Kepa Sebal: “Lehenengo inbertsio errondari ekin berri diogu. Finantzazio bila gabiltza"

SyntaX-ek Bergaran (Gipuzkoan) du egoitza, eta ISO estandarrek enpresentzat balio erantsia izan dezaten teknologia sortu du

Kepa Diaz, Kepa Sebal eta Lucio Polcaro SyntaXen sortzaileak | Argazkia: utzitakoa Kepa Diaz, Kepa Sebal eta Lucio Polcaro SyntaXen sortzaileak | Argazkia: utzitakoa

2024ko urte hasieran Kepa Sebal, Kepa Diaz eta Lucio Polcarok SyntaX sortzea erabaki zuten. Ideia izatetik fruituak ikusteraino 6 hilabete igaro dira. Kepa Sebalek EnpresaBIDEAri kontatutakoaren arabera, prozesu "nahiko azkarra" izan da, beste kasu batzuekin alderatuz gero. Izan ere, urte hasieran BIC Gipuzkoako azeleragailuan sartu ziren, eta uztailean, Ekintzaile programako 30.000 euroko laguntza jaso zuten. Momentu honetan, finantziazio erronda batean murgilduta daude, eta, horrez gain, bootstrappingaren bitartez dabiltza aurrera egiten. Bestela esanda, diru sarrerekin enpresa eskalatzen dabiltza maila guztietan.

Zein izan da zuen ibilbide profesionala proiektu honi ekin arte?

Nik neuk laneko arriskuen prebentzioan egin dut lan atzerrian. Hispanoamerikan izan naiz tarte batzuetan, baina gehiena Kanadan egin dut, meatzaritza sektorean, hain zuzen ere. Nire lanaren zati garrantzitsuena ISO araudien auditoretza eta sistemen kudeaketa izan da.

Nire kideen kasuan, Lucio Polcaro salmenta mundutik dator, baina programatzailea da berez, eta horregatik gure operazioen burua da, kontu tekniko-operazionalak eramaten dituena enpresan. Kepa Diaz gure salmenta burua, berriz, kalitatearen kudeaketan esperientzia nabarmena duen arren, salmenta eta marketing sailetaz arduratzen da, hori baita bere espezialitatea.

Nondik dator SyntaX proiektuaren ideia?

Orain “pibotatzea” esaten zaio egin dugunari, baina oinarrian iritzi aldaketa batetik dator. Guk NSS konsultoretza enpresa bezala planteatu genuen hasiera batetik, eta ia urte erdiz borrokatu genuen bezeroak lortu eta planteamendu hori aurrera atera ahal izateko, 2024ko urtarrilean konturatu ginen merkatua, konpetentzia eta gure profila ikusita, zerbitzuak saltzea baino hobe zela produktu propio bat garatzea. Horrela hasi ginen SyntaX garatzen.

image2
Hasieran aholkularitzari heldu bazioten ere, produktu propioaren sorrera ezinbestekotzat jo zuten azkenean eta hala sortu zen SintaX | Argazkia: utzitakoa

Zer da SyntaX?

SyntaX gure softwarea da, enpresentzat ISO estandarrak balio erantsia izateko helburuarekin jaiota. Kalitateari eta jasangarritasunari loturiko oinarrizko ziurtagiria da ISO. Gure plataformak enpresei laguntzen die prozesuen kudeaketan, dokumentuen kontrolean, lan fluxuetan eta, orokorrean, kudeaketa sistema eta nazioarteko araudia zein erregulazioen administrazioan.

Une honetan, denera, hamahiru pertsonek osatzen dugu lantaldea: sei programatzaile, bi diseinatzaile, finantza-abokatu lanetan eta zuzendaritza teknikoan langile bana, eta hiru kide fundatzaileak. Gainera, aholkularitza batzordean beste lau kide ditugu.

Zergatik SyntaX?

Sintaxia, esaldien egitura edo joskeraren hitza hartu genuen gure enpresaren bisioari aipu eginez. Izan ere, gure plataformak bilatzen duena baita enpresek inplementatuta dituzten kudeaketa sistemen balio erantsia helburu produktibo eta industrialei jostea. SyntaXen misioa da industria estandarrez haratago eramatea, eta bisioa, berriz, enpresa industrialen Gestio Sistema Integratuak balio erantsi bezala txertatzea.

Zerbait bitxia kontatzerik duzu proiektuari buruz?

Talde osoa LinkedIn bitartez ezagutu ginen. Niri geroz eta normalagoa egiten zaizkit halakoak, batez ere bizi garen mundu digitalizatu honetan. Egia da horrelako pauso bat sare sozial batetik ezagutu duzun pertsona birekin ematea ez dela normalena. Baina halaxe elkartu ginen argentinar bat, bizkaitar bat eta gipuzkoar ba. Txiste txar baten hasiera ematen zuenarekin, honaino heldu gara; ez da gutxi.

"BIC Gipuzkoako start-up azeleragiluran sartzea eskatu genuen urte hasieran, eta gure proiektuaren plana eta maketarekin berehala hasi ginen. Hortik gutxieneko produktu bideragarria sortzeraino hiru edo lau hilabeteko lana izan zen"

Zenbat denbora pasa da ideia zenutenetik hura abiatu arte?

Pibotatu genuenetik —2024ko urtarriletik— gutxi gorabehera uztaila edo abuztura arte. Alegia, sei bat hilabete. BIC Gipuzkoako start-up azeleragiluran sartzea eskatu genuen urte hasieran, eta gure proiektuaren plana eta maketarekin berehala hasi ginen. Hortik gutxieneko produktu bideragarria sortzeraino hiru edo lau hilabeteko lana izan zen.

Uztailean Ekintzaile programako komisioari proiektua aurkeztu genion, eta 30.000 euroko inbertsioa eman ziguten, lortu genezakeen kopuru handiena. Hurrengo hilean, abuztuaren hasieran lehenengo bezeroa itxi genuen 25.000 euroko proiektu batekin.

Zer garatu duzue azkeneko hilabeteetan?

Azkeneko hilabeteetan SyntaX 2.0 bertsioa lantzen ari gara, diseinua eta funtzionalitateaz gain, puntako-teknologien inplementazioa egiten. Zibersegurtasunaren aldetik, biometriaren bitartez, datuak kudeatu eta dokumentuak sinatzea ahalbidetzen du. Gainera, adimen artifiziala ere garatzen ari gara datuen analisia eta laguntza teknikoa emateko, eta, bestalde, Internet of Things (IoT), teknologia ere inplementatzen ari gara, produkzioa, energia-kontsumoa, kalitatea, logistika eta bestelako datuak API-en bitartez monitorizatu eta kudeatzaile klabeen zein zuzendaritza estrategikoaren erabaki-hartzea errazteko.

image0(5)
Fundatzaileak LinkedIn bitartez ezagutu zuten elkar. Egun 13 lagunek osatzen dute SyntaX | Argazkia: utzitakoa

Eta orain, zer puntutan zaudete?

Abenduan gure lehenengo inbertsio erronda kanpainari ekin berri diogu. Finantzazio bila gabiltza. Batez ere industrian edo softwarean esperientzia duten enpresa eta inbertsoreak bilatzen ditugu, esperientzia partekatu, ikusmirak zehaztu eta sinergiak aprobetxatzeko.

Nolakoa izatean ari da finantzazio erronda hori?

Komunikazioaren aldetik, oso bizia izaten ari da, sare sozialak, aldizkariak, banan-banakako bilerak, etab. Eta horren guztiaren gainetik, betiko lana egiten jarraitu behar da; ditugun proiektuak aurrera ateratzen jarraitzen dugu, eta berriak ixten.

"Inbertitutakoaz gain, ekintzaileok sarrera-hesi asko ditugu; enpresa-eratzea eta erregistro datuak, kudeaketarako aholkularitza, zergak eta tasak, besteak beste. Diru eta denbora asko eskatzen du"

Eta oro har, zer moduzkoa izaten ari da ekitea?

Egia esanda, denetik bizitzen ari gara, momentu oso onak eta ez hain onak. Sekula ez nuen imaginatuko enpresa batentzat diru sarrera eta irteerak kudeatzea hain kritikoa izango zenik. Baina alderdi positiboa nabarmendu nahiko nuke, batez ere horrelako proiektu batek ematen dizun askatasuna, ilusioa eta ikasten ari garena. Jende asko ezagutzen ari gara, gure eta beste sektore edo alorretako kontzeptuetan sakontzeko aukera ematen diguna. Ekitea hazkunde pertsonala eta profesionala uztartzeko aukera bezala ikusten dut.

Zer-nolako inbertsioa suposatzen du start-up bat sortzea eta izatea?

Oso aldakorra izan daiteke: merkatuak, industriak, sektoreak, lekuak… baldintzatzen du beti. Gure kasuan 150 eurorekin hasi genuen enpresa, eta, ondoren, 3.000 euroko kapital handiketa bat egin genuen, denbora, dedikazioa eta fakturatutako sarrerak inbertituta.

Inbertitutakoaz gain, ekintzaileok sarrera-hesi asko ditugu; enpresa-eratzea eta erregistro datuak, kudeaketarako aholkularitza, zergak eta tasak, besteak beste. Diru eta denbora asko eskatzen du. Beraz, hor garrantzitsua da inbertsio eta gastuen artean desberdintzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK