
Amak 25 urte pasatxoz landutako lurrak bere gain hartu ditu Joanes Haritschelhar mahastizain eta ardo ekoizleak. 2022an ekin zion Amama Etxaldea izeneko proiektuari, Irulegi eta Anhauz udalerrietan dituen mahastiak landu eta ardo ekologikoa sortzen duelarik. Baionarra da jaiotzez, baina hamar urte bete zituenetik Baigorrin bizi da. Mahastizan formakuntza egin zuen Bordele inguruan. Amaren lana ahanzturan gera ez dadin, bizi proiektu bat sortu du.
Zertan datza Amama Etxaldea proiektua?
2022an sortu nuen proiektua da. Nire ama mahastizaina zen eta mahastiak genituen etxaldean. 2022an, erretiroa hartu eta nik segida hartu nuen. Nire amak, garaian, mahatsak saltzen zizkion Irulegiko kooperatibari. Nik, ordea, laborantza eta mahastigintza biologikoan oinarritutako komertzio bat sortu dut, eta arnoaren ekoizpenari ekin diot. Mahatsak jasotzetik arnoa saltzerainoko prozesu osoa egiten dut. 2022an, arnoa egiteko materiala instalatzeko inbertsioa egin nuen, baina ez genuen bastimendurik etxaldean. Azkenean, nire lagun baten gurasoek utzi zidaten lokal bat eta bertan hasi nintzen arnoa egiten.
Hiru hektarea mahasti ditut hiru lursailetan, gutxi gorabehera hektarea bateko lursail bakotx. Bi lursail mahats beltzekin, Bordelesa eta Axeria eta Axeria Haundia mahatsekin eginda, eta lursail bat mahats zuriarekin, Izkiriota lodia eta Izkiriota ttipia mahatsekin. Lursailka egiten ditut arnoak.
Zure ama noiztik aritu zen mahastietan lanean?
Nire aitak bazuen etxalde bat, ardiak zituen bertan eta ardi gasna egiten zuen. Amak etxaldean laguntzen zuen eta beste lan txiki batzuk egiten zituen etxaldetik kanpo ere. 1995ean, Irulegin ziren hamar bat hektarea lur erosi zituen GFAM Lurra erakundeak, orain Lurtzaindia deitzen denak, eta horri esker, lurrik ez zuten sei edo zazpi mahastizain berri instalatu ziren bertan. Nire amak bi hektarea lur izan zituen mahastiak landatzeko. Lurtzaindia bera da lurraren jabe, eta helburu du lursailean laborari berriak instalatzea, baita lurra espekulaziotik salbatzea ere, laborantzarako atxikituz. Orain lur horiek ezin dira gehiago saldu eta laborantzarentzat bakarrik erabiltzen dira. Espekulaziotik kanpo dira. Etxaldeen transmisioa aski konplikatua da, lurraren prezioa dela eta. Amak bere aktibitate profesionala bukatu, eta ni nintzen bere proiektuaren segida hartzen zuena, lur horien oinordekoa.
Ardoaren ekoizpenarekin lotutako ikasketak egin zenituen, eta Irulegiko kooperatiban zazpi urtez lanean aritu zinen. Argi zenuen amaren lanari segida eman nahi zeniola, ezta?
Bai. Ez naiz lur horien jabe, baina badut asegurantza nire proiektu profesionalaren denbora osoan niretzako izanen direla lur horiek. Beste norbaitek nahi badu proiektu honekin segitu, berarentzat izango dira lur horiek. Nik mahastizain formakuntza egin nuen Bordele ondoan, gero Saint Emilion aldean izan nintzen eta Txilera ere bidaiatu nuen. Ondoren, zazpi urtez Irulegi kooperatiban sorozaina izan naiz.
"Lurtzaindia bera da lurraren jabe, eta helburu du lursailean laborari berriak instalatzea, baita lurra espekulaziotik salbatzea ere, laborantzarako atxikituz"
Zu bakarrik ari zara proiektuan?
Hastapenetan beste lagun batekin nintzen, baina berak ez du segitu eta orain bakarrik nabil. Ama erretiratu da, baina laguntzen dit pixka bat eta langile bat ere badut jardunaldi erdi baino gutxiagoz mahastietan. Etxaldeari eman diogu Amama izena, nire amaren omenez, berak sortu eta landatu baitzituen mahastiak, baita ere amama amalurra bezala ikusten dugulako.
Hiru hektarea horiek non dituzu?
Bi lursail Irulegiko herrian ditut eta beste lursail bat Anhauzen, ondoko herrian.

Zer nolako erronka izan da zuretzat Irulegiko kooperatibarentzat lan egitetik ardoaren ekoizpen osoa zure kabuz egitea?
Hastapenean diruzko inbertsioa eta arnoaren transformazioa egiteko bastimendu bat atzemaitea zaila izan zen. Gero, erronka ederra da, produktua bururaino eramaten baita, eta lan asko dira lan beraren barruan. Mahatsa ekoitzi, laborantza biologikoa, arnoa egin eta saldu. Administrazio lanak ere buruhauste ugari eta zama handia ekartzen du. Baina, produktu eder bat egitea eta Irulegiko mahastizain berrien artean egon eta arnoen dinamikan parte hartzea biziki pozgarria da.
Salmenta nori eta non egiten duzu?
Hastapenean gehien bat zuzenean iparraldeko ostalari eta arno saltzaileei egiten nien salmenta, eta merkatu eta azoka batzuetan ere saltzen nuen. Etxetik ere saltzen dut. Saiatzen ari naiz nire sarea handitzen. Adibidez, Hego Euskal Herrian Biba Ardoak kooperatibaren bidez saltzen dut, eta, momentu honetan, arno saloin profesionaletara joan nahi dut Montpellier aldera, Frantzian salmentak pixka bat hedatzeko.
"Produktu eder bat egitea eta Irulegiko mahastizain berrien artean egon eta arnoen dinamikan parte hartzea biziki pozgarria da"
Bi ardo beltz eta zuri bat ekoizten dituzu. Nolakoak dira?
Bi arno beltz ditut, Egu eta Iluni izenekoak, eta arno zuri bat Zain izena duena. 2024an, egin nuen arno gorri burbuilatsu bat ere.
Baduzu asmorik beste ardo motaren bat ekoizteko?
Momentuz ez. Nire ideia zen lursail bakoitzeko arno bat egitea. 2024an landatu dut hektarea erdi bat gehiago mahats zuri eta hiru urteren buruan bigarren zuri bat atera nahi nuke.
Zergatik erabaki zenuen gehigarririk gabeko ardo ekologikoa egitea?
Ez zen dudarik arno ekologikoa nahi nuela egin. Ingurumena zaindu eta kutsatzen ez duen laborantza bat eta osasunarentzat onak diren produktuak egin nahi ditudalako. Ez dut laborantza kutsakor bat nahi, laborantza osasuntsu bat, ingurumena zaintzen duena baizik. Arno naturalak egiten ditut gehigarririk gabe, ekoizpen ahal bezain naturalarekin.
2022an abiatuta, hiru urte egingo dituzu jada. Espero bezala doa proiektua?
Proiektua biziki intentsoa eta aberasgarria izaten ari da, eta anitz gauza ikasi eta egin dut. Klima dela eta, ekoizpen txikiak izan ditut. Lehenengo urtean izotza izan nuen, bigarren urtean euria eta kazkabarra. Klima aldetik gure ofizioa bereziki zaila da. Mendiko mahastizaintzan mahats kilo bat ateratzea ez da erraza. Dena den, balorazio positiboa egiten dut. Hastapena da, behar da denbora ere hazteko. Salmentetarako ere hastapenean ez nuen denbora askorik, orain hasi naiz saloinak egiten eta pixka bat nire burua erakusten hemendik urrunago salmentak garatzeko.
Hortaz, nazioartean ere saldu nahiko zenuke?
Hastapenean bakarrik kontzentratu nintzen Iparraldeko lekuan lekuko salmentan. Kontent naiz, baina ikusten dut behar dudala gehiago saldu. Frantzian nahiko nuke saldu bereziki.
"Klima aldetik gure ofizioa bereziki zaila da. Mendiko mahastizaintzan mahats kilo bat ateratzea ez da erraza"
Irulegi sor-markarekin egiten duzu lan. Zer abantaila ematen dizkizu?
Irulegi sor markak izen eta nortasun bat ematen die gure arnoei. Jendeak badaki non ekoitzia den gure mahatsa, eta irudi horrek anitz laguntzen digu, garrantzitsua baita produktua non ekoitzia den eta zer maneretan egin den jakitea. Irulegi sor markan bada arau bat arnoa ekoizteko, kontsumitzaileak badaki sor markan egina baldin bada arnoa lur berezi batzuetan egin dela, Donibane Garazi eta Baiona artean ekoiztua, lurrak hegoaldeari so, mendi paretan eta mahats mota berezi batekin.
Gainera, Iparraldeko Iruki ziurtagiria ere badut, etxalde txikien ziurtagiria. Etxalde txiki batean ekoitzitako mahatsarekin egindako arnoa dela dio ziurtagiri horrek.
Nola ikusten duzu Amama Etxaldearen etorkizuna?
Aurten badut proiektu berri bat, orain arte lokal bat uzten zidaten arnoa ekoizteko, ez nuen bastimendurik etxaldean, eta orain, mahastien ondoan arnoa ekoizteko bastimendu bat eraikitzeko asmoa dut. Erronka handia da. Horrez gain, ez dut nire ekoizpena handitzeko gogorik, baina nahi nuke egiten dudan hori ongi egin eta denbora izan nire aisiarentzat, bizia lanetik kanpo ere izateko.