Iñaki Peña: "Ekintzailetza merkatuko funtsen %2 iristen da emakumeengana, arrakala ikaragarria da"

Euskal Autonomia Erkidegoan, biztanleria helduaren %5-%7k sortu du enpresa bat, nazioartean %10 baino gehiagok. Ekintzailetzak jasangarritasunarekiko mentalitate aldaketan lagundu dezakeela uste du Deustuko Unibertsitateko katedradunak

Argazkia: utzita Argazkia: utzita

GEM mundu mailako ekintzailetza topaketa egiten ari dira egunotan Bilbon, eta bertan elkartu dira mundu osoko ekintzailetza ekosistemako eragileak. Erreferentziazko topaketa da nazioartean, eta hiru txosten aurkeztuko dituzte: GEM Global 2025 ekintzailetza txosten orokorra, emakume ardatz duen ekintzailetza azterlana eta jasangarritasuna eta ekintzailetza arduratsuari buruzkoa. Txosten horiek osatzeko lanean aritu da EEB Euskal Ekintzailetzaren Behatokia, eta erakundeko ikerlaria da Iñaki Peña. Txostenaren gaineko emaitzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzaile ekosistemaren nondik norakoak azaldu dizkio EnpresaBIDEAri.

Zer punturaino da garrantzitsua nazioarteko GEM ekintzailetza topaketa hau Bilbon egitea?

Garrantzi berezia ematen diot, alde batetik, konferentzia hau nazioarteko ekitaldirik nagusiena delako ekintzailetasunaren ikerketaren inguruan eta, bestetik, antolatzen den lekua Bilbo bera delako. Bilboren azken urtetako eraldaketa prozesuan pentsatzen badugu, izaera ekintzaile sendo bat dagoela ikus dezakegu, eta halako konferentzia bat antolatzeko leku aproposa zela iruditzen zitzaigun. Era berean, hemen ditugun hiru unibertsitateak nazioarteko ikerketaren mapan kokatzen ditu eta aditzera ematen du herri honetan ekintzailetzak izan duen garrantzia.

Aurten txosten orokorra eta emakume ekintzaileari lotutakoaz gain, jasangarritasuna ardatz duen beste bat ere aurkeztuko duzue. Zergatik?

Txosten nagusi bat dago, urtero ateratzen dena. Txosten horretan, herrialde guztietan metodologia bera erabiliz neurtzen da ekintzailetza. Horrek emaitzak konparatu ahal izateko eta guztien artean hausnarketa bat egiteko laguntzen du. Hori da Global GEM Report deritzon txostena. Orain dela urte batzuk Abu Dhabin aurkeztu zen, gero Suitzan edota Marokon, eta aurten hemen. Gero, noizean behin, gai berezi batzuk jorratzen dira eta horietatik bi dira jasangarritasunari eta emakumeen ekintzailetzari buruzko txostenak. Emakumeen ekintzailetasunari buruz oraindik asko dago ikertzeko eta egiteko.

"Bilboren azken urtetako eraldaketa prozesuan pentsatzen badugu, izaera ekintzaile sendo bat dagoela ikus dezakegu, eta halako konferentzia bat antolatzeko leku aproposa zela iruditzen zitzaigun"

GEMari dagokionez, zer ondorio nagusi atera dituzue aurten?

Txostena nahiko zabala da, eta esango nuke ekintzailetza mailan aldaketa askorik ez dela egon. Emakume ekintzaileei buruzko gaiarekin uztartuz, genero alde hori ikusi dugu. Emakumezkoen ehunekoek oraindik ere baxuak izaten jarraitzen dute, baina gizonezkoen ehunekoen aldean gutxitzen doa aldea eta uste dut datu esanguratsu bat dela. Bestalde,  jasangarritasunak duen garrantzia ere nabarmenduko nuke: geroz eta ekintzaile gehiagok bilatzen dute etekinaz haratago bestelako helburu batzuk lortzea, justizia sozialarekin edo ingurumenarekin harremana eduki lezaketenak.

Gainontzekoan ez dut aldaketa gehiegirik sumatzen. Aurten aurkeztu dugun aldagai bat testuingurua da. Hau da, testuinguruak zenbateraino laguntzen edo babesten duen ekintzailetza. Datuek zertxobait behera egin dute. Hainbat stakeholder daude ekosisteman, eta guztioi eragingo ligukeen emaitza da hori.

Txostenak ere EAEko emaitzak aztertzen ditu. Zer nabarmenduko zenuke erkidegoko ekintzailetza ekosistemaz?

Gure erkidegoan biztanleria helduaren %5-%7k sortzen du enpresa bat. Nahiko datu egonkorra da azken boladan. Mundu mailan %10-%12 da, beraz, horren erdian gaude. Dena den, zer eratako ekintzailetza den ere ikusi behar da. Herri txiroetan, esaterako, ekintzailetasun tasa oso altua da, baina altua da, besteak beste, lan merkatuak ez duelako horren ondo funtzionatzen, ez duelako eskulan hori xurgatzen, eta askotan, halabeharrez, ekintzailetzara jotzen dutelako. Testuinguru hori ez da gurea; gurean beste motibazio batzuk daude atzetik, baina nik esango nuke beste Europako herrialdeen antzeko zifratan gabiltzala.

"Geroz eta ekintzaile gehiagok bilatzen dute etekinaz haratago bestelako helburu batzuk lortzea, justizia sozialarekin edo ingurumenarekin harremana eduki lezaketenak"

Zure ustez, zer egin beharko litzateke hemengo ekintzailetza ekosistema hobetzeko?

