Afrikar erako coworking espazio gisa definitzen dute sortzaileek Koop SF34. San Frantzisko auzoko migratzaileen integrazio soziala sustatzeaz arduratzen dira, eta horretarako euren ideia berritzaileak gizarteratzeko plataforma bat jarri zuten martxan 2015ean. Georges Belinga da proiektuaren sortzaile eta zuzendaria, eta haren hitzetan, “afrikarrek lan munduan sartzeko zituzten zailtasunez eta ekintzaile izateko zuten gogoez jakitun sortutako elkartea da”. Era berean, jatorri desberdineko pertsonak elkartuko zituen plataforma sortu nahi zuten.
Euskal Herri osoan migratzaile gehien biltzen dituen auzoan jaiotako egitasmo honek, migratzaileen inguruko estigmatizazioaren aurka borrokatzen du. Irakaskuntzaz gain, ekintzailetzaren bidez, migratzaileak lan munduan barneratzea da proiektuaren helburua. Finean, pertsona migratzaile afrikarrek gizarteari askotariko ekarpenak egiteko gai direla frogatu nahi dute, eta horretarako hainbat arlotako proiektuak burutu dituzte. “Autoenpleguan eta ekintzailetzan oinarritutako proiektuak jorratzen ditugu”, azaldu du Belingak. “Migratzaileek egonkortasuna bilatzen dute, eta eurentzat ekintzailetza biziraute kontua da. Ez badute besteren konturako lanik aurkitzen, euren lan propioa sortu behar dute”.
Georges Belinga: “Migratzaileek egonkortasuna bilatzen dute, eta eurentzat ekintzailetza biziraute kontua da. Ez badute besteren konturako lanik aurkitzen, euren lan propioa sortu behar dute”
Ekintzaile izateaz aparte, Koop SF34n parte hartutako pertsona migratzaile ugarik beste zenbait enpresetara lan egiteko saltoa ematea lortu dute, proiektuak hirugarren enpresekin sareak sortzea ere jomugatzat izanik. Dena den, Belingaren arabera, eskaintzen den formazio guztia autoenplegura bideratuta dago.
%30ko langabezia duen auzoan
“Lurraldeari zerbait desberdina emango dioten proiektuak sustatzen ditugu. Ekimen sozioekonomikoak, betiere”, nabarmendu du fundatzaileak. Orain, Kamerunen da Belinga, Life Kontainer izeneko proiektu berri bat martxan jartzen. Euskal Herriko eta Afrikako enpresen arteko hartu-emana sustatu nahi duen ekimena da, eta kakaoaren esportazio zein inportazioa du oinarri.
Halaber, 2015etik burutu dituzte zenbait proiektu aipagarri. DiversiTours izeneko proiektuan, adibidez, San Frantzisko auzoko turismo lokal arduratsuaren alde egiten dute, eta Kamanga Influencers Clubaren bidez, auzoko gazteek sare sozialetan edukiak sortzeko espazio audiobisuala eskaintzen dute. Kirola, moda eta dantzaren inguruko ekimenak antolatzen dituzte, besteak beste, eta, orain, gastronomiari buruzko egitasmoren bat ere jarri nahi dute abian.
Koop SF34ko zenbait kide | Argazkia: Koop SF34
Harrobia Fundazioak utzitako espazioan burutzen dituzte aipatutako proiektuak. Gune desberdinetan banatuta dago espazioa. “200m2ko erabilera anitzeko areto bat dugu, jardueraren arabera aldatzen dena, eta bertan Yoga, boxeoa, eta Capoeira bezalako jarduerak, antzerkiak edo enpresentzako ekitaldiak ere egiten dira”, azpimarratu du Belingak. Beste bi espazio ere badituzte: bat joskintza eta moda tailerrak egiteko; bestea, berriz, lan-bulego partekatu bat da.
Publikoarengana iristeaz gain, proiektua zer den ondo erakusteari garrantzia eman nahi dio elkarteak
Auzoan proiektua ezagutaraztea ez da zaila izan zuzendariaren ustez, nahiz eta komunikazioa aldetik hobetzeko marjina dutela jakin. “%30ko langabezia duen auzo batean mikro enpresa haztegi bat irekitzean badakizu xede-taldea ondoan duzula”. Dena den, publikoarengana iristeaz gain, proiektua zer den ondo erakusteari garrantzia eman nahi dio elkarteak. “Jende askok gure aretoa ikusten du, eta ez daki zer den. Coworking espazio arrunt batean mahaiak eta ordenagailuak ikusiko dituzu. Gurean, berriz, batzuetan moda leku bat, beste batzuetan gimnasio bat eta bestetan hitzaldietarako areto bat dira”.
Afrika Euskal Herrira gerturatzea xede
Izenak hala dion arren, Koop SF34 ez da kooperatiba bat. “Jaio ginenean, gure nahia kooperatiba izatea zen, baina paperik gabeko jende ugari genuen, eta ez zituzten kooperatibista izateko baldintzak betetzen. Migrante izatean lan egiteak dakarren errealitatea da”, aitortu du Belingak. Dena den, kooperatiba mundua izan dute inspirazio proiektua aurrera ateratzeko.
Afrika eta Euskal herriaren arteko merkataritza sustatzea da elkarteak epe laburrera ezarri duen erronka, eta horretarako zenbait egitasmo sortu nahi dituzte. Hori gutxi balitz, 2023rako euskal enpresei zuzendutako foro bat antolatu nahi dute Afrikako lan mundua eta merkatua ezagutarazteko. “Afrikaren inguruko ideia oker asko dago Euskal Herrian. Merkatu interesgarria da, eta jendeak uste duena baino askoz gertuago daukagu. Garapenerako lankidetzan eta asistentzialismoan erortzen gara, eta kontinenteak ematen dizkigun aukeraz ez gara jabetzen”, aldarrikatu du fundatzaileak.
Georges Belinga: “Afrikaren inguruko ideia oker asko daude Euskal Herrian. Merkatu interesgarria da, eta jendeak uste duena baino askoz gertuago daukagu
Bestalde, coworking espazio afrikar honen beste helburuetako bat da San Frantzisko egin dutena Euskal Herriko beste zenbait udalerritan errepikatzea. Irun, Barakaldo, Gasteiz edo Eibar aipatzen ditu Belingak. “Kasuistika antzeko duten herriak dira, migratzaileen presentzia handia dagoena. Bertako zenbait Formakuntza Profesionaleko eskolekin jarri gara harremanetan proiektu berriak aurrera ateratzeko”.