Elikagaien sektoreko enpresa berritzaileak bizkortzeko egitasmoa aurkeztu du Inkuba Sareak

Euskal Herriko eta Akitania Berriko start-upei zuzendutako programa da, eta Agour Etxea, Intia sozietate publikoa eta Azti zentro teknologikoa izango dira proiektu berritzaileen bidelagun

Egitasmoaren aurkezpena | Argazkia: Azti Egitasmoaren aurkezpena | Argazkia: Azti

Inkuba Sareak elikagaien ekoizpenerako teknologia berrien eta irtenbide jasangarrien erabileran ikuspegi berritzailea duten enpresa berriak aurkitzeko deialdia ireki du. Euskal Herriko zein Akitania Berriko start-upak bizkortzeko inkubagailua da Inkuba Sarea, eta Agour Etxea enpresarekin, Intia sozietate publikoarekin eta Azti zentro teknologikoarekin lankidetzan antolatu du deialdia.

Egitasmoa atzo aurkeztu zuten Agour Etxearen egoitza, Heletan, Nafarroa Beherean, eta bertan izan ziren Peio Etxeleku, Agourreko zuzendari nagusia, Marta Goñi Intiako I+G+B proiektuen koordinatzailea eta Rogelio Pozo Aztiko zuzendaria. Hala, azken honek “elikagaien sektorea iraultzeko eta hobetzeko produktuak edo zerbitzuak dituzten FoodTech start-upak” bilatzen ari direla adierazi du, “ibilbide jakin bat, negozio plan bat eta mugaz gaindiko DNA dituztenak".

Hautatutako proiektuen artean, teknologia berrien erabileran ikuspegi berritzailea izatea hartuko da kontuan, baita adimen artifiziala edota robotika bezalako arloak ere. Halaber, Inkuba Sareak 75.000 euroko diru laguntza jaso du Euroeskualdeko Berrikuntza Proiektuen Deialdiaren baitan, eta Euskal Herri osoko nahiz Akitania Berriko ekonomia lehiakorra, iraunkorra eta integratzailea garatzera laguntzeko bideratuko da.

Inkuba Sarean sartzen diren proiektuak balio kate osoa hartuko duen “azelerazio prozesu bat” izango dute, antolatzaileen arabera. Hortaz, produktua (lehen sektorea), merkaturatzea eta proiektuaren prototipoan jasoko dute aholkularitza. Start-up bakoitzarekin bederatzi aste izango dira gutxienez, eta Intia, Azti eta Agour Etxea bizkortze prozesuaren fase desberdinetan izango dira proiektuetan esku hartuz.

Intiak nekazaritza arloko ekoizpenean eta produktuaren eraldaketan lagunduko dien start-upei, Azti I+G+B faseaz eta produktuaren asmaketaz arduratuko da, eta Agour, azkenik, merkaturatze fasean izango da bidelagun.

Proiektuen behin betiko hautaketa urriaren 19an burutuko da, eta azeleratze prozesua azaroan hasiko du Inkuba Sareak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK