Erditze seguruagoa, Optec4Lifen eskutik

CIC nanoGUNEk Optec4Life izeneko spin-offa abiarazi du, etengabeko monitorizazio ez-inbaditzailea egiteko gailu mediko berri bat garatzeko helburuarekin, asfixia perinatala denbora errealean diagnostikatu ahal izateko

Optec4Lifeko taldea | Argazkia: utzitakoa Optec4Lifeko taldea | Argazkia: utzitakoa

CIC nanoGUNE nanozientziako ikerketa kooperatiboko euskal zentroa da, non nanozientzian eta nanoteknologia esparruetan bikaintasuneko ikerketa egitea bilatzen duten, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen lehiakortasuna eta hazkunde ekonomikoa bultzatzeko xedez.

Orain, CIC nanoGUNEk bere zazpigarren spin-offa abiarazi du: Optec4Life. Enpresak teknologia berri bat garatuko du erditzeetarako. Zehazki, denbora errealeko etengabeko monitorizazio ez-inbaditzailea ahalbidetzen duen gailu mediko bat jarri nahi du ospitaleetako obstetra-taldeen esku, erditzean asfixia perinatala diagnostikatu ahal izateko. Horrekin beharrezkoak ez diren zesareak saihesteko helburua du, eta emaitza perinatalak hobetzeko.

Proiektua SPRIk eta Eusko Jaurlaritzak onartu dute, Basque Tek Venture bezalako programen bidez. Gainera, BIC Gipuzkoaren laguntza ere badute, Ekintzaile tresnarekin. Aintzatespenek enpresa baten azken helburua izan behar dute, baina gauzak ondo egiten ari diren eta teknologia interesatzen zaien adierazle ona dira. Izan ere, eta testuingurua ulertzeko,

Gailuak garatzeko helburua

Optec4Life aurtengo urtarrilean sortu zen enpresa gisa. Hala ere, 2017an hasi zen bere bidea, kliniko bat nanoGUNEra hurbildu zenean, erditzean fetuaren monitorizazioaren erronkari erantzun hobea emateko asmoz.

Gauzak horrela, egun, proiektua nanoGUNEk eta proiektua gauzatzen ari den lan talde batek (klinikoak, ikertzaileak…) osatzen dute. Gainera, proiektua, oraingoz, zuzeneko inbertsioaren eta ikerketarako laguntza publikoen bidez finantzatzen da.

Enpresaren helburua da gailuak garatzea teknologia optikotik abiatuta, zehazki, Ramanen espektroskopiatik abiatuta, parametro fisiologikoak eta biokimikoak karakterizatzeko. Horrek erabilera asko har ditzake, baina hasiera batean, erditzean fetuaren oxigeno mailak monitorizatzea ahalbidetuko duen gailu bat disenatzen zentratu dira.

Francesc Paris Huguet: “NanoGUNEren spin-offaren erronka da teknologia berri hori garatu eta baliozkotzea, talde medikoei, haurtxoei eta amei zuzenean lagunduko dien tresna bihurtzeko”

“NanoGUNEren spin-offaren erronka da teknologia berri hori garatu eta baliozkotzea, talde medikoei, haurtxoei eta amei zuzenean lagunduko dien tresna bihurtzeko”, azaldu du Francesc Paris Huguetek, Optec4Life-ko gerenteak.

Ideia eta merkatu potentziala, proiektua abiarazteko gako

Arestian aipatu bezala, ekimena sortu zen Osakidetzeko obstetra kliniko baten hurbilpen baten ondorioz. Ibon Jaunarena, enpresaren egungo sortzaileetako bat, 2017an hurbildu zen, arrisku handiko erditzeetan haurtzoen parametro fisiologikoak monitorizatzeko irtenbide eraginkor baten bila. Egoera azalduta, nanoGUNEko Nanoingeniaritzako taldeak, Andreas Seifert buru, espektroskopia tekniketan oinarritutako soluzio bat lantzen hasi zen. Gauzak horrela, proiektu bat egituratu zen BIOEFekin lankidetzan, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak finantzatu zuen, teknologia garatzea eta klinika aurreko baliozkotzea ahalbidetzeko. Seifert da, beraz, beste sortzaileetako bat.

Proiekua doktorego tesi baten barruan sartu zen eta emaitza zientifikoak eragin handiko aldizkarietan argitaratu ziren. Gainera, hainbat errekonozimendu izan zituen, baita nazioartekoak ere; esate baterako, European Technology Platform Nanomedicine (ETPN) plataformako 2020ko Pitch me up programako finalista izan zen, baita plataforma bereko Health Tech Tab ekimeneko finalista, BBK Venture Philanthropy finalista eta UPV/EHUk antolatutako Manuel Laborde sariak (2020an).

Ekimena sortu zen Osakidetzeko obstetra kliniko baten hurbilpen baten ondorioz

Aldi berean, enpresa bat eratzeko ideia sortzen hasi zen teknologiak merkatu potentzial handia zuelako, ondo zehaztutako eta egiaztatutako beharrarekin. 2018an Bic Gipuzkoak merkatu azterketa eta bideragarritasuna egiteko proiektua hautatu zuen; horrek ustiapen estrategiei lehentasuna ematera lagundu zuen.

Estrategia horren mugarrietako bat izan zen teknologia babestea, BIOEFekin lankidetzan aritzeko patente eskaeraren bidez. “Optec4Lifek ustiapen eskubideen gaineko esklusibotasuna du, eta aktibo horrek sendotasun handia ematen dio enpresari”, adierazi du Huguetek.

Berriki, proiektua Basque Tek Venturesek —Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk gidatutako ekimen berriak— hautatu du, Euskadiko Arrisku Kapitaleko Sozietatearekin, BRTArekin eta Bicen sarearekin lankidetzan, oinarri teknologikoko enpresa berriak (deeptech) sortzen laguntzeko, BRTAn atxikitako zentroek sortutako teknologietan oinarrituta.

Adimen artifizialaren laguntza

Gaur egun, kardiotokografia da erditzean fetuaren ongizatea ebaluatzeko metodorik hedatuena; horren bidez, fetuaren bihotz-maiztasuna eta umetokiaren uzkurdurak erregistratzen dira etengabe. Metodo horrek aukera ematen du fetuaren estresa identifikatzeko, baina zeharkakoa eta interpretagarria da, eta ez da nahikoa asfixia perinatala zuzenean detektatzeko.

Horregatik, taldeak gailu fotoniko bat garatzen hasi zen, aldaketa biokimikoak (hala nola, pH edo laktato-mailen aldaketak) fetuaren azalarekiko kontaktu hutsarekin detektatzeko. Adimen artifiziala gailuaren garuna da. Teknologia optikoan oinarritzen dira informazioa lortzeko. “Datu horiek, a priori ezer esaten ez digutenak, AAren tresna batek interpretatzen ditu, eta klinikoarentzat informazio baliotsu bihurtzen ditu”, esan du Ainara Garcia Gallastegik, nanoGUNEko Teknologia Transferientziako zuzendariak.

Ainara Garcia Gallastegi: “Datu horiek, a priori ezer esaten ez digutenak, IAren tresna batek interpretatzen ditu, eta klinikoarentzat informazio baliotsua bihurtzen ditu”

Horrela, gailuak emandako informazioak, adimen artifizialak lagunduta, hipoxia-iskemia gertakariak denbora errealean identifikatzen lagunduko luke, eta ondorioz, erabakiak azkar hartzea erraztuko luke.

Beraz, teknologia horrek erditzeak egiten diren ospitaleetara zuzenduta dago. Hugueten arabera, haien helburua da haien teknologia erditze gela guztietan egotea, medikuak informazio hori izan dezan, egoerak hala eskatzen badu.

Ezagutzaren inbertsioa

Horrelako garapen batek inbertsio pribatuko 1,5 eta 2 milioi euro artean behar ditu, beste laguntza batzuk kontuan hartu gabe. Gaur egun, Europako araudi berriarekin, segurtasun estandarrak oso altuak dira, eta horrek garestitu eta oso luze egiten du garapena. Europan asko gogortu dira teknologia medikoa garatzeko arauak, baina, hala eta guztiz ere, kontinenteetara hedatzea errazagoa izaten jarraitzen du.

Aitzitik, nahiz eta inbertsio handia izan arren, horrelako proiektu baten atzean egunero proiektua aurrera ateratzeko borrokan ari diren pertsona asko daude. “Agian, taldea osatzen dugunok 'jartzen' dugun inbertsio hori izango da proiektua garatzeko garrantzitsuena”, onartu du Garciak.

Horrelako garapen batek inbertsio pribatuko 1,5 eta 2 milioi euro artean behar ditu

Beste aldetik, nahiz eta oraindik oso goiz izan prezioei buruz hitz egiteko, Huguetek aurreikusi du gailua 25.000-30.000 euro ingurukoa izan daitekeela. Litekeen prezioa hori soluzioa osatzen duten elementuen prezioari eta AA tresnaren garapen eta mantentze kostuari dagokie.

Gailua merkaturatzeko pausoak

Orain gizaki osasuntsuekin lehen saiakuntzak egiten ari dira. Gero, animalia ereduetara itzuliko dira, eta, azkenik, ingurune erreal batean (hau da, erditze unean) probatuko dute konponbidea.

Prozesu horretan guztian, Opter4Lifek frogatu beharko du teknologia segurua dela eta diseinatutako erabileraren kasurako funtzionatzen duela. Behin hori guztia edukita, Europako Batzordeak jakinarazitako erakunde batek eman beharko dizkie haien gailua merkaturatzeko baimenak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK