AA enpresetan integratzeko 'start-up'a aurkeztu dute Laboral Kutxak eta Ikerlanek

Innkia du izena proiektuak, Gorka Artola izango da zuzendari nagusia, eta datozen lau urteetan 6 milioi euro inbertituko dira

Innkiaren aurkezpena | Argazkia: Ikerlan Innkiaren aurkezpena | Argazkia: Ikerlan

Innkia izeneko start-upa aurkeztu dute Laboral Kutxak eta Ikerlanek, Mondragon taldearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Enpresa berria sortzearen helburu nagusia da enpresetara Adimen Artifizialeko (AA) soluzio berritzaileak gerturatzea, alegia, AA enpresetan integratzen laguntzea. Gorka Artola izango da Innkiako zuzendari nagusia.

Start-upa garatzeko, batetik, Ikerlanen teknologia, digitalizazio-laborategiak eta azpiegiturak erabiliko dira; bestetik, Laboral Kutxak bankuen sektoreko esperientzia eta gaitasunak partekatuko ditu, eta finantzarioki babestuko du proiektua.

Proiektuan 6 milioi euro inbertituko dira datozen lau urteetan, eta helburua da 2030. urterako 10 milioi euroko fakturazioa eta 50 pertsonako lantaldea izatea. Eusko Jaurlaritzak Basque Tek Ventures programaren (enpresa teknologiko berriak sortzeko laguntza) bitartez babestu du egitasmoa.

“Apustu estrategiko” gisa definitu du proiektua Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusiak, eta Gorka Artolak gaineratu du baliagarria izango dela “enpresek beren software-a eguneratu eta balidatzeko”, “inoiz ikusi gabeko arintasunez eta segurtasunez”.

Bi negozio-lerro

Start-upak bi negozio-lerro izango dituela zehaztu dute prentsaurrekoan. Alde batetik, ardatza izango da AA erabilita software “seguru eta sendoa” automatikoki garatzea eta eguneratzea.

Beste alde batetik, “bigarren negozio-lerroa enpresen barne-prozesuak optimizatzeko produktu eta zerbitzuetan oinarritzen da”. Alegia, start-upak ziurtatuko du AAren erabilera segurua izango dela eta informazio konfidentziala ondo erabiliko dela, horretarako AA agenteak garatuta.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK