Urtarrilaren 28an hasiko da KoopFabrika ekintzailetza kooperatiba eskolaren bederatzigarren edizioa. Proiektu kooperatibo edo komunitario bat martxan jarri nahi duen orok parte har dezake bertan, euren jarduna Ekonomia Sozial eta Eraldatzailean kokatuz. Orain arteko edizioetan 725 pertsonek parte hartu dute eta 75 proiektu sortu dira. “Gure asmoa litzateke proiektu kolektibo bati forma eman nahi dionari lanabesak ematea, bai formazio bai bidelaguntza ikuspegitik”, dio Mikel Olaiz eskolaren koordinazio taldeko kideak.
Donostiako Egia auzoan, Teila Fabrika espazioan emango dira eskolak, baina Euskal Herriko edozein txokotan sortutako proiektuek dute parte hartzeko aukera. Bost formazio saioz eta bi bidelaguntza kolektiboz osatutako ikastaroa eskainiko da. Ekintzailetza sozialaren gaineko ikuspegia eta proiektu bakoitzera egokitzeko behar praktikoagoak uztartzen dituen ikastaroa eskaintzea da helburua Olaizen hitzetan. Interesa duen orok izena eman dezake KoopFabrikaren webgunean.
Lehen saioan Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta kooperatibismoa izango dute hizpide, “nolabait kokatzeko ikuspegi aldetik guk ekintzailetza nola ulertzen dugun. Garrantzia ematen diogu zerbait kolektiboa egiteari, proiektua garatzen den lurralde horretako beharrekin lotuta dagoena, pertsona kooperatibismoko balioetan oinarrituta”, arduradunaren esanetan.
Ekonomia feminista eta antiarrazista da bigarren saioko gaia. “Proiektu askotan alde batera uzten diren ikuspegiak dira, eta gure ustez ezinbestekoak”. Hirugarren saioan, komunitatea eta lurralde eraldaketa landuko da. “Proiektuok harremana dute euren inguruarekin eta beste eragileekin izaten ditugun harremanak nola egiten diren aztertuko da”, nabarmendu du.
Mikel Olaiz: “Gure asmoa litzateke proiektu kolektibo bati forma eman nahi dionari lanabesak ematea, bai formazio bai bidelaguntza ikuspegitik”
Laugarren saioa “praktikoagoa” da: lan-arloa eta administrazioa izenekoa; enpresa bat eratzean lan asko baitago egiteko, eguneroko kudeaketari dagozkion lan administratiboak, kontratuak, nominak, fakturak, barne araudia… Azkenik, azken saioan iraunkortasun ekonomikoa eta finantzazioa izango dute aztergai. “Ekintzailetza sozialaren bidez bilatzen dugu proiektuak bizigarriak izatea, baina betiere ekonomikoki jasangarriak”. Aurreikuspen ekonomikoen kudeaketa nola egin edota finantzazioa nola lortu aztertuko dute azken saio honetan.
Behin teoria landuta, bi bidelaguntza kolektiboren bidez, proiektu bakoitzaren behar zehatzak ase nahi dituzte. “Proiektu bakoitzak eman behar dituen hurrengo pausoak irudikatzen edo bide bat hasten laguntzen diegu".
EHU eta Mondragon Unibertsitatearekin landutako metodologia aplikatzen du KoopFabrikak, eta Olatukoop elkarteko kideek eskaini ohi dituzte eskolak. “Arlo jakin baterako beren egunerokotasunean horretan lanean ari direnek ematen dituzte klaseak. Espezializatuta daude”. Aurreko edizioetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du egitasmoak, aurten, ordea, ez. "Harrituta" daudela aitortu du Olaizek, baina aldundiaren laguntzarik gabe ere, edizio berri bat egitea erabaki dute, uste baitute “ezinbesteko tresna bat dela Euskal Herrian, eta ikuspegi eraldatzailetik sortzen ari diren proiektuek halako oinarri bat behar dutelako”.
JantzizLab, kooperatiba bilakatzeko bidean
JantzizLab da KoopFabrikatik ugaldu den 75 proiektuetako bat. Bost emakumeek osatutako “taldea” da, nahiz eta laster kooperatiba izatea espero duten. Arte eszenikoetarako jantzitegia egiten dute, dantza, zirkua, abesbatza edota antzerki ikuskizunetarako, besteak beste.
