Donostia Sustapenak eta Elkargik 500.000 milioi euro banatu dituzte start-upak finantzatzeko

Abal Funtsa programaren bidez 30 eragiketa gauzatu dituzte 2016az geroztik

87.600 euroko sei finantzazio eragiketa gauzatu dituzte | Argazkia: iStock 87.600 euroko sei finantzazio eragiketa gauzatu dituzte | Argazkia: iStock

Donostian sortutako start-upak finantzatzeko asmoz, Abal Funtsa programak 87.600 euroko sei eragiketa gauzatu zituen 2023an. Denera milioi erdi euro bideratu ditu beraz, Donostia Sustapenak eta Elkargik elkarlanean abiatutako programa honek. 2022ko batez besteko laguntzarekin alderatuta, kopuru horrek % 20,3ko igoera izan du. Finantzatutako proiektuak osasun sektorea, IKT eta 4.0 industria arlokoak izan dira, eta Donostia Sustapenak argitu duenez, finantzatzatutako proiektuen erdiak (% 50) emakumeek gidatutakoak dira.

Hauek dira 2023an finantzatuta enpresa berriak: Veris Behaviour, Systemilec Wealth, Health Pro SL, Zola Sistemas SL, Digizen eta Enki Technologies SL.

Programaren “bilakaera positiboa” azpimarratu dute bi erakunde antolatzaileek. Hala, 2016tik 30 finantzaketa eragiketa burutu ditu programak, 2 milioi euro baino gehiago finantzatuz.

Ane Oyarbide Donostiako Udaleko Ekonomia eta Bertako Enplegurako zinegotziaren ustez, datu horiek "udaletxea, Donostia Sustapenaren bitartez, egiten ari den lana” azaltzen dute, eta “azken hamar urteetan 12,5 milioi euroko ahalegina egin da horrelako programak bultzatzeko”, adierazi du.

Rakel Martin Gipuzkoako Elkargiko zuzendariak nabarmendu duenez, "ekosistema ekintzailearekin dugun konpromiso etengabea areagotzen jarraitzen dugu. Lankidetza publiko-pribatua eta proiektuei buruzko ezagutza zehatza funtsezkoak dira gure laguntza benetako finantzaketa batekin areagotzen jarrai dezagun". Ekosistema horrekin izandako lankidetza luzea azpimarratu du Martinek, eta 'Elkargi espiritua'ren garrantzia azpimarratu du bai ekosistemaren beharrak ulertzeko bai irtenbide pertsonalizatuak bilatzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK