INKUBA SAREA sortu da, start-up eta FoodTech enpresak bultzatzeko mugaz gaindiko sarea

Mugaz gaindiko adituen eta mentoreen sarea sortzea, hautatutako enpresen eta start-upen garapena bultzatzea, eta parte hartzen duten enpresei ikusgarritasuna ematea ditu helburu

Elikadurari lotutako start up bat | Argazkia: AZTI Elikadurari lotutako start up bat | Argazkia: AZTI

Heletteko (Behe Nafarroa) HAZITEGIA by Agouren eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearen arteko hitzarmenaren sinadurarekin, hasiera eman diote INKUBA SAREA proiektuari, Akitania Berria, Euskadi, eta Nafarroa, eta, oro har, Frantzia, Espainia eta/edo Europar Batasuneko start-up eta FoodTech enpresentzat mugaz gaindiko zirkuitua sortzea helburu duen ekimena.

Agour Etxea mugaz gaindiko nekazaritzako elikagaien enpresak, AZTI zentro teknologikoak eta INTIA sozietate publikoak bultzatutako ekimenak, 75.000 euroko dirulaguntza jaso du, Euroeskualdeko Berrikuntza Proiektuen deialdiaren barruan. Deialdi honen helburua da euroeskualdeko ekonomia lehiakorra, iraunkorra eta integratzailea garatzen laguntzea, hiru lurraldeen osagarritasunen eta sinergien aprobetxamenduan oinarritutako lankidetzako proiektu bultzatzaileak abian jarriz.

2024ko irailera begira, zenbait aurreikuspen egin ditu INKUBA SAREAk. Lehenik eta behin, mugaz gaindiko adituen eta mentoreen sare bat sortzea du helburu, start-upei beren garapen ekonomikoan laguntzeko. Sare hori kanpoko profesionalek osatuko dute, mugaz gaindiko esperientzia eta ibilbideagatik aukeratuak.

Bigarrenik, mugaz gaindiko zirkuitu batean hainbat arrazoiengatik interesa duten hiru lurraldeetako nekazaritzako elikagaien eta nekazaritzako industriaren sektoreetako enpresak ere hautatuko dituzte, produktu berriak merkaturatzeko, tokiko merkatuak Pirinioen iparraldean eta hegoaldean irekitzeko, nekazaritza-jarduerari nekazaritzako elikagaien eraldaketako jarduera bat gehituko dion jarduera berri bat garatzeko, edota berrikuntzarako.

Bestetik, hautatutako enpresentzat eta start-upentzat mugaz gaindiko murgiltze bat definitu eta elkarrekin antolatu asmoa ere badute, hiru lurraldeetako bakoitzeko enpresa kulturan murgildu ahal izan daitezen.

Era berean, enpresa eta start-up bakoitzaren garapena bultzatu eta beraien arteko topaketak ere antolatu nahi dituzte, ondoren azoka profesionaletan parte hartzeko.

Horri lotuta, INKUBA SAREA FOOD 4 FUTURE ekimena antolatu dute maiatzaren 16an eta 17an Bilbon. AZTIk antolatutako ekitaldiak industria 4.0, elikadura osasuntsua, ekoizpen iraunkorra, eta klima aldaketaren aurkako borroka izango ditu ardatz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK