
Ekinn Donostiako Berrikuntza eta Ekintzailetzarako Nodoak urtebete bete du, eta orain arteko balantzea aurkeztu dute gaur Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak eta Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari gerenteak. Ekinnen helburua da Donostiako proiektu ekintzaileen sorrera eta garapena bultzatzea, eta prentsa-oharrean azaldu dutenez orain arte 5.500 pertsona baino gehiagok bisitatu dute “erreferentziazko gunea”.
Gainera, 952 pertsona eta 229 proiektu babestu ditu Ekinnek, zeinei aholkularitza ere eskaini zaien. Orotara, 21 mintegi trinko egin dituzte hainbat erakunderekin elkarlanean (Nazaret, EHU, Tecnun, Ceinpro, AEG eta Easo Politeknikoa) eta 650 ikaslek hartu dute parte. Bestalde, mentorea esleitu zaie hogei proiekturi, eta guneak “hainbat berrikuntza ekosistemen interesa piztu du”, hala nola, Lisboan, Bolonian eta Finlandian.
2025. urteari begira dituzten helburuak ere aurkeztu dituzte, eta ondorengoak dira horietako batzuk: nazioarteko proiektu ekintzaileen erakarpena indartzea, tokiko talentu ekintzailea fidelizatzea, elkartzeko eta konektatzeko guneak sortzea, laguntza ibilbide pertsonalizatuak bultzatzea eta ikastetxeekiko lankidetza indartzea.