INNPower Bizkaiaren 6. edizioa gaur hasiko da Bilboko BAT dorrean, EmakumeEkinek eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta. Helburua: nazioarteko erreferenteak eta emakume ekintzaile bizkaitarrak batzea, esperientziak partekatuz euren egunerokotasunak eskatzen duen egokitzapen eta eraldaketa landu asmoz. Aurten Milango hiru ekintzaile izango dira INNPowerren: Francesca Gammicchia enpresa coacha, Letizia Olivari kazetari eta harreman publikoetan aditua, eta Elisabetta Carosio zuzendari eta antzerki irakaslea. Izaskun Rama EmakumeEkin elkarteko presidenteak dioenez, berebiziko garrantzia du halako espazioak sortzea elkarlana bultzatzeko, eta ekintzailetza bidea hain bakartia izan ez dadin.
Zergatik da garrantzitsua halako jardunaldi bat antolatzea?
Duela sei urte, programarekin hasi ginenean, gogoa genuen irteteko eta beste hiri eta herrialde batzuetako ekintzaileekin konektatzeko, jakiteko zerk mugitzen zituen eta zer gertatzen ari zen hemendik kanpo. Begirada zabaltze kontua ere bada, beste emakume batzuekin konektatzeko. Era berean, helburua da ezagutza eta tresnak partekatzea, gure ekintzailetzan topatzen ditugun zailtasunei aurre egiteko, bai negozio mailan, bai egiturazko zailtasunei dagokienez. Kontziente gara egiturazko arazo horiek hor daudela eta beste herrialde batzuetan ere gertatzen direla.
Egiturazko arazoak izanik, soilik emakumeen espazio izateak laguntzen du espazio hori ekintzaileentzat desberdina izan dadin?
Oso garrantzitsua da emakume ekintzaileen espazio horiek sortzea esan dudan bezala kontu asko generoagatik datozelako, emakume izate horretatik. Alegia, non kokatu gaituzten emakumeok gizartean, negozioak egiteko moduan, eta denean. Horren ondorioz, enpresa bat aurrera atera behar duzunean, non saltzea-eta ezinbestekoa den, eredu androzentrista batekin egiten dugu topo. Beste modu batzuk sortu behar ditugu.
"Enpresa bat aurrera atera behar duzunean, non saltzea-eta ezinbestekoa den, eredu androzentrista batekin egiten dugu topo. Beste modu batzuk sortu behar ditugu"
Egiteko modu propioez ari zara?
Egiteko modu berezkoak, tresna eta estrategia propioak, gure negozioekin aurrera egiten lagunduko digutenak. Ausartu behar gara gauzak beste era batera egiten. Izan ere, ez ditugu egin nahi ezarri dizkiguten ereduekin.
Aurten Milango hiru erreferente izango dituzue. Zer dela eta hiri hori?
Milan erreferentea da artean eta modan, oso abangoardiako hiria. Baina gainera oso industrializatutako hiria da, gure ingurua bezalakoa zentzu horretan. Eta gaitasun handia erakutsi du birmoldatzeko, berritzeko eta erresilientziarako, beste hainbat hiri industrialek egin bezala. Horregatik ere uste dugu mundu mailako erreferente dela.
Francesca Gammicchia, Letizia Olivari, eta Elisabetta Carosiok aldaketarako egokitzapena landuko dute hainbat tresnaren bitartez. Ezjakintasuneko testuinguruan, egokitzen jakin behar da ezinbestean.
Hala da. Zuk enpresa bat duzunean, aldaketetara egokitzeko gaitasuna etengabe izan behar da presente. Egia da asko aldatzen ari den testuinguru baten bizi garela: merkatuak, teknologiak, eta bizitzak oro har oso azkar doaz. Hori dela eta, eguneroko inertziarekin, modu automatikoan egiten duzu aurrera. Zure negozio ereduan pentsatzea, zure lidergo motaz hausnartzea, bultzatu nahi duzun hazkundean zentratzea, horrek guztiak eskatzen du oinarrira itzultzea eta gelditzea, hausnarketari espazioa ematea ebaluatzeko aurrean duzun hori zuretzat egokia den edo ez, bertan izan nahi duzun ala ez: ea helburutzat ezarri duzun soldatara iritsi zaren, ea zure merkatuak hasi zineneko toki berean izaten jarraitzen duen, ea lan-lerro berriak diseinatu behar dituzun. Horrekin guztiarekin du zerikusia aldaketara egokitzeak, betiere norberak egin nahi duenarekin konektatuta.
Aurreko edizioek zer nolako harrera izan dute?
Egia esan, hasiera-hasieratik, jardunaldi hauek ez ditugu oso formatu handi batekin egin nahi izan. Nahiago ditugu testuinguru txikiagotan egin, jende gutxiagorekin, inpaktu handiagoa sortzeko. Lehenengo egunean zenbait hizlari datoz gurekin jarduerak egitera eta euren esparruko gauzak kontatzeko. Baina bigarren egunean lanerako dinamikak egiten ditugu metodologia parte hartzaile batekin, Miren Lauzirikaren eskutik. Eta hor ez da berdina hamabost lagunekin lan egin edo hogeita hamarrekin. Beraz, horregatik hautatu ohi dugu kopuru hori, eta erantzuna beti oso ona izan da. Oro har, parte hartzaileek esan ohi digute izaera eraldatzailea dutela halakoek. Egiten ditugun gauza askok, baita horiek lantzeko moduek ere, eragina dute emakume ekintzaileengan. Eta, hori dela eta, geuk lerro beretik jarraitzen dugu.
"Jardunaldi hauek ez ditugu oso formatu handi batekin egin nahi izan. Nahiago ditugu testuinguru txikiagotan egin, jende gutxiagorekin, inpaktu handiagoa sortzeko"
Ondo ulertzeko: euren egunerokotasunetik aterata, bertan egindako lanketarekin ikasi ohi dutelako eta euren esparruetan aurrera egiteko balio dielako?
Hori da. Egiten ditugun gauza guztietan saiatzen gara ikasketa kolektiboa sortzen. Demagun ez dakidala nola heldu aurrekontu bati. Baliteke beste norbait egoera horretatik igaro izana, eta esatea: begira, honela kudeatu dezakezu, eta nahi baduzu, aurrekontua bukatzean deitu iezadazu eta berrikusiko dugu aurrekontua elkarrekin. Nolabait ere, elkarri laguntzeko sare hori eraikitzea ezinbestekoa da, hori baikara azken baten.
Zer esango zenioke une honetan ekintzailetza proiektu bat abiarazi nahi duen emakume bati?
EmakumeEkin elkartean dugun balio nagusienetako bat da aipatu dudan sarea eta elkarri laguntzea. Ekintzailetza oso bakartia da. Beraz, dagoeneko beldurgarria izan ohi bada enpresa edo proiektu propio bat martxan jartzea, bakarrik ez egote hori lagungarria da, baita zenbait espazio izatea ere, non partekatu, besteengandik ikasi eta sinergiak sortu ditzakezun. Hori ere gertatu da elkartean. Proiektu bat zuten emakumeak azkenean batu egin dira proiektu handiagoak sustatu asmoz, baina modu malguagoan edo arinagoan. Badirudi bestela beti hurrengo pausoa dela langileak kontratatzea, egitura handi bat sortzea, eta pertsona askorekin. Eta egiteko eta antolatzeko modu ugari daude proiektuei eta suertatzen zaizkizun aukerei heltzeko.
"EmakumeEkin elkartean dugun balio nagusienetako bat da aipatu dudan sarea eta elkarri laguntzea. Ekintzailetza oso bakartia da"
Urtebete bete duzu EmakumeEkineko lehendakaritzan. Nola deskribatuko zenuke lehen urte hori?
Ziztu bizian igaro da [barrez]. Baina pozik. Lan askorekin ere. Elkarteak iaz hamar urte bete zituen, eta horren ondorioz, geuk ere gelditzeko prozesua egin dugu jakiteko nola dauden gure bazkideak eta zer behar dituzten —programak eta espazioak sortzen jarraitzeko gure izaera eraldatzaile horretatik—, edota sarea zabaldu ahal izateko —pixkanaka-pixkanaka gehiago garelako—.
Zenbat bazkide ditu EmakumeEkinek egun?
150 inguru.
Eta zein da presidentzian egingo duzun bigarren urte honetan EmakumeEkinek due erronka nagusia?
Erronka nagusia da sarea lurralde gehiagotan zabaltzen jarraitzea. EmakumeEkineko zatirik handiena Bizkaian dago, baina bazkideak ditugu halaber Araban eta Gipuzkoan. Eta nahiko genituzke beste espazio eta jarduera batzuk beste zenbait lurraldeetan ere aktibatu, beste tokietako eskaera ere jaso dugulako. Egia da geuk ere egituratu egin behar dugula eta parez pare gehiago begiratu, talde bultzatzailean gauden emakume guztiak ekintzaile ere baikara —geure enpresak ditugu—. Eta lan handia dugu egiteko.
Era berean, modu orokorrean, emakumeen lidergopeko proiektu ekintzaileen beste erronka garrantzitsu bat da esparru ekonomikoa: soldata-eta. Duela bi urte EmakumeEkinek manifestu bat garatu zuen horri lotuta. Oraindik ere gure eskaera da ekintzailetza esparruan soldata arrakala neurtzea. Izan ere, arrakala hori existitzen da, eta datuak izango bagenitu, ekintza gehiago aktibatu genitzake gaiarekin lan egiteko. Guk asko lantzen dugu: balio jartze hori, prezio bat jartzea, soldata bat izatea. Alderdi ekonomiko horri garrantzia ematen diogu gizartean dugun erronka baita emakumeen independentzia ekonomikoa sortzea. Eta ekintzailetzan ere horri heldu behar diogu.
"Gure eskaera da ekintzailetza esparruan soldata arrakala neurtzea. Izan ere, arrakala hori existitzen da, eta datuak izango bagenitu, ekintza gehiago aktibatu genitzake gaiarekin lan egiteko"
INEk soldata arrakalaren datuak ateratzen ditu, eta Ekintzailetzaren Euskal Behatokiak ere urtero ekintzailtzaren egoerari buruzko informazioa aurkeztu ohi du. Horietan ez al da informazioa jasotzen?
Datua ez dugu. Guk beti abiapuntu hartu ditugu beste datu batzuk, adibidez, pentsioenak. Pentsioetan soldata arrakala %30ekoa da, eta uste dugu are handiagoa dela norbere kontura lan egiten dutenei buruz ari garenean. Uste dugu datu hori ezagutzea garrantzitsua litzatekeela.