
MOA Foodtech start-up-ak 14,8 milioi euroko inbertsioa jasoko du Europako Batzordearen eskutik. 2020an sortutako konpainia nafarra elikakura industriako hondakin eta produktuak berrerabiltzeaz arduratzen da bioteknologia eta adimen artifizialaren bidez. Susana Sanchez, Jose Maria Elorza eta Bosco Emparanza dira start-up-aren sortzaileak eta euren soluzio berritzaileen bitartez ingurumen-inpaktua murriztu nahi dute.
EIC European Innovation Council erakundeak beste 70 enpresekin batera hautatu du Noaingo enpresa. 14,8 milioi euroak dirulaguntza eta kapital inbertsio bidez jasoko ditu, eta Non-GMO Directed Fermentation izeneko proiektua garatzera bideratuko dira. Proiektu honen helburua da biomasaren hartzidura hobetzeko plataforma bat eratzea, adimen artifizialaren bidez, elikadura sektorean osagai jasangarriak egiteko.
Lehenik eta behin, 2,3 milioi euroko diru-sarrera zuzena jasoko du konpainiak, eta bigarren fase batean, 12,5 milioi euroko inbertsioa jasotzeko konpromisoa adostu dute.
Bosco Emparanza zuzendariak azaldu du, "osagaien ekoizpena irauli nahi duela MOAk”, eta Europako Batzordeak teknologiaren alde egindako apustu eta konfiantzaren erakusle" dela enpresa hautatu izana. "Finantzaketa horri esker, gure plataforman eta osagai berrien garapenean inbertsioa bultzatuko dugu", amaitu du.
Bestalde, EICk nabarmendu du “inoizko deialdirik lehiatuena” izan dela aurtengoa. Guztira, 1.211 start-up aurkeztu ziren programara, eta horietatik 431k aurkeztu ahal izan zuten euren proiektua. 71 start-up aukeratu dituzte eta horietako bat da MOA Foodtech.