Oraindik pendiente dugun zerbait da ekintzailetzaren kalitatea bera hobetu ahal izatea. Niri, kantitateak baino gehiago, kalitateak kezkatuko ninduke. Azken finean, ez ditugu eskalabilitate handia edo burtsara epe laburrean iristen diren enpresak, gure testuingurua horretarako prestatuta ez baitago. Eta eskalabilitaterako, kanpoko eragileen mendekotasun ahalik eta txikiena izaten saiatu beharko ginateke.

Jasangarritasunari begira, nik uste dut hor erronka berri bat dugula; izan ere, 2030a hementxe daukagu eta horrek eraldatze prozesu bat ekarri beharko luke. Ekintzailetza eraldaketarako mekanismo bat bezala ulertzen baldin baditugu, ekintzaile berriek halako apustuak egiteko grina edukiko beharko lukete, alegia, ez bakarrik enpresak eta merkatuak aldatzekoa, baizik eta gizartea bera ere bai.

Emakume ekintzailearen txostenari dagokionez, zer nabarmenduko zenuke? Genero arrakala handia al da beste ekonomia ekosistema batzuen aldean?

Errenta altuko herrialdeek emakumeek sortutako enpresen tasa oso baxuak dituzte eta genero arrakala handiena dute, txostenaren arabera. Egia da arrakala hori herri txiroetan gutxitzen joan dela, eta herri aurreratuenetan handiagoa dela. Ekintzailetza kantitatearekin lotzen dut hori: arrisku kapitala, venture capital edo private equity jasotzen duten enpresak, neurri handi batean, gizonek gidatutakoak dira. Funts guztien %2 soilik iristen da emakumeengana; arrakala ikaragarria da. Burtsara iristen edota saltzeko eskaintza publiko (ingelesez IPO initial public offering) bat egiten duten emakumeen enpresak %10 dira. Sillicon Valley bezalako lekuetan, adarbakarrak (1.000 milioi euro baino gehiagoko balorazioa duten enpresak) ikustea besterik ez dago. Enpresa horiek zenbat emakumeren eskuetan daude? Arrakala oso nabarmena da herri aurreratuenetan eta eskalagarriak diren merkatu horietan.

"EAEn gizarteko biztanleria helduaren %5-%7k sortzen du enpresa bat, mundu mailan %10-%12k"

EAEren kasuan nola gaude?

Guk geure buruari galdetuko bagenio emakumeek gidatutako zenbat adarbakar ezagutzen ditugun, nik uste dut erantzuna argi ikusiko genukeela.

Jasangarritasunari buruzko txostenean zer aztertu duzue?

Niretzat sorpresa izan da enpresen erdiak baino gehiagok euren proiektua abiatzean jasangarritasunarekin loturiko helburu dutela ikustea: %60 inguruk hori dio. Orain dela urte batzuk ez genuen kopuru hori aurreikusten eta agian daturik deigarriena da. Iruditzen zait oraindik asko dagoela ikertzeko, izan ere, inpaktu soziala eduki ahal izateko lehenbizi merkatuan funtzionatu behar baituu enpresak. Merkatuan ez badu funtzionatzen, oso zaila da inpaktua edukitzea, eta start-upen itxiera tasek oraindik ere handiak izaten jarraitzen dute. Sortzen direnetik bost urtetara enpresen erdiek utzi behar izaten dute. Jasangarritasunean eragiteko ezin da merkatua alde batera utzi.

"Enpresa batek merkatuan ez badu funtzionatzen oso zaila da inpaktua edukitzea, eta start-up-en itxiera tasak oraindik ere handiak izaten jarraitzen dute"

Zertan lagundu dezake ekintzailetzak jasangarritasunaren arloan?

Mentalitate eraldaketan. Guk ezagutu izan ditugun testu liburuak beti premisa neoklasikoetan oinarritu izan dira. Etekinak nola maximizatu, hori zen galdera nagusiena. Baina nik uste dut geroz eta gehiago arduratzen gaituela, ez zer lortu, baizik eta nola. Nola horren atzean dago ingurunean edo justizia sozialean duen inpaktua. Kontzientzia hori handitzen goazen heinean, gizartean eraldatze prozesu bat eman daiteke. Ekintzaileak gutxi dira, jasangarritasunean konpromisoa dutenak are gutxiago, baina denbora pasa ahala geroz eta gehiago. Nik uste dut hori pozgarria dela.

Muga-zergek bultzatutako gerra komertzialak zer eragin izan dezake ekintzailetzaren ekosisteman?

Atzean galdera ikur handi bat ikusten dut. Galdera ikur handi bat, ez delako neurri bat hartu izana, baizik eta neurri horren atzean egon daitekeen jarrera. Jarrera berriak ikusten ari gara nazioarteko oreka aldatzen ari direnak. Une honetan etorkizunera begira erabakiak hartzea geroz eta zailagoa da, ez baitakigu hemendik gutxira, bihar bertan, zer suertatu daitekeen. Ziurgabetasun testuinguruan gaude. Ekintzailetzak arriskua berezko du, baina horrek ez du esan nahi arriskua kudeatzen saiatzen ez direnik ekintzaileak. Nik uste dut gaur egungo aldakortasun horrek ez duela batere laguntzen.

Ekintzailetzak berezkoa du arriskua.

Baina momentu honetako egoerak areagotu egiten du. Ekintzaileak ez daude bakarrik, beste eragile batzuekin dute hartu-emana, eta azken finean, ekosistema guztia da egoera ezengokor horren aurrean aurkitzen dena, eta horrek testuingurua okertu egiten du ekintzailetza sustatzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK