BeePlanet Factory enpresa nafarrak bost milioi euroko finantzazio erronda itxi berri du. Orkoienen kokatutako enpresak energia biltegiratzeko ibilgailu elektrikoen bateriak egiten ditu, eta finantzazio honek enpresaren hazkundea, dibertsifikazioa eta nazioartekotzea ahalbidetuko dio.
Bi inbertsore estrategiko gehitu zaizkio BeePlaneti: Santander Climate Fund eta Easo Ventures inbertsio funtsak, eta horiei esker lortu du finantzazio erronda ixtea. Inbertsio funts hauek jada enpresaren bazkide ziren Itzarri eta Suma Capitalera gehitu dira.
Sodena sozietate publikoak, zeinak konpainia nafarra babesten duen, adierazi du finantzaketa honi esker BeePlanetek negozio modelo berriak irekitzeko aukera izango duela eta energia biltegiratzeko soluzio berriak eskaini ahal izango dituela.
2018an sortu zen BeePlanet eta iaz 5,7 milioi euroko fakturazioa izan zuen. "Harro egoteko modukoa da kapital handitze hau iragartzea, urrats erabakigarria izango baita gure posizioa indartzeko eta energia biltegiratzearen sektorean aurrera egiten jarraitzeko. Ibilgailu elektrikoen bateriak berrerabiltzen mundu mailan erreferente bihurtzea da gure helburua", adierazi du Jon Asin BeePlanet Factoryko zuzendari nagusiak.