Lupa adimenduna, irakurtzeko zailtasunak dituztenei laguntzeko

Apurva San Juanek Impact Social Cup lehiaketa irabazi du Lup proiektuarekin. Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonak laguntzeko helburua du

Lupak unibertsitate proiektu bat du abiapuntu | Argazkia: utzitakoa Lupak unibertsitate proiektu bat du abiapuntu | Argazkia: utzitakoa

Demagun ikusmen apala, nekea, dislexia edo irakurketa zailtzen dizun desgaitasunen bat duzula. Agian zure kasu erreala ere bada, irakurle. Pentsa zer izan daitekeen jatetxe bateko karta irakurri ahal izatea, zer jartzen duen galdetzeko beharrik gabe, edo supermerkatura joatea eta prezioak irakurtzeko laguntzarik eskatu behar ez izatea. Horixe ahalbidetzen du, hain zuzen ere, Lupa adimenduna izeneko gailuak.

Proiektuaren helburu nagusia da ikusmen txikia duten eta irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei edozein testu idatzitan murgiltzea laguntzea, bizitza askoz errazagoa izan dadin. Izan ere, eguneroko irakurketa egin ezin duten pertsonak dira, eta teknologia ez da haien aliatua, beren baldintzekin erabiltzeak dakartzan zailtasunengatik. Bestela esanda, adinagatik edo ikusmen urritasunengatik ikusmena galdu duten pertsonei, edo dislexiagatik edo beste zirkunstantzia batzuengatik irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat tresna izan nahi du.

Lup proiektua egiteko ideia unibertsitatean sortu zen, graduko laugarren urtean

Apurva San Juanek, 25 urteko gazteiztarrak Lidergo, Ekintzailetza eta Berrikuntza ikasi zuen Mondragon Unibertsitatean. Betidanik gizarte arloko proiektuetan aritu da; izan ere, dioenez, bere ezagutzak erabili nahi ditu aurkitu dugun mundua pixka bat hobeto uzteko.

Lup proiektua egiteko ideia unibertsitatean sortu zen, graduko laugarren urtean. Adimen artifiziala merkatua irauliko zuen teknologia gisa aurkeztu ondoren, IA ezarriko zuen proiektu bat modu teorikoan garatzeko erronka planteatu zieten. Gauzak horrela, San Juan planteatzen hasi zen teknologia pertsonen zerbitzura jarri ahal izatea. Galdera hau zebilkion buruan: zer gertatuko litzateke itsuek ikusi ahal izango balute? Horrela hasi zen abentura.

Konplexutasunez beteriko garapena

Proiektua aurrera eramateko prozesua "luzea" eta "oso polita" izan da. Ekintzailetza prozesu orok bere gorabeherak izaten ditu, are gehiago produktu bat egingo dela erabakitzen denean. San Juanen arabera, garapena "konplexua" eta "aspergarria" izan dela adierazten du: “Jende askorekin aritu behar zara borrokan, baina produktua amaituta dagoenean poztasuna izugarria da”.

Apurva San Juan LUP proiektuaren sortzailea | Argazkia: Mondragon Unibersitatea
Apurva San Juan LUP proiektuaren sortzailea | Argazkia: Mondragon Unibersitatea

Lup garatu eta sortu ahal izateko, produktu baten garapen teknologikoa aurrera eramateko estrategia hutsetik ikasi behar izan dute. Funtzionaraztea zati bat baino ez da, hornitzaileekin hitz egiten ere ikasi behar baita, ekoizleak aurkitu erabiltzaileari egokitutako diseinu bat egin, etab. Beraz, esan bezala, prozesua ez da erraza izan, konplexutasunez beteta dago eta.

Apurva San Juan: “Hasieran diru asko gastatzen da, eta gero gora egitea kostatu egiten da, baina ekintzailetza proiektu guztietan bezala”

Alde ekonomikoari dagokionez, horrelako proiektu bat garatzeak finantzaketa handia eskatzen du. “Hasieran diru asko gastatzen da, eta gero gora egitea kostatu egiten da, baina ekintzailetza proiektu guztietan bezala”, dio. Ekintzaile gazteiztarrak adierazten duenez, dauden lekura iristea lortu dute Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako gobernuaren eta aurkeztu diren lehiaketa guztietan lorturiko dirulaguntzei esker.

Gaur egun, Lupa Euskal Herriko zein Espainiar estatuko edozein tokitan lor daiteke. Erreserbak haien webgunearen bidez egiten dira, eta haiek produktua bidaltzen diete erabiltzaileei. Halaber, lupak zentro optiko espezializatuetara eramaten saiatzen ari dira, baina bitartean, oraingoz, webgunearen bidez bakarrik eskuratu daitezke. Prezioa 600 eurokoa da, antzeko produktuek 2.000 euroko kostua duten bitartean balio dute.

Gaur egun, Lupa Euskal Herriko zein Espainiar estatuko edozein tokitan lor daiteke. Erreserbak haien webgunearen bidez egiten dira, eta haiek produktua bidaltzen diete erabiltzaileei. Prezioa 600 eurokoa da.

Kontuan izanda, gainera, ikusmeneko edozein produktuk, hala nola betaurrekoek, 1.000 euro inguru balio dutela, lupa prezio "oso lehiakorra" dela defendatzen du San Juanek. Eta harago joanda, horrelako produktu batek balio kalkulaezina duela erabiltzailearentzat; erabiltzaileari autonomia eskaintzen dion produktu bati buruz ari gara, bere bizimodua berreskuratzea eta askoz errazagoa izatea lortzen duena.

Saria, aitortza ekonomikoa baino gehiago

Lupek Impact Social Cup lehiaketa irabazi du, Madrilen burutzen den ekintzailetza txapelketa. Lehiaketak Espainiako ekintzaile onenak aurkitzeaz gain, sinergiak sortzen ditu herrialdeko enpresetako erreferente onenen artean. San Juanek, Eneko Calvo bazkidearekin batera, ekitaldi horretan egoteko beharra ikusi zuen. “Enpresaburua, ekintzailea edo ikasteko gogo handia duen pertsona bat bazara, ekitaldi horretan egon behar zara”, mahaigaineratu du.

Irabazteak ahalbidetzen du "diruarekin neurriezina den aitortza lortzea". Alegia, laguntza ekonomiko "ikaragarria" izanik, suposatzen du enpresa mailako proiektuak zentzua duela, eta egiten ari direnak merezi duela. “Izugarrizko poza sentitu nuen. Zorion estasia zen. Bat-batean burura etorri zitzaizkida prozesu guztiari loturiko irudiak, eta norbaitek nire barnean oihukatu zuen: lortu dugu!", kontatzen du San Juanek.

Momentu honetan, haien helburu nagusia da denbora batez produktuaren zain dagoen jendeari lupak ematea. Lupak egin ahal izateko dirua behar da, eta Impact Social Cupen irabazitakoarekin helburua lehenenbailehen lortu ahalko dute

Momentu honetan, haien helburu nagusia da denbora batez produktuaren zain dagoen jendeari lupak ematea. Lupak egin ahal izateko dirua behar da, eta Impact Social Cupen irabazitakoarekin helburua lehenenbailehen lortu ahalko dute.

Etorkizunari begira, epe laburreko helburuak dira erreserbatutako lupa guztiak entregatzea eta optikoekin akordioak ixtea. Eta epe luzera, irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsona guztiek haien produktuak eskuratu ahal izatea da, haien bizitza errazagoa izan dadin.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK