Alergia duten pertsonentzat udaberria ez da urteko sasoi gogokoena izaten. Lehen, batez ere, hilabete gaiztoak izaten ziren maiatza eta ekaina alergiadunentzat, baina klima aldaketak eta euri gutxiago egiteak aldaketak ekarri ditu. Orain, ez da udaberriko kontua soilik eta normalena da sufrikarioa luzatzea, uztailera arte. Euskal Autonomia Erkidegoan alergia duten pertsonen erregistro ofizialik ez dagoen arren, gure ingurura besterik ez dugu begiratu norbaitekin topo egiteko. Ohikoena da gramineoen lore hautsari alergia izatea, eta lorategietako, belardietako eta errepide bazterretan aurkitzen dira. Bidegorri baten oinez, bizikletan edo paseoan izanez gero, posible da norbait doministiku egiten aurkitzea. Hor dago arrazoia.
Historikoki, norbanako baten alergia posibleak antzemateko azaleko probak eskuz egin izan dira. Bost eta hamar inguruko probak izan ohi dira, orain dela 40 edo 50 urte egiten zituzten modu berean eginak. Urteen poderioz, alergia proba horiekin gogaituta, mediku alergologoak batu egin ziren eta Nexkin Medical start-uparekin jarri ziren harremanetan, proba horientzat teknologia bat sortzeko, alergien diagnostikoa hobetzeko, azterketak modu automatizatuan egiteko, eta gaixoaren datuak digitalizatzeko.
Alergia probetan iraultzaile
Erronka horretatik abiatuta, alergia proben digitalizazioaren erantzule nagusia da Nexkin Medical. 2016an jaiotako enpresa berri honek produktu teknologiko bat merkaturatu du azaleko probak digitalizatzeko. Oscar Matellanes enpresaren fundatzaileetako bat da eta berak azaldu du zer sortu duten eta zertarako: “Guk sortu dugun teknologia eskaner txiki moduko bat da, alergia probetan azalaren gainazala irakurtzen duena. Erreakzio bat non gertatu den eta erreakzio hori zein elementuren aurrean izan den detektatzen du”. Osasun-langileak "ezertarako balio ez duten zereginetatik askatzen" dituztela nabarmendu du.
Oscar Matellanes: “Donostiako Tecnun Ingeniaritza Eskolan egindako doktorego tesi baten bidez patente bat sortu zen, eta hortik aurrera garatu da produktu industriala"
Nexkin Medical Up Euskadi euskal ekintzailetza-ekosistemaren parte da, Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen SPRI enpresa garapenerako agentziak bultzatzen eta koordinatzen duena. Produktu teknologikoa garatzen lehenago hasi zen, Nafarroako Unibertsitateak bultzatzen duen ikerketarako CEIT zentroan. Matellanesek hasierako urratsak ekarri ditu gogora: “Donostiako Tecnun Ingeniaritza Eskolan egindako doktorego tesi baten bidez patente bat sortu zen, eta hortik aurrera garatu da produktu industriala ".
Teknologia merkaturatu ondoren enpresaren lehen zutabeak jarri ziren. Ideia edukitzetik produktua merkaturatzera arteko prozesua polita bezain nekeza izan dela nabarmendu du. Erronka tekniko bati aurre egitea, eta aitortu du prozesu konplexua izan dela tresna erabilerraza izan behar dela bermatzea, egunerokotasunean erabili behar baita.
Alergia probak egiteko modu berritzaile horrek "sekulako abantailak" suposatzen dizkio alergologoari. Orain arte, ospitale pribatu zein publikoetan pazienteei egiten zizkieten probak ez ziren digitalizatzen, eta orain prozesu osoa erabat digitala da. Nexkin Medicaleko zuzendariaren arabera, “probak askoz eraginkorragoak dira orain. Denbora murrizten dute, eskuzko lana asko gutxitu, eta beraz, alergologiako espezialistek denbora hori pazientearekin beste jarduera batzuk egiteko erabil dezakete”. Halaber, gaineratu du emaitzak askoz “zehatzagoak” direla eta gaixoaren historia klinikoan ibilbide bat marraz daitekeela.
Matellanesentzat “bazen garaia espezialitate honetan beste esparru batzuetan duten teknologia bera izateko”. Pazienteen harrera ere oso ona izan da. Eskaner horretatik igaro diren gaixoak "oso pozik” daudela aitortu du, kudeaketa mailan eta eraginkortasunean asko hobetu delako. Gogorarazi du eskuzko probak batez beste lau minutukoak direla eta teknologia berri honi esker gaur egungo probak lau segundokoak direla.
Eskuzko probak batez beste lau minutukoak dira eta teknologia berri honi esker gaur egungo probak lau segundokoak dira
Aurrera begira ere jarri da Nexkin Medical. Etengabeko hobekuntza batean murgilduta daude. Orain arte, prick test bezala ezagutzen diren probak egin dituzte, hau da, elikagaien alergiak eta inhalatzaileen alergien probak, polena eta akaroak detektatzeko, bereziki. Merkaturatu duten azken hobekuntza da proba intradermikoak irakurtzeko aukera, hazkunde handiagoko merkatuan eta kezka handiagoa sortzen dutenak. Matellanesen hitzek anbizioa erakusten dute: “Gure produktuetan erabiltzen dugun oinarrizko teknologia da larruazala aztertzeko teknologia, eta, zentzu horretan, beste baldintza eta gaixotasun batzuetan ere erabil daiteke, dermatologiatik beste proba batzuetara salto egin”.
Merkatuak dibertsifikatzeko gogoz
Gaur-gaurkoz, Espainiar estatuko ia autonomia erkidego guztietako ospitaletan eta klinika pribatuetan erabiltzen da Nexkin Medicalen asmakizuna. Hala ere, gehiago gura dute eta Europar Batasuneko oniritzia jaso ondoren, Estatu Batuetako merkatua dute begiz jota. Enpresa donostiarreko zuzendariaren hitzetan, "gailua Europa osoan merkaturatzeko baimena dugu, eta AEBn ere baimen hori lortzeko fasean gaude, hemendik bi urtera. Europan dagoeneko hasi gara gailua merkaturatzen, eta alergologia biltzarretan ere aurkeztu izan dugu”.
"Europan dagoeneko hasi gara gailua merkaturatzen, eta alergologia biltzarretan ere aurkeztu izan dugu”
Orain, Erresuma Batuko Alemaniako, edo Frantziako merkatuan produktua irekitzeko asmoa dute. Zergatia azaldu du Matellanesek: "Merkatu handienak dira, bai gaixotasun alergikoaren prebalentziagatik, bai alergologian erreferente diren zentroak daudelako". Munduko herrialde gehienetan sartzea posible dela azaldu du, betiere Europako edo Amerikako baimena ziurtatuta.