaldi osoz egon ez ginelako, gainezka egin genuen.
"Aholkuak gorabehera, urtarrilean hartu nuen lana uzteko erabakia, asko hazi ginelako, baina beranduegi izan zen, hilabete kaotiko batzuk etorri baitziren; lehenagotik lanaldi osoz egon ez ginelako, gainezka egin genuen"
Zeintzuk dira zure helburuak, bai epe laburrera, bai luzera?
Epe laburreko helburua da, batez ere, Sporty Hangover sendotzea. Alderdi guztietan hazten ari gara. Talde mailan bulego batera “aldatu” berri gara, coworkinga atzean utzita, eta pixkanaka dena forma gehiago hartzen hasi da. Oinarri onik gabe, dena erortzen da. Beraz, epe laburrerako helburua oinarriak finkatzea da, gero eta gehiago eta azkarrago hazten jarraitu ahal izateko.
Epe luzera, Sporty Hangover nazioartean zabaltzea gustatuko litzaiguke. Dagoeneko 10 herrialdetan baino gehiagotan gaude, baina beste herrialde batean bizi diren bertakoak dira. Kanpoan bizi den jendeak eskatzen digun zerbitzu bat da, bere lagunek ere gurekin entrenatu ahal izateko, eta parte garen guztiok esaten dugun bezala, Sporty “magia” bizitzeko. Ez dakigu noiz emango dugun pausoa. Lehenik eta behin gauza asko ditugu martxan, eta ez dugu presaka ibili nahi, baina laster izatea espero dut.