Iaz parte hartu zuten ekintzailetza eskolan, eta Donostia Sustapenarekin ari dira orain negozio plana garatzen. “Gure lan egiteko filosofia bat dator kooperatiba formarekin”, dio Saioa Royo kideak. Bost lagunak AEG ikastetxean ezagutu zuten elkar, Donostian, eta ikastetxearen bitartez, Urrats bat izeneko programan sartu eta KoopFabrikaren egitasmoa ezagutu zuten.
“Gu hasiberriak ginen eta alderdi askotan lagundu digu eskolak. Lanaren banaketan, adibidez”, azaldu du Royok. Horrekin batera, nabarmendu du eskolan parte hartzen duten beste kooperatibekin sortzen den elkarlana. “Guretzat garrantzitsua da, izan ere, materiala gure inguruan erosi nahi dugu, ahalik eta gertuen. Sistema baten barruan sentitzen zara eta eraldatzailea izateko aukera duzu”.
Saioa Royo: “Orain aztertzen ari gara zenbateko lan karga eta zenbat bezero beharko genituzkeen proiektua bideragarria egiteko”
Jantzitegia diseinatu aurretik ikerketa lan handia egin behar izaten dute JantzizLaben. Ikuskizun baten gidoia jasotzean, pertsonaia eta historia ondo aztertu eta zuzendari eta aktoreekin komunikazioa lana egiten dute. “Ikerketa eginda, jantzitegia diseinatzen dugu, prototipoa egin, probatu eta gero jantziak sortu behar dira”.
Prozesu guzti hau eginda ere, bostentzako soldata duin bat eskuratzera oraindik ez dira ailegatu, eta kide bakoitzak beste lan batekin uztartzen du kooperatibako jarduna. “Orain aztertzen ari gara zenbateko lan karga eta zenbat bezero beharko genituzkeen proiektua bideragarria egiteko”, azaldu du. JantzizLab proiektuaz bizitzea dute helburu, “izugarri disfrutatzen” baitute lanaz.
Duin bizitzeko ekonomia sozial eta eraldatzailea
Beste proiektu bati ere eman dio bultzada KoopFabrikak; Magma Mia kooperatibari hain zuzen. Beatriz Egizabal aktore, pailazo eta ipuin kontalariak eta Cesar Marcosek osatutako proiektua da, Egizabalen azken bakarrizketaren izen bera duena. “Autonomo bezala egin dut lan aspalditik eta nire lankidea diseinu grafiko eta tekniko lan bezala ere aritu da. Gure jarduera guztia nolabait txukuntzeko forma bat aurkitu behar genuen”, kontatu du Egizabalek.
Kooperatiba sortzeko aukera ikusi zuten, betiere Ekonomia Sozial eta Eraldatzailean ardaztuta. Olatukoopekin harremana zuen Egizabalek eta haiei esker jakin zuen eskolaren berri. “Ez genekien bi pertsonek kooperatiba sortu genezakeenik, eta ohartu ginen baietz, kooperatiba elkarte txiki bat izan gintezkeela. Asko lagundu zigun eskolak, ezagutza argigarri ugari eskuratu genituen”.
Beatriz Egizabal: “Orain ohartu naiz azken urteotan egiten nituen gauza pila batek izena duela enpresa batean, bezero arreta, adibidez"
Teoria saioez harago, hainbat hilabetez “mentoretza moduko bat” izan zuen Magma Miak Tapuntu kooperatibaren eskutik. “Behin gure jarduera guztia ordenatuta, ikusi dugu lehenago gauzak oso modu kaotikoan egiten genituela eta orain badugu enpresa baten izaera”, kontatu du.
Artistaren lan administratibo guztia arintzea lortu du Egizabalek kooperatiba eratuta, eta horrek sorkuntza lanerako denbora gehiago eman dio. “Orain ohartu naiz azken urteotan egiten nituen gauza pila batek izena dutela enpresa batean, bezero arreta, adibidez. Hori da txukundu dudana”.
Kooperatiba munduan espezializatutako aholkularitza batekin elkarlanean kudeatzen du administrazio lan guztia orain, eta aitortu du lasaitasuna eman diola, baita lanordu ugari kentzen dizkiola ere. "Arte eszenikoak, kultura, euskara... ez da proiektu erraza, baina helburuak gaindituko ditugu aurten eta oso ondo moldatzen gara orain gauden bezala. Ekonomia Sozial eta Eraldatzaileak ematen digun bizi kalitatea nahi dugu, honetaz bizi, duin bizi", azpimarratu du.