Ekintzailetza eta finantza hezkuntza kritikoari buruzko jardunaldia antolatu du Finantzaz Haratagok

Azaroaren 10an eta 11an egingo da topaketa Bilboko Ekonopolo eraikinean

Argazkia: Finantzaz Haratago Argazkia: Finantzaz Haratago

Finantzaz Haratagok, Finantza Etiko eta Alternatiboetako Hezkuntzaren Euskal Sareak, ekonomia eta finantza hezkuntza kritikoari buruzko topaketa antolatu du azaroaren 10an eta 11an Bilbon. Zehazki, RedEFES sarearen IV. jardunaldia da, eta Bilboko Ekonopolo eraikinean egingo da.

Ekitaldian, hezkuntza sisteman formakuntza ekonomiko, finantzario eta ekintzaile kritikorako alternatibei buruz hausnartzeko parada izango da. Halaber, izen-ematea doan da, eta urriaren 20ra arte egongo da zabalik. Bigarren Hezkuntzako, batxilergoko, heziketa zikloetako eta unibertsitatetako irakasleei nahiz hezkuntza ekonomiko eraldatzailea sustatu nahi duten pertsona eta erakundeei zuzenduta dago topaketa.

Jardunaldiko partaideek ikasgelan erabiltzeko baliabide eta tresna pedagogikoak ezagutzeko aukera izango dute, eta diziplina askotako materialak ere aurkeztuko dira. Hori gutxi balitz, Finantzaz Haratagok, topaketa honen bidez, hezkuntza formal eta ez formalean finantza etikoak landu nahi dituzten irakasle eta erakundeen artean harremantzeko espazioa bihurtu nahi du ekitaldia.

Irakasleek euren hezkuntza esperientziak azaltzeko tartea ere izango da jardunaldian. Antolatzaileek deialdia ireki baitute, ikasgelan ekonomia, ekintzailetza edota finantza hezkuntza kritikoa sustatzeko egitasmoak jorraten dituzte irakasleak topatu asmoz. Modu honetara, jardunaldian esperientzia horien berri eman eta beste irakasle nahiz eragileak inspiratu nahi dